Irakasle jauna, hiru urte igaro dira txostena entregatu zenuenetik, eta oraindik idazkunei buruzko ezer argitaratu ez duzunez, zenbait gauza esatera natorkizu gutun honen bidez. Ahalik eta ulerterrazen idazten saiatuko naiz, edozeinentzako moduan.
Grafitoei buruzko zure txostena, Batzorde Zientifiko Laguntzailearen beste bederatzirekin batera, oinarri gisa erabili zen 444/2008 Foru Agindua idazteko; eta zera dio agindu horrek: [grafito horiek] beren edukiarengatik, unanimitate zientifikoz, ezin dira sekula benetakotzat hartu.
Nahiz eta zure txostenaren ondorioak kate-maila garrantzitsuak izan behar zuten faltsutasunaren frogantzan, deigarria egiten da faltsutasun hitza ez dela inon agertzen. Are gehiago, 2008ko azaroaren 19an Arabako Batzar Nagusien aurrean egin zenuen agerraldian, Iñaki Aldekoa batzarkideak galdera zehatza egin zizun: ba al da ezer, analisi kimikoaren argira, argi eta garbi frogatzen duenik ostrakak manipulatu egin direla? Baina zuk ez zenion galderari erantzun garbirik eman, eta zure ondorioetako bat errepikatzera mugatu zinen anbiguotasunez gainezka, onartu gabe zuk uste baino gai konplikatuago bati egin behar izan zeniola aurre, eta erabilitako metodologia ez zela izan egokiena:
Grafitoei dagokienez, konstatatu dugu ez dagoela erantzun espektroskopikorik eraldatu gabeko gainazalaren eta aztertutako ildo gehienen artean. Gainera, ildo batzuek lurrez beteta daude eta hor ezin daiteke inoiz jarraikortasunik egon. Beste kasu batzuetan, gutxiagotan, aurkitu dugu jarraikortasuna piezen gainazalarekiko erantzun espektralean. Aldiz, esmaltea berez askatu den kasu gehienetan (kolpeak, ontzi fondoak, eta abar.) nabaritzen da jarraikortasuna erantzun espektralean, eraldatu gabeko gainazalaren eta esmaltea berez askatutako guneen artean.
Ondorio horiek ez dira zure behaketen laburpena besterik, eta irakurlea zer pentsa ez dakiela uzten dute. Askoz ere ondorio zehatzagoa espero zen zuregandik, grafitoak faltsuak ziren ala ez galdetu baitzizuten; nolanahi ere, garbi esan gabe, faltsuak zirela iradoki zenuen.
Harrigarria da zure ikerketan «zuririk» ez egin izana; hau da, ez zenuen metodo berberaz aztertu euskarri arkeologiko baten gainean laborategian orain egindako inskripziorik, konparatu ahal izateko.
Orduan jabetuko zinen ildo egin berrietan ez dela egoten mineralizaziorik; zuk, ostera, pieza batzuetan kaltzio karbonatoa aurkitu zenuen, eta kasu batean hidroxi-apatita (31. o.). Humusa ere detektatu zenuen pieza batean (35. o.).
Konturatu zinen Iruñako piezak erdizka bakarrik zeudela garbituta (horrek patinen eta geruzen analisia erraztuko du etorkizunean), eta behatutako puntu askotan material metaketak zeudela (lurra karbonatoekin), eta horrek, bistan denez, alferrikako bihurtzen duela patinaren jarraikortasunari buruzko edozein azterketa, patina, egotekotan, itsatsitako materialen azpian egoten delako, estalita, alegia. Harrigarria bada ere, zuri berdin izan zitzaizun patina garbia ala zikina egon, edo itsatsitako materialez estalita, besterik gabe, ezinbestekoa baldintza, bistan denez, edozein ebaluaketa egin ahal izateko.
Patinaren jarraikortasunik ez dagoela diozun kasu askotan, ildo askoren gainean gai organikoa aurkitu duzulako da. Baina zuk jakin behar zenuen logika hutsez zein zen osagai organiko misteriotsu hori: humusa, lurra, alegia (35. o.). Eta horrela bada, zure esanek hutsaren hurrengo garrantzia lukete faltsutasuna frogatzeko.
Gainera, patinaren jarraikortasuna ikertzea ez da hain zaila; aski da koloreari erreparatzea; eta giza begiaz ere, besterik gabe, bereiz daiteke ederki asko. Nahikoa da material zahar batean («zuria») marra bat egitea jabetzeko ildo egin berriak kontrastea egiten duela gainazalarekin; eta kontraste hori ez da ageri Iruñako pieza askotan.
Patina horiek, eta batez ere ildoetan ageri den karbonatoak, iradokitzen dute inskripziodun piezak luzaroan egon direla lur azpian osatu ahal izateko.
Hori dela eta, jendearen eta justiziaren aurrean garbi esan beharko zenuke zure txostena ez dela erabakigarria, eta ikerketa espezializatu bat jarri behar dela abian, helburu zehatzekin eta ez orokorrekin, erabakigarria izateko. Onartu egin beharko zenuke zu eta zure ikerketa taldea ez zaretela espezialista gai honetan. Zuk ez zenuen inolako esperientziarik aztarnategiko euskarrien materialetan (zeramika, adreilua, hezurra), eta ezta beste ebidentzia arkeologikoetan ere: ildoen gaineko material metaketetan, arkeologian erabiltzen diren datatzeko metodoetan, edo patinetan. Hori erakusten du 2010eko martxoko zure curriculum vitaek, zeinetan soilik agertzen diren eraikuntza historikoetako harrien kontserbazioari lotutako ikerketak, pigmentuei edo paper margotuei buruzkoak eta Raman espektrometria arkeologian eta artean nola aplikatu esaten dutenak.
Juan Manuel Madariaga EHUko irakasleari gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu