Zer ikusi dauka Kantek txinpantzearekin? Estetika eta morala biologian oinarritzen ote dira? Gaizkiaren eta ongiaren ideia naturan bertan bilatu behar al da? Bestela esanda, zer gara gu: filosofoak ala tximinoak?
Horrelako galderei erantzuten ahalegindu da Georges Chapouthier biologo eta filosofo frantziarra bere Kant eta txinpantzea (Proteus, 2011) saio lan mamitsuan. Animalien defendatzaile sutsua ez ezik, entzute aitortua duen espezialista da neurobiologian.
Gai honetan ere bitan banatzen dira jarrerak. Gizakiaren eta animaliaren artean diferentziarik ez dagoela diote alde batekoek. Abereek badute estetikaren sena. Badute kultura… Animaliek, hortaz, ahaidetasun ukaezina dute gurekin. Are gehiago, zenbaitek fisikoki ere gure antza dute. Animalia izaki sentibera da: sufritu egiten du guk bezalaxe. Hitz batean, ez gara ezertan abereak baino garaiagoak.
Gu eta gure lehengusu tximinoen artean igaro ezinezko muga dagoela uste dute beste aldekoek. Are gehiago, errotiko haustura omen dago eboluzioaren bilakaeran. Gu «bestelakoak» gara. Natura eta kultura elkarren aurkakoak dira. Gu bakarrik gara estetika eta moralerako gai. Kultura, zehazki hitz eginez, gizakienada soil-soilik. Segidarik ez, hortaz, aberetasunetik gizatasunera.
Liburuaren egilea muturreko bi jarrera horien erdian dago. Animaliek tresnak erabiltzen dituzte. Arauak ezagutzen dituzte (intzestuaren tabua) eta protomoral bat ere badute (kumeen eta gaztetxoen babesa). Badute ingurunearen kontzientzia, baita zenbaitzuek fenomenoen kontzientzia ere (ispiluaren testa). Jakina, Homo Sapiens delakoak leku berezia du bizidunen artean, baina lotura estuak ditu gainerako animaliekin. Ez gara horren desberdinak. Kultura naturaren jarraipena da.
Gu, gizakiok, eboluzio luze baten ondorena gara. Eboluzio mineral eta kosmikoa lehenik, biologiko eta lurtarra gero. Bilakaera horrek, ezinbestean, arrasto sakona utzi du gure izaeran. Ez gara abere hutsak, ezta espiritu hutsak ere. Tximino filosofoak gara. Abere adimendunak. Pascalek esan zuen moduan, «gizakia ez da ez aingerua eta ez animalia». Bien arteko « abere zerutiarra» baizik (Mirandola). Gizon-emakumea bi izaeraren arteko zubia dela dio G. Chapouthierrek.
Darwinen eboluzioaren teoriaz gero, gizatasunaren eta aberetasunaren arteko haustura zalantzan jarri da. Eboluzioaren teoriak senidetu egin gaitu guztiok, landareak, animaliak zein gizakiak. Gainerako animalia eta izaki bizidunekin parekatu gaitu. Eboluzioaren ikuspegitik, izaki bizidun guztiok gara antzekoak (gure eta txinpantzeen geneen 98% inguru komunak dira). Beste arlo batzuetan, ordea, sakonki bereizten gara.
Non dago, hortaz, gizakiaren berezitasuna? Zertan datza haren egiazko propiotasuna? Bi ezaugarri aipatzen ditu G. Chapouthierrek. Hizkuntza, lehen-lehenik. «Abere hiztuna» izatea da gizakiaren ezaugarririk berezien eta propioena. Hizkuntzak egiten gaitu gizaki (Chomsky). Eta morala, bestetik. Arauak formulatzeko ahalmena da gizakiaren bigarren ezaugarri berezia. Abereek ez dute etikarik, ez baitute askatasunik («animaliak ez dira filosofo moralak»).
Aurreko mendean genetika garrantzitsu bihurtu zen bezala, orain neurozientzia gailendu zaigu. Iraultza kognitiboak, hainbat zientziaren laguntzaz, giza adimenaren funtzionamendua argitu digu. Dena burmuinean dago, hizkuntza eta ezagutza, emozioak eta sentimenduak. Burmuinari esker, hizkuntzadunak eta moraldunak gara.
Moraltasunak oinarri biologikoa ote du, hortaz? Hitz egiteko gaitasuna jaiotzez dugun bezala, badugu moralki aritzeko gaitasuna ere. Lege morala gutariko bakoitzaren baitan dagoela esan zuen Kantek. Gizaki guztiek badute halako egitura moral komun bat, baina neurozientziak ez digu eduki konkreturik eskaintzen. Nahiz eta pentsamenduek oinarri neuronalak izan, kulturak moldatzen du burmuina kontzeptualki.
Etika ez dago biologian oinarritzerik (R. Dawkins). Geneak ez dira arau moralen sorburu. Gizakiak badu askatasun tarte bat (tximuek ez dutena). Giza espeziea apartekoa da horretan: «kultura» da gizakiaren ezaugarri nagusia. Gizakia da «animalia etiko» bakarra. Aberetasunaren eta gizatasunaren artean jarraitasun biologikoa dago, baina kulturak nolabaiteko diskontinuitate historikoa markatzen du.
Kulturari esker hobera egin dugu. Kant handiak uste zuen bezala, eta Steven Pinker psikologo eta hizkuntzalariak bere azkeneko liburuan berretsi duenez, gizateria hobetuz doa. Gezurra badirudi ere, gizakia bakezaleagoa da orain, eta mundua baketsuagoa. Lehen askoz ere okerrago zela frogatzen omen dute datuek. Basakeria ez da desagertu, baina askoz sentiberago gara harekiko.
Giza izaerari buruzko Kanten iritzia nahiko ezkorra zen. Ezaguna da haren pesimismo antropologikoa. Gizakia berez gaizto samarra delakoan zegoen: «gizakia egina dagoen enbor okerretik ezin da gauza erabat zuzenik eraiki», adierazi zuen. Naturaren egoera gerra egoera da gehienbat. Katastrofe eta tragedia gehiegi dago munduan.
Kant, halere, optimista zen funtsean gizadiaren aurrerabideari buruz. Historiaren ibilbide nahasian «naturaren asmoren bat» aurkitu uste zuen berak. Zuzenbidean ezarri zuen etorkizun hobearen esperantza. Gizartearen aurrerapena zuzenbidearen bidez gertatzen da batik bat (Giza Eskubideak dira horren adierazle). Kant ez zebilen oker.
Naturaren eta kulturaren seme-alabak gara. Guztiok gara aldi berean Kant eta txinpantzea. Alde batera eta bestera zanbuluka ibili ohi gara. Filosofo handiarengandik hurbilago gaude batzuetan, eta tximinoarengandik, beste batzuetan.
Kant eta txinpantzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu