Katalana izan nahi nuke

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Patuaren kointzidentzia batengatik Katalunian hiru aste pasatzen ari nintzen, Diadaren manifestazio erraldoia antolatu zutenean. Asko mintzatu da kontzentrazio handi horretaz, eta ez naiz ni hemen azpimarratzen hasiko bere arrakastak egun historiko bihurtu zuela 2012ko irailaren 11. Baita inflexio-puntua ere, hemendik aurrera gauzak ez baitira inondik inora berdin izango Katalunian, bere askapen prozesuan jauzi ikaragarria eman berri baitu.

Giro berezia sumatzen nuen Kataluniako kale eta txokoetan, Diadaren bezperan. Hala ere, gehien harritu ninduena bertako klase politikoaren abertzaletasuna izan zen, Kataluniako eskubide nazionalak tinko defendatzera dei zuzena egin zuena. Badakit politikoki ez dela zuzena konparaketen tentazioan erortzea, bi errealitate nazional ezberdinak direlako hangoa eta hemengoa, baina zer nahi duzue esatea: Bartzelonako giroak liluratuta utzi ninduen, eta euskaldun gisa mirespena eta inbidia puntu bat ere besterik ezin nuen sentitu katalanekiko.

Gasteizko parlamenturako hauteskundeak izango dira aurki, eta EAEko alderdi politikoak hasi dira hemen motorrak berotzen. Pentsa zitekeen une egokia dela gure arazo nazionalaz hitz egiteko eta proposamen abertzaleak plazaratzeko burujabetasunaren bidean aurrera egiteko. Aurreko hauteskunde giroan Ibarretxe plana dela eta, behintzat, nazio gisa ditugun eskubideez eztabaidatzen zen. Gaur egun, aldiz, eztabaidaren muina beste gai batzuek hartu dute (krisia, bakegintza…), ulergarria dena alderdi espainolen ikuspuntupean, baina guztiz kezkagarria beren burua abertzaletzat jotzen duten alderdien aldetik.

Bitxia bada ere, hemen independentziaz gehien hitz egiten dutenak ez dira alderdi abertzaleak, PSE eta, batez ere, Basagoitiren PP baizik. Independentziaren afera alderdi espainolistek besterik ez dute planteatzen, datozen hauteskundeetan haien hautesleengan beldurraren mamua astintzeko. Baina buruzagi abertzaleen ahotik ez dugu oraindik hitz debekatua entzun: independentzia. Kataluniako gatazka hasi denean adierazpen labur batzuk egin dituzte, egoerak behartuta eta gogo handirik gabe. Baina Kataluniaren aldean hemen burujabetasunaren eztabaida ez da inondik inora izan datozen hauteskundeen gai nagusia.

Horren haritik aitortu behar dut orain arteko diskurtsoan ezker abertzalearen hautagaiak guztiz huts egin didala. Krisiaz, bakegintzaz, ekologismoaz, feminismoaz, justizia sozialaz… luze eta zabal hitz egin du, burujabetzaren afera ahantzita. Bere diskurtsoaren mamia ezkerraren balioetan oinarritu du, baina Laura Mintegi entzun edo Izquierda Unidaren edozein bozeramaile entzun, antzeko gauza. Ahaztu al zaie ezkerreko independentistak direla?

Abertzaleok kezkatzeko arrazoi ugari dugu, nabarmena gure klase politikoaren inkonpetentzia izanik. Hots, Euskal Herriko klase politikoak ez duela inongo estrategiarik askapen nazionala burutzeko. Eskoziarrek beren ibilbide-orri argiari jarraitzen diote, erreferendum erabakigarri batekin (2014. urtean) bukatuko duena. Katalanak konplexurik gabe Espainiatik alde egitea aztertzen ari dira eta beren lehendakariak kataluniar estatuaren beharraz hitz egiten du. Eta hemen zer? EAJk independentista dela berresten du, baina hori epe luzeko kontua dela azpimarratuz (100 urte baino gehiago pasatu direnean Sabino Arana hil zenetik). Eta ezker abertzaleak intentsitate abertzale gutxiko profila erakusten du, nonbait ezkerreko alderdi espainolen (PSE, Ezker Batua…) botoen bila ibiliz, edo, okerragoa dena, hauteskundeen osteko gobernu-akordio bat bilatuz Baskongadetako PSOErekin, jakinda hauteskundeak irabazita ere ezin izango duela bakarrik gobernatu.

Beraz, lasai asko egon daitezke Espainiako alderdi unionistak, Euskal Herria oso urruti baitago bere nazio-askapenetik. Independentziaren mamua astintzeak hauteskundeetan milaka boto emango dizkie, baina ez dut uste —gure alderdi abertzaleen utzikeria ikusita— beraiek ere funtsean mamu horretan sinesten dutenik. Penagarria.

Datu esanguratsu bat bukatzeko. Katalanen lehendakariak —Artur Masek— Madrilen argi eta ozenki Kataluniak berezko Estatua behar duela esaten zuen egun berean (irailaren 13an), gure alderdi «abertzaleek» haien lehentasunak plazaratzen zituzten hauteskundeen atarian: ekonomia indartu (EAJk) eta kudeaketa estilo berria (EH Bilduk). Independentziaren bidean ezta urrats ñimiño bat ere. Samingarria. Katalana izan nahi nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.