Euskal presoak

Kepa, burkide eta lagun maitea

Kepa del Hoyo euskal presoa Badajozko espetxean hil zen, uztailaren hondarrean, bihotzekoak jota. Harekin preso zeuden zei euskal presoen iritzi artikulua da hau.

Badajozko espetxeko euskal presoak
2017ko abuztuaren 24a
14:19
Entzun

Keparen heriotza gertatu zenetik denbora bat igaro denean, bere espetxealdiaren azken txanpa berarekin pasa genuen kideak, gure sentipenak pareta hauetatik kanpora atera nahi ditugu gutun honen bidez.

Espainiako espetxe idazkaritzatik gaixorik dauden presoak hiltzera sententziatuta daudenean bi hilabete lehenago askatzeaz hitz egiten duten bitartean, gertaera latz honek heriotzak ez duela egutegiez ulertzen garbi utzi du, eta presoen kaleratzearen aldeko borroka inoiz baino garrantzitsuagoa dela gogorarazten digu Euskal Herritar guztioi. Kepa izan dadila askatasuna bertopatu gabe hildako azkena, eta inork ez dezala Keparen senideek sufritu duten galera berriro bizi behar izan.

Kepak bere bizitzako azken 20 urteak preso igaro zituen, eta horietako 15 Badajozeko espetxe zahar eta txiki honetan. Edozein espetxetan denbora apur bat daramazuenean, baldintzak direnak direla ere, espetxea errepikakorra eta txikia geratzen zaizula sentitzen hasten zara. Bada, Kepa sentsazio hori lehen aldiz izaten hasi zenetik urteak eta urteak igaro dira. Sarri aipatzen zuen Badajozeko edo Extremadurako familia osoak ezagutu izan zituela espetxe honetan, garai ezberdinetan hemendik pasatzen joan ziren aitona, aita eta semeak. Espetxe honetako hamaika istorio zekizkien.

Ordea, gainerakoen istorioak jakin beharrik ez, bera ere gehiegitan izan zen espetxe honetako istorioen protagonista. Anekdota atsegin ugari utzi dizkigu, baina era berean, urteetan zehar kartzela eta kartzelariekin tentsio une ugari bizitzea tokatu zitzaion. Aipatzekoa da gure senideen aurkako miaketak ezarri zirenean haien aurka —beste espetxe askotan bezala— espetxe honetan burutu zen borrokaldi luzea, zeinetan denbora asko pasa zen senitartekoekin ikustaldiak berriro egitea posible izan zen arte. Gogoan ditugu era berean berarekin bat isolamenduan bukatu genuen azken aldiak, edo tentsio une puntualetan kartzelariekin izandako liskarrak. Bere heriotzaren balantzea egiterako orduan ezin dugu ekidin gure begirada 15 urtetan zehar Kepak espetxe honetan bizi izan zituen une gogorrenetan pausatzea.

Baina Kepa hori baino gehiago da, eta berarekin patioa elkarbanatu dugunak nahiago dugu etorkizunerako gordeko ditugun oroitzapenetan tentsiorik ez zegoeneko une onetan zentratzea. Soilik noizbait preso egon denak daki zurekin dagoen kideak egiten dizun ekarpenaren tamainaz. Edukitako elkarrizketen balioa, pasatako une onak eta laguntasun sentimenduak. Keparen ausentzian geratzen zaigun hutsunea erraldoia da.

Bere heriotzaren ostean, buruak berarekin izandako azken bizipen eta elkarrizketak berreskuratzera jotzen du. Bereziak izan ziren azken bost egunak. Izandako krisialdi baten ondorioz mimo bereziz zaintzeari ekin genion, bere itzala bilakatu ginen, berari gehiegizkoa ere iruditzen zitzaion arreta eskainiaz. Bost egun horietan izugarri hitz egin zuen bere bizitzari buruz, entzundako guztiak orain testamendu itxura hartu duelarik.

Sakon sakonean sentitzen zuen bikote eta semearekiko maitasuna. Honetaz hitz egiteak malkoak eta irriak eragin zizkion, baina ez zuen ezer ezkutatu, bihotzetik ari baitzen.

Bizitzako une ezberdinak gogoratuz goraipatu zuen haiek eman zioten guztia.

Maitasunaz bezala borrokaz ere hitz egin zuen. Espetxean 20 urte eraman eta gazte gaztetatik militantea izan denak, bista atzera botatzen duenean gauza asko ditu errepasatzeko. Gauza gogor asko bizitzea tokatu zitzaion, eta guztiaren ostean, Euskal Herri aske batekiko sentitzen zuen konpromezua lehen egunean bezain indartsu erakusten zuen harrotasunez.

Baina azken bost egun horiek bere testamendua baino zerbait gehiago ere izan ziren, bizitako guztiaz bezala etorkizunaz ere hitz egin bait zigun. Bizi nahi zuen. Beste behin ere bikote eta semearen ondoan kokatzen zuen bere burua, eta espetxealdia bukatzerakoan hirurek nolako bizimodua izango zuten kontatzen zigun. “Asko eman didate” zioen, “gero nik eman behar diet”. Era berean, espetxealdi luze baten ostean, irteterakoan bere ekarpen politikoa egiten jarraitzeko bilatu beharko zituen moduei buruz hausnartzen zuen.

Bizi nahi zuen, baina ezin izan du. Ezin izan du espetxe politikak presoengan eragiten duen presio guztia bukaera arte jasan. Ezin izan du hainbeste borrokatutako Euskal Herri askea ikusi. Gainerakoei dagokigu gure borroka indarrari Kepak utzi digun borroka indarra eta duintasuna gehitzea, bere semearekin batera egi bihurtzen ikus dezagun aitak amestu zuen Euskal Herri askea.

Kepa, ez zaitugu ahaztuko! Maite zaitugu! Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

Mikel Orbegozo, Igor Gonzalez, Andoni Ugalde, Asier Garcia, Gorka Fraile eta Iñaki Igerategi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.