Jakina da. Kirolak egunkarietako orri asko hartzen ditu. Irratiak ere minutu asko eskaintzen dizkio. Telebistak, zer esanik ez. Orriak, hitzak, irudiak zenbatuz gero, ondorioa argi dago: kirolak boterea, jendea eta emozioak mugitzen ditu. Horregatik, agian aldarrikapen estrategia ere bihurtu da.
Gabonetan murgilduta, abenduaren 29ko BERRIA irekitzera noa. Orri batzuk pasata, Koloreez haratago, sentimendua izenburua duen kronikarekin egin dut topo. Aurreko egunean San Mamesen Euskal Selekzioak eta Tunisiakoak jokatutako partidari egiten dio erreferentzia testuak. Athleticen futbol zelaiaren inguruan gertatutakoaren gainean bi irakurketa egiten ditu egun horretako prentsak: materiala eta sentimentala. Arlo materialak emaitzan eta jokalariengan arreta jartzera eramaten gaitu; arlo sentimentalak, aldiz, federazio propio baten alde egindako aldarrikapenean. Partida jokatu zen egun hartan 40.000 pertsona inguru bildu ziren 11 jokalari eta aldarrikapen baten bueltan.
Ez da lehenengo aldia kirola (edo ekintza fisikoa) eta aldarrikapenak batera doazela Euskal Herrian. Are gehiago, egun pentsa daiteke hori ere euskal kulturaren oinarrizko ezaugarri bilakatu dela. Adibide asko daude. Bat aipatuko dut: Korrika. Esan daiteke ekitaldi horren inguruan burututako saiakera antropologikoak Korrika. Rituales de la lengua en el espacio (1988) kezka berri bat ekarri zuela euskal antropologia garaikidera. Lan horretan, Teresa del Vallek jarduera fisiko zehatz batean jartzen du arreta, eta horrek Euskal Herriarekin eta euskararekin dituen lotura emozionalak azaleratzen ditu.
Urte batzuk beranduago, Carmen Diezek Gipuzkoako futbolaren egituraren inguruan egindako ikerketaren emaitzak plazaratu zituen. Lan horrek beste zedarri bat ezarri zuen jarduera fisikoak gure gizartean duen protagonismoa ulertzeko garaian; izan ere, kirola—dio Diezek— gizartea ezagutzeko giltza litzateke. Nola ulertu kirola eta gizartearen arteko lotura estu hau? Diezek berak argi azaltzen du: gaur egungo kirol sistema gizarte industrialarekin batera sortzen da, sistema kapitalistaren eskutik, Ingalaterran, XVIII. mendearen bukaeran. Hortik aurrera, XIX. eta XX. mendearen hasieran sistema hori eta bere praktikak Europan eta Estatu Batuetan zabaldu ziren. Egun, mundu guztira hedatu da, globalizazio industrial eta ekonomikoarekin batera. Horren ideologiaz eta pentsamenduaz elikatzen da, eta orduko gizarte antolaketarekin bat egiten du, egituratzeko modu zehatza garatuz: klubak eta federazioak. Horrekin batera, kirolaren inguruko diskurtsoek balio jakin batzuk azpimarratzen dituzte: zibilizazioa, aurrerapena, lana, ahalmenen eskuratzea, berdintasuna, justizia eta garaipena. Balio horiek munduan egoteko modu bat planteatzen dute, modu aktiboa, parte hartzailea, beti hobetzeari begira, gaitasunak bereganatzen laguntzen duena, berdintasunean oinarrituta, garaipen pertsonala zein kolektiboa helburu duena.
Positiboki balora daitekeen kirol sistema berri honek badu ordea gutxienezhutsune nabarmen bat: gizonezkoentzat bakarrik pentsatua izan zela. Emakumeak kanpo geratzen ziren, bai praktikatik bai ikuskizunetik. Hutsune honen «inertziak» indartsu dirau, eta egun «boterea-jendea-emozioak» osatzen duten hirukitik kanpo ikusten ditut emakumeak, baita euskal emakumeak ere. Badira noski kirola egiten duten emakumeak, egunero ikusten ditugu gure kiroldegietan edota kaleetan. Badira emakume batzuk kirol gailurrera iritsi direnak, gutxi, baina hor daude. Halere, azken urteotan egindako ikerlanek argi erakusten dute kirol praktikari dagokionez neska eta mutilen arteko distantzia oso nabarmena dela. Abenduan bertan Joxan Unsain soinketa irakasle eta antropologoak bere doktore tesia aurkeztu zuen. Gaia hauxe izan zen: 12-16 urte bitarteko nerabeen kirol-jarduera fisikoa Lasarte-Orian. Herri zehatz bateko datuak agertzen dira lan horretan, baina adierazgarriak eta alderagarriak beste testuinguru batzuetan ematen direnekin. Ikertutako nerabeen artean kirola egiten duten neskak, mutilekin konparatuta, zertxobait gutxiago dira, baina, datu horretaz gain, beste bat nabarmendu behar da: neskek eta mutilek kirolari eskaintzen dioten denbora. Dedikazio oso diferentea dute asteko: neskek, 3 ordu eta 21 minutu; mutilek, 6 ordu eta 11 minutu.
Kirol gutxiago egiteaz gain, neska gazteek kirola egiteari lehenago uzten diotela nabarmendu dute beste ikerlan batzuek. Adinez aurrera egitean batzuk bueltatuko dira kirol praktiketara, baina jarduera fisikoekin sortuko diren loturak beste era batekoak izango dira. Ziurrenik gehienetan osasunarekin edo ongizatearekin lotutako harremana izango da. Helburu horiek, noski, oso positiboak izan daitezke, baina kirolak eskaintzen dituen bestelako onurak bidean geratuko dira: espazio publikoaren okupazioa, ikusgaitasunalortzeko aukera; olgetarako aukera; gorputza hobeto ezagutzeko eta gorputzarekin gozatzeko aukera; elkarte sareetan eta, oro har, gizarte sareetan parte hartzeko parada; beste kideekin harremanak garatzeko estrategiak ikasteko aukera, eta, oro har, bizitzarako prestakuntza zabalagoa izateko aukera.
Pentsa dezakegu gero eta emakume gehiago ikusten direla kirol ikuskizunetan (futbolean esate baterako). Sistemak, nonbait, asmatu du toki bat eskaintzen emakumeei, ikusle gisa, emozioak elikatzen. Baina, egun, jarraitzen dute —gurean ere— kirolak eta jokoek eskuratutako botere gune horietatik kanpo. Aldarrikapenetan tinko, baina aldarrikapenen erdigunetik at.
Kirola eta aldarrikapenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu