Kiroltasunez jokatzea. Zuzen jokatzea da lehiakideei eskatu behar zaiena. Normala da
kiroltasun jarrera eta portaera eskatzea, arauak berberak direnean, arbitrajearen arauak alderdi guztiek onartzen dituztenean, arbitroaren inpartzialtasunaz zalantza izpirik ez dagoenean.
Baina zaila da, oso zaila ere, kiroltasunez onartzea arbitraje bat eta beronen ondorioak, ebidentziek behin eta berriro agerian uzten dutenean jokatzen ari garen liga, derrigorrean jokatu behar duguna, liga zikina, akatsez betea dela. Izan ere, liga horren arauak ez dira berberak denontzat.
1936. urtean jokatzen hasi ginen liga gogor honetan, beti irabazi dute batzuek gaur arte. Beti berdin, betikoek, hilketa frankisten erantzuleek irabazi dute. Eta, ondorioz, beti galdu dugu beste batzuk: Estatuko Terrorismoaren biktimok galtzaile, beti berdin. Nola liteke hau? 1978. urteraino instituzio frankistek babestutako Mugimenduaren legeak ezarri zituztelako. Eta 1978. urtetik aurrera, hilketa frankisten erantzuleak amnistiatu eta Espainia ustezko Eskubidezko Estatu Sozial eta Demokratiko batean eraiki ondoren, legeak ustezko demokratek ezarri dituztelako. Gezurrezko demokrata horiek esan dute behin baino gehiagotan, Espainiako Konstituzioari esker denok adiskidetu garela, iragana ahaztu behar dugula, gorrotorik ez izateko, mendeku bila ez ibiltzeko. Bide bazterretako hobietan abandonaturik dauden biktimei eta beroien ahaideei esan diezaietela! Geuri esan diezagutela aurpegira! Geuri, bai! Guri, jokoaren arautegia ondo ezagutzen zuen arbitro frankista batek, bere nagusien konplizitate eta babesak lagun, txartel gorri zuzena erakutsi zigun. Txartel gorri zuzena, inolako arau-hauste eta probokaziorik gabe. Horrela kanporatu zuten geure anaia ligatik,bizitzaren ligatik. Eta, hala ere, kiroltasunez jokatzeko eskatzen digute!
Horrela, bada, urte horietan guztietan, Frankismoaren biktima gehienak zuzentasunez eta zintzotasunez jokatzen saiatu gara, behin eta berriro, justiziari deika eta mendekua bazterturik.
Baina Espainiako justiziak sekulan ez du aurkitu bide eta une egokia biktimen eskakizunak asetzeko, dela legeek horretarako aukera ixten dutelako, dela epaile gehienek egin duten legeen interpretazioa hiltzaileen aldekoa izan delako. Eskatu dugu eta eskatzen jarraituko dugu egia jakitea; justizia, aitorpena, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermea exijitzen dugu.
Guk, Bittorren anai-arrebak, geure gurasoen jokabideri eutsiz, kiroltasunez jokatzen saiatzen ari gara, partida honetan batzuk abantailaz jokatzen ari direla jakin arren: arauak beren interesen aldekoak dira eta kartak markatuta daude. Horrela, 2011ko abenduaren 10ean, geure anaia Ignazioren heriotzaren urteurrenean, Barakaldoko 4. Epaitegian, Narciso San Juanen kontrako kereila aurkeztu genuen, 1975eko urtarrilaren 20an gertatutako gizateriaren kontrako krimena eta erailketa egotzita. Geure anaia Ignaziok beti zerabilen buruan galdera bera:
Zergatik ezin genuen justiziarik egin?
Bai. Narciso San Juan del Reyk, guardia zibil kaboak, geure anaia Bittor erail zuen. Haren arabera, alto eman zion Nafarroako Potasas enpresako langileen aldeko elkartasuna eskatzen ari zenean. Narciso koldar eta zitalaren hilketa inork ez du zalantzan jarri, bestela, Espainiako Gobernuak ez zukeen onartuko geure anaia Frankismoaren biktima izendatzea.(...)
Epaitegi horretako epaileak ematen duen sententzian zera esaten du: «Se declara extinguido por prescripción, el delito de asesinato y delito de lesa humanidad, perseguido en esta causa e imputado a Narciso San Juan del Rey».
Horrela erabaki du, hiru folio eskasetan, ondo oinarritu eta arrazoitutako kereila.
Agertu du inoiz epaile horrek, agertu du inoiz Espainiako Justiziak, inolako kezkarik frankismoaren biktimekiko? Demokraziaren eta justiziaren kontrakorik badago, deskribatzen diren gertaerak ez ikertzea eta milaka hilketa ez zigortzea dira, zalantzarik gabe. Beti berdin, lehen eta orain.
Interneten sartuz gero, Barakaldoko epailearen argudioak aurkitzeko aukera dago, ia hitzez hitz. Geure iritziz, ez du inolako interesik agertu. Agian, beldurtu egin da, harritzekoa ez dena, Espainiako Justiziaren egoera ikusita: Frankismoaren biktimak ikertu nahi izateagatik, Tribunal Gorena epaitzen ari den epaileari helarazitako mezuak eragin egin dio bere adoreari. Euskal Herriko errefrau baten arabera: «Sua datxekonean auzoko etxeari, gogoa emak eureari».
Akusatuen aulkian jarrarazi duten epailearen egoera pertsonala eta prozesalak jende asko kezkatu ahal badu ere, gure kezka, bestelakoa, sakonagoa da. Izan ere, sistema demokratikoaren eta zuzenbide estatuaren kalitatea ez ezik, biktimen memoria ere jokoan dago. Eta jokoan daude, ez epailea zigortzeagatik. Baina zigortuko balute, zein epailek hartuko luke frankismoaren hilketak, gizateriaren kontrako hilketak, hain zuzen ere, aztertzeko eta epaitzeko erabakia? Zeinek hartuko luke biktimen aldeko epaiak emateko erabakia? Zein epailek hartuko du kanpoko zelaian jokatzeko erabakia, arauak iruzurrezkoak badira eta arbitroa erosita badago?
Horixe da Espainiako Justiziaren eta zuzenbide estatuaren egoera; batzuk, biktimok, betiko zigortzen gaitu; beste batzuk, frankismoaren krimenak pertsegitu nahi dituztenak, epaileen aurrean jartzen ditu; eta beste batzuk, bi Espainietako baten zerbitzari leialak eta izugarrizko hilketen erantzuleak, txalotu eta adoretu egin ditu. Horietako batzuk, inolako begirunerik gabe aritu direnak, lasai hil dira, familiartekoek eta ehunka gaiterok inguraturik. Eta hori guztia Justiziaren aurrean, akusatuen aulkian, inoiz jarri gabe.
Horixe balitz kiroltasunez onartzen jarraitu behar dugun errealitatea, hobe izango genuke beste kirol zelai batean jokatzea, denok onartutako arauekin eta arbitro neutralarekin. Baita zelaia txikiagoa balitz ere! Une hori heldu arte, kanpoko zelaian sufritzen jarraituko dugu.
Estrasburgoraino.
Kiroltasuna eta justizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu