Krisia krisi, historia ate-joka

2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azken asteotan, garbi ageri da gizarte eta politikaren munduan frankismoaren ondoko sustraien aztarnak. Egoera hori duela hainbat hamarkada aldendu zela esan ohi da, baina egunak joan egunak etorri, hori egia denik ezin segurtatu inola ere.

Hedabide espainiarrek saltzen duten «egiari» neurriak hartzen ohitua dagoenak ongi badaki, beste lurralde batzuetan sinesgarri gertatzen ez bada ere, espainiar Estatuaren ingurumen politikoan zitalkeriak eragin duen egungo egoera nahasi eta interesgarria, ETAk jarrera armatuari uko egitetik heldu eta ezker abertzaleak Sortu izenpean, alderdi politiko berriaren legeztatu izanari zor zaiola.

Errealitate berri hori abiapuntu duten ondorioak gauzatzen ari dira nola batzuk ala besteak. Beldur diote aldaketari, aski ongi «erroturik» dauzkaten jarrerak galduko dituztelakoan, eta mugitu ez direnik ezin esan. Erabat mugitu dira, baita ahaleginak egiten hasi ere aldaketa hori saihesteko.

Abagune interesgarri horren baitan, autodeterminaziorako urratsak eginez ibilbide latza egiten diharduten hainbat herriren antzera jokatzeak, gure iparrorratz zaharrak zuzentzen gaitu, besterik gabe, ezagunak zaizkigun bide edo bidexkatik ibil gaitezen. Betiere, aurkariak eta etsaiak elkarrekin nahasten ibili gabe. Horrek badu bere garrantzia.

Gisa horretan, aspaldidanik ikasita gaude ahalegina zuhurtziaz erabiltzen eta argudio arrazoitsuez baliatzen. Zenbait alditan, gainera, sentipen liluragarriari bizkarra emanez, gai sentitzen baikara egiazko eta zinezko direnak, bereizteko.

Ederki kostata, baina, gaur egun, badakigu malgutasunez jokatzen, eta material errekiaren auzokoak garela ere bai. Beste batzuk, aldiz, sute baten beroaz eta argiaz bezala gozatzen jardun dira —nahiz eta beraiek sortutakoa ez izan—, eta inoiz ez bezala suspergarri eta argi emaile gertatu zaie. Guk geuk ilunpe hotzenetik ikasi behar izan badugu ere, badira urduri eta ikaraz dabiltzanak, egunsentiari kantuan. Zergatik ote?

Denbora irabaztearren-edo, zuzenketak egitera eta, aldi berean, beren pentsamoldea eguneratzera beharturik daude batzuk, baldin eta gizarteko zulo ilun batean jautsiko ez badira. Hor agerian, ohaidetza politiko luze bezain traketsaren ongi merezitako zerga. Zorionez, beste batzuek, poliki-poliki bada ere, jakin ahal izan dugu mundu horretatik eskaini dizkiguten segadak saihesten.

Egia zera da, zinezko pertsonak sentitu nahi, eta gertaerak agertoki batean egokitzeko moduan bilakatu zaizkiela. Beharturik gertatu dira irudikatzera, errealitate gisa normal fikzioa erakustera. Baina denborak, halere, bakoitza bere lekuan jartzen du; beraz, antzerki modu horretatik at, beren egitasmoa zinez fikzio bilakatu da, eta arrazoi hutsal baten alferreko eta kostu handiko ariketa, aldi berean. Pena.

Gero eta hurbilago dauden hauteskundeak direla eta, denok Madrilera begira daude, —Urkullu jauna barne, noski— baina ez da batere zaila arrazoi desberdin eta aurkakoak badirela tartean ulertzea. Sakonak direnak guztiak, Estatutuen eta Konstituzioaren erreformari dagokionez. Eztabaida horretan, politikaren aldetik ziurra dena puntu honetan datza; Konstituzioaren eguneratze prozesua gutxi edo gehiago garatzeko edo eguneratzeko ahaleginean, edota, eregimenaren makillaje hutsa den helburu.

Betiko «adituak» diotenez, egoera politikoa iraultzeko behar adina indarrez hornituta agertuko denez EH Bildu, eta, eztabaidaren muinean kokatzen bagara, hori ez daiteke, espainiar indar politikoen arabera agertzen ari diren bezala erakustera eman, faltsukeria delako. Eta faltsukeria hori zertan datza: alde batetik, «demokrata» direnek Konstituzioaren eraberritzea beharrezko dela uste dutenek, eta, beste alde batetik, «tradizionalistak» jartzen dituzte, ukiezineko testua dela segurtatuz.

Hau tranpa da. Izatekotan, eztabaida zuzena eta bakarra, hau da; batetik, espainiar nazioko hiritarren pluraltasun gisa hartu behar dela uste dutenak, eurek soilik alda dezaketen testu baten aurrean, eta, bestetik, egungo egoera hau behin betiko agortua dela uste dugunok, eta beharrezkoa dela bertako nazio desberdinei ateak zabaltzea, subiranotasunaren baitan inolako esku sartzerik gabe eta bakoitzak bere antolaketa eredua landuz.

Arazoa ez da, beraz, erreformista eta inmobilisten arteko eztabaida. Antzekorik ez duen beste egoera batean gaude. Hitzari bide eman behar zaio, eta arrazoiak neurtu eta soseguz argudiatzen lana egin. Egoera jakin honetan, ez da batere gomendagarria, eta adimenaren aldetik eskasa, hunkipenez iritzi publikoa manipulatzea, horretarako babes mediatiko ikaragarri eta lotsagabeena erabiliz.

Demokraziak bermatu behar duena da, herritarrei aurkeztu behar zaien egoera, argi eta garbi zer nahi den azaltzea, asmo guztiak ezagutzeko eskubidea errespetatuz. Eta berdin zilegitasun osoz, gure geroari buruz, izatez dagokigun eskubidea gauzatzeko asmotan gabiltzanona ere errespetatzeko modua bermatuz.

Estatu espainiarrean inork ezin du uka Estatu ezberdinen artean banandutako zenbait herrialde badirela. Ez gara euskaldunak soilik egoera ezohiko hori bizi dugunak. Badira Estatu gabeko nazio gehiago ere, hala nola Katalunia eta Galizia. Bidean aurrera gogor eginez helduko da arrakasta.

Arrakasta hori ez da utopikoa, ez dugu denboraren baitan sobera atzera jo beharrik, adibide gisa errealitate garbiak ikusteko. Inbidiaz begiratzea besterik ez daukagu 1993ko maiatzaren 24an Eritrea herrialdeak nola bere independentzia lortu zuen, herri kontsulta bat zela bitarteko, behar ziren muga berriak finkatuz.

Nahiko argia da batzuentzat atseginago dela agintekeriazko lizun usaina jariatzen duen legegintzak erabiltzea, ustez gainditurik dauden beste denbora batzuetarako egokiago izan zirenak.

Amaitu da, doilortze progresiboa nagusitu da sisteman. Espainiar «demokraziak» ustelkeria maila guztiak gainditu ditu. Demokrazia herritar guztientzat ez bada, ez da demokrazia.

Jaun-andreok, norabidea zuzendu eta gizartea engainu batean edukitzen ez jarraitzeko garaia da, panorama politikoa manipulatzeko baino balio ez duten metodoak alde batera utzita. Litekeena da, okerreko bidetik jarraitzea, baina, nire ustez, gobernu espainiarrak hobe luke, beraien iragan lainotsuari uko eginez, arrazoiari eta adimenari bide eman. Horrela izanik, denontzat mesede. Historia ate-joka dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.