Magia bidezko eutanasia

2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Baionako mediku bati egin dioten pozoinketa akusazioak hemengo bazterrak harrotu ditu eta eutanasia inguruko eztabaida berriz piztu. Egunkarietan irakurleek egin oharretan ikus daiteke inor gutxi dela apezpikuak egin duen gaitzespenarekin ados: gehien-gehienek Bonnemaison medikuaren sostengua adierazten dute, beren bizitzako azken uneetan horrelako laguntzailea nahi dutelako. Hori dela ideologia jakin baten menpean ez daudenen iritzi normala, esan genezake. Eta ideia ez dela batere berria gaineratu nahi nuke, gure eta gure auzoko tradizioei begiratuz.

Senpereko kondaira batek dio laminek herritar bati laguntza eskatu ziotela, beren kide bat oso eri zutela eta ez zitekeela hil jende batek otoitz bat erran gabe; herritar hori joan zen, otoitza egin zuen eta lamina hil zen. Hil egin ote zuen? Bego, istorio bat da hori, ez egiazkoa, eta gainera lamina bat zen, ez jende edo «kristau» bat.

Gure tradizioan ez dut topatu eria bide fisikoez hilarazi delako lekukotasunik, baina norbait «hil nahi eta hil ezinean» gertatzen zenean, ezintasun hori altxatzeko erritoak baziren. Toki askotan «gaixoak atzera edo aurrera egin dagien meza» ateratzen zuten, «meza ofrezidue» deitzen zutenBermeon, eta auzoan bildu diruaz ordaindu ohi zen.Helburu berean, santu zehatz baten aurrean olio kriseilu bat pizten ahal zen, eta olio gutxi ezartzen zuten gaixoa osotxarto zenean, haren bizitza kandela itzaltzearekin burura zedin. Ohitura antzekoakpraktikatu izan dira Frantzian: «askapen meza» gomendatu, eliza berezi batera beila egin eta abar.

Hurkoaren heriotza zerutarrei eskatzea ez da hiltzea erabat, Jainkoak gauzatuko du, edo ez. Beste metodo batzuk, berriz, zuzenak ziren. Bretainiako Saint Languiz (Jondone Esmeriatu) iturriko ur heina gaizoaren biziari lotua zen; agortzear zenean, pixka bat bil eta hiltamuan dagoenaren gainean isurita, sufrikarioak akabatzen ei zizkion, biziarekin batera. Ondorio bera lortzen zen gaixoari harrizko aizkora bati muñ eginaraziz.

Keinu horiek guztiak ez ziren kurare injekzioa bezalakoak,ez guretzat. Baina ustez kurare bezain eraginkor diren erremedioak ematea ez al da eutanasia aktiboa? Intentzioz bai, segurki, nahiz eutanasia magikoa izan; eta egiazkoa magiaren indarra egiazkoa dela sinesten dutenentzat; sorginkeria bezain erreala, justiziak, hala eklesiastikoak nola zibilak,krimen zelakoan hainbestetan zigortu duena.

Hogeigarren mendearenerditsuan horrelakoen berri eman digun Van Gennepfolkloristak idatzi zuen sendatzeko esperantzarik ez denean, laborariek lehen bai-lehenhil nahi zutela; eta hortikzetozela praktika batzuk, hil-hurrena laburtzeko asmoan eginak eta oraingo hiritarsentsibilitateak harrigarri edo anker jo ditzakeenak; inondik ere ez zirela heredatzeko tirriakekarriak, baizik eta alferrik sufritzea edo sufritzen uztea balio ez duela jakitetik etorriak. Denbora pasatu da eta oraindik jazartzen dira zentzudun printzipio horren arabera jarduten dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.