Badira administrazio laguntzaileak eta Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariak eginkizun teknikoak betetzen dituztenak, badira teknikariak zuzendaritza lanak egiten dituztenak, zelariak laguntzaileei dagozkien lanak egiten,... Hamaika adibide ditugu non langile batzuei, dagozkien maila baino handiagoa bete arren, hauek onartzen ez zaizkien, ez eta onartzen ere. Aurrekoez gain, egoera honek eragiten die ere beste kolektibo batzuei, adibidez, bide zaintzaileei, zerbitzu orokorretan dihardutenei, peoiei eta suhiltzaileen gidari laguntzaileei, mantenu-lanetako laguntzaileei, ordenantzei, Hezkuntzako zaintzaileei, gidariei, telefonariei…
Adibideak horren burugabeak izan daitezke, D mailakoak kontratatzen direla C mailakoak ordezkatzeko, oporretan, baimenetan... lanpostu batzuetan sartzeko LH1-a edota antzeko ikasketak eskatzen direla, batzuei D mailara esleitzen dira, eta beste batzuek C-ra, hilabete gutxi batzuk irauten duen ikastaroa egin ondoren.
Azken urtetan mailaz igotzeko hainbat prozesu egin dira. Horietako batzuetan talde osoak igo dituzten mailaz, eta bestetan, kopuru jakin bat igo da mailaz.
Mailaz igo izana talde osoa, Mahai Orokorrean negoziatu ziren igoerak, ez zuen inolako kosturik eragin, horren adibideak dira: suhiltzaileak, foru poliziak, Ingurumen alorreko langileak... Gobernuak onartu bazuen ere langile hauek betetzen zuten lana maila handiago bati zegokiola, ez zuen onartu nahi izan, ordaintzeari dagokionez, hots, D mailatik C mailara igo zuten, baina D mailako lanak beteko balute bezala kobratzen iraun zuten.
Mahai Orokorretik pasatu gabe, kolektibo batzuk, Parlamentu bidez, mailaz igo izan dira, kosterik eragin gabe.
Eta mailaz igotzeko beste modalitatea administrazio laguntzaileei egokitu zaie, 2007. urtera arte. Adibide honetan, pertsona kopuru jakin bati mugatzen zitzaion, eta ez zen onartzen maila handiagoko zereginak betetzea. Mailaz igotzen ziren pertsonei ere, sustatze prozesu mugatu baten bidez, egokitzen zitzaien soldata igoera eta ordura arte bete zuten eginkizunean ziharduten.
Horren bidegabeak diren egoera hauek guztiak behin betikoz konpondu behar dira.
Funtzio Publikoaren Estatutua zaharkitua dago, erabateko eraldaketa behar du, egiazki betetzen diren eskuduntzen mailari dagokion atxikitzea berma dadin, beti ere, kontuan hartuz lan munduan bizi den teknologia-bilakaerak eta baliabide informatikoak masiboki ezarri izanak lanpostuen zeregin klasikoak aldatu dituztela; zeregina gauzatzeko gero eta ezagutza handiagoa eta hobeagoa eskatzen dela.
Administrazioak beti izan du gehiegikeria honen berri, baina hala ere, kontratatzen dute: maila apalagoko jendea kontratatzea (eta ordaintzea) eta maila handiagoa eskatzen duten lanpostuetan lan eginaraztea merkeago ateratzen zaiolako.
Baina, honez gain, ikus dezakegu akademia eta prestakuntza bilakaera ez datorrela bat egungo lan mailekin, eta beste administrazioetan E maila desagertzea eta gainerakoen berrantolaketa ekarri dituela.
Honengatik, LAB sindikatua aspaldi eskatzen ari dela Estatutu berria landu behar dela, aipatu oinarrizko eskakizunak jasoko dituena. Denbora igarotzen ari da, eta gai honetan ez da aurrera egiteko zantzurik; jakitun gara, egungo Gobernua, Geroa Bairena, ez duela urratsik eginen gai honetan, behartu ezean.