Nazioaren oinarria bertako kideek ahalik eta osagai eta balio funtsezko gehien partekatzean baldin badatza, auzia ezin da osagaien kantitate kontura soilik murriztu. Partekatutako nazio-identitatearen motibazioak asko eta askotarikoak izatea ulergarria da noski gizarte modernoaren aniztasuna eta konplexutasuna kontuan izanda. Hala ere, esan bezala, identitate nazionalaren osaeran bada bigarren ezaugarri nagusi bat: kalitatea. Osagarri guztiak ez dira balio eta esanahi berekoak. Batzuk muin-muinekoak diren bitartean, besteak axalekoak izan litezke. Esaterako, kirol selekzio nazionalaren —diodan, bidenabar, txalogarria irizten diodala ESAITen lanari— edo ekologismoaren balioak gutxiesteko asmorik gabe, nik ez nituzke euskal izatearen bereizgarria bermatzen duen funtsezko balioarekin alderatuko. Beraz, komeni zaigu mamia eta axala zorrotz bereiztea, balizko euskal nazioaren atzean zer dagoen jakiteko.
Andoni Olariagak arrazoi du euskal nazioaren aldeko atxikimenduak eta motibazioak ugariak direla aitortzean. Gure arteko eztabaidaren testuingurua kokatze eta argitze aldera, betoz bere hitzok: «Motibazioak, ordea, pertsonalak diren heinean, subjektiboak dira, eta, beraz, beste mila motibazio daude abertzaletasunaren baitan: horiek errespetatzen ere jakin behar dela iruditzen zait. Izan ere, a priori, zein da ba motibazio garrantzitsuena: langile borroka, borroka linguistikoa, memoria historikoaren aldekoa, borroka ekologikoa, feminista…? Bakoitzak berearen alde egiten du» (BERRIA, 2012-03-17).
A priori zein ote d(ir)a euskal naziotasunaren osaeran esku hartzen duten motibazio-elementu funtsezkoena(k)? Nik esango nuke nazio-identitatearen sistemaosatzen duten osagarri horien artean badela alderik, eta aldeak ez direla gainera nolanahikoak. Arestian aurreratu dudanez, nazio-motibazioenugaritasunari balio demokratiko guztia aitortuta ere, motibazio-elementu horien zer-nolakoa definitu eta ebaluatu beharra daukagu. Zer da muin-muinekoa, zer axalekoa? Azken batean, euskal nazioaren oinarrizko ezaugarri nagusiak zeintzuk diren zehaztu eta finkatu beharra daukagu. Gainerakoan, izan ere, inertziak tarteko, egungo nazio-akulturazioaren baldintzetan nagusi diren tasunak eta keriakgailenduko zaizkigu garatu nahi dugun proiektuan.
Nazioa zerk egiten du euskal nazio? Zerk egiten gaitu munduko mapan nortasun eta izaera propioko nazio eta kultura? Agian, politika ekologiko zuzen eta egoki batek? Beharbada, feminismoaren mugimenduak eta praxiak dituen era askotako emantzipazio-balioek? Klase-ustiapena eta bazterketa sozioekonomikoa gainditzeko borroka sozialak? Ez dirudi. Ez dirudi nazioaren euskal bereizgarriaaurreko motibazio eta balio horien emaitza denik. Ez dirudi motibazio eta balio sozial horien aldeko berdintasun-borrokaknazio bat euskal nazio bihurtzen duenik. Andoni Olariagaren hitzotan aurki dezakegu apikaaurreko galdera horien erantzun bide bat: «Esan daiteke, hortaz, identitate indibidual, kolektibo eta giza espeziaren oinarria norberaren hizkuntza(k) d(ir)ela. (…) Hortaz, identitatea hizkuntzak sortzen du. Izan ere, zerk egiten gaitu euskaldun? (…) Euskarak» (BERRIA, 2010-11-09).
Laburbilduz: nire ustez praxi soziolinguistiko euskaltzale eta abertzaleak ezaugarritzen eta bermatzen du gurean nazioa euskal nazio izatea. Gainerako berdintasun-borroka guztiak ondo etorriak izango dira, jakina, baina ez dute zertan bermatu euskal nazioaren berariazko izaerarik gurea bezalako nazio minorizatuaren baldintzetan. Emantzipazio-borroka sozialak eta minorizatutako naziotasuna ez baitatoz bat gehienetan.
Hizkuntza normalizatu batek, nazio-funtzioak bereganatuak dituen batek,nazio jakin batera garamatza nazioka eratutako gaurko munduan. Oinarrizko datu hori ezin dute dirudienez abertzale askok ulertu. Betiko adibidea jartzeko, hona froga harria: Irunen espainieraz bizi denaren erreferentzia sozial eta nazionalak espainolak dira eta erreferentzia-eremu horren baitan sozializatzen denez, nazio-identitate espainiarraren altzoan bizitzeak dituen ondorio guztiak ditu bere baitan; beste horrenbeste gertatzen zaio Hendaian frantsesez bizi denari. Hortaz, alde honetan nazio-hizkuntza espainolean bizitzeak espainol egiten gaitu, hizkuntzari darion erreferentzia-eremu nazionaleanmamitzen dugulako geure nortasunaren alderdi hori. Hizkuntzak, beraz, konstelazio nazional batera edo bestera garamatza zuzen-zuzenean hark nazio-mailako funtzio komunikatiboak eta eratzaileak betetzen dituen neurrian, han kokatzen gaitu eta han eraikitzen du gure identitatea.
Horiek horrela, gure nazioak euskal nazio izan behar baldin badu, Olariagak onartzen duen bidetik, euskaraz eta euskaratik jaso beharko dugu euskaldunon etxe hori, bestela ez baita euskaldunon nazioa izango. Zehazkiago esanda, euskarak nazio-hizkuntzaren funtzioak betetzen dituenneurrian soilik eraiki lezake euskal nazioa. Auzi honetan ez ditzagun kontzeptuak nahasi, ez dira-eta gauza bera berdintasun soziala eta nazio berdintasuna. Sozialismoak, adibidez, ez du euskal naziorik eraikitzen berez. Ezta ekologismoak edo feminismoak ere. (...) Emantzipazio sozialaren aldekoborrokak ez du berez zertan bat etorri nazio hizkuntza eta kultura minorizatuaren aldeko borrokarekin, ez duelako bat egiten nazio minorizatuaren identitatearekin. (...)
Gure ustez, euskal nazio-eraikuntzaren prozesuan askatu behar diren korapilo nagusiak ez daude berdintasun eta justizia sozialaren arloetan berez eta besterik gabe. Euskal nazioaren arazo behinena munduko herri eta nazio minorizatu gehienen arazo berbera da hondar-hondarrean: alegia, minorizazioak errotik erauzi digu gizartearen euskal izaera linguistiko, kultural, sozial eta nazionala, eta orain ez gara gai emantzipazio soziala eta nazio-askatasuna euskal ikuspegiaren arabera uztartzeko.
Mamia eta axala nazio eraikuntzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu