Nafarroa martxan

2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriak nafar Estatuari zor dio XXI. mende arte hizkuntza propioa, bere izatearen kontzientzia eta etorkizunean izaten jarraitzeko borondatea mantendu izana, berak eman baitio herri honi kohesioa eta jarraipena. Mila urtetan zehar, Eneko Aritzatik hasi eta gerra karlistetako porroteraino, ñabardura askorekin bada ere, Euskal Herriak Nafarroan izan du bere ardatza, bere errealitate politiko eta instituzionala, eta horrek ahalbidetu dio bere kulturan bizi eta denboran iraun izana. Gure hizkuntzak, euskarak, lingua navarrorum, berezko lekua izan du; euskal jendearen bizilekua izan den lur eremua. Ohitura eta usadioek berebiziko garrantzia izan dute errealitate horretan, eta hartara lege bihurtu dira: zuzenbide piriniarra edo nafarra autoreen esanetan, ohituratan oinarritutako zuzenbidea alegia. Nafar herriak, ahal izan duen neurrian, bere gazteluetatik babestu du bere burua inbaditzaile eta arerioen aurka. Herri honen izateko borondateak, denboran irautekoak, etorkizunean aurrera egitekoak, antzinako Estatuan aurkitu du bere identitatearen funtsa, boterearen, antolamenduaren eta baita pragmatismoaren oinarria ere, eta oro har, burujabe izanagatik sortu diren errekurtso eta baliabide multzoaren muina.

Nafarroa historikoaren mugetatik at, euskal mundua, behinola zabalago zena, disolbatu egin da. Egiazko euskarri juridiko ezak deuseztatu du. Desagertu egin da, toponimia eta aztarna arkeologikoetako arrasto bakanak haren lekuko utzita, bizirik gabeko fosilak, arimarik gabekoak, oroitzapen lausotuak.

Horregatik guztiagatik, ezinbesteko dugu hain gurea dugun erreferente honen erorialdiaren klabetako bat 1512ko konkista izan zela ezagutzea. Inbasio bat baino gehiago jasan ditu, data beltzak ugari, baina Albako dukearen erasoak erresuma independentearen galera ekarri zuen, eta lurraldearen zati handi baten okupazioa. Gure oroimenean, berezko Estatuaren eta burujabetasunaren porrota islatzen du.

Aurten ekitaldi anitz antolatuko dira urtemuga honen harira. Kolore batekoak zein bestekoak. Polemikak, zauri zabalduaren moduan, bizirik dirau. Jarrera ofizialek gertaera hauen kontaketa desitxuratu nahi dute, horretarako gezur historikoak erabiliz. Jarrera abertzale batzuek ere, akulturazio eta auto-estimu faltak bultzaturik, garrantzia kendu nahi izan diote jazoera hauei, gertaera hutsal eta folkloriko gisa agertuz. Baina, aldi berean, gizarteak eztabaida bere gain hartu du eta ekimen ugari eratu ditu: hitzaldiak, mahai-inguruak, biltzarrak, ikuskizun artistikoak, pastoralak, omenaldiak...

1512-2012 Nafarroa Bizirik plataformak Martxa Nazional bat ospatuko du Iruñean ekainaren 16an, ahalik eta jendetza handiena biltzeko asmoarekin. Horrela, tokian tokiko ahalegin guzti horiek zentzu nazional bat, taldeko zentzua, dutela erakutsi nahi da. Izan ere, gai honek euskal gizarte osoari eragiten dio, bere memoria historikoari esker Nafarroan burujabe izan zela baitaki, eta, edozein ikuspegitatik aztertuta ere, data hartan bidegabekeria izugarria jasan zuela.

Nabarraldek mobilizazio honetan parte hartuko du eta horretarako urtero ospatzen duen Noaineko Martxa egun honetara aurreratuko du. Ibilaldia Ulibarrena eskultorearen monumentutik abiatuko da, Getzen, eta Iruñerantz egingo dugu ekitaldi nazionalarekin bat egiteko. Ekainaren 16an Euskal Herriak hitzordu garrantzitsua du historia nafarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.