Harrituta irakurri nituen aurreko astean Angel Rekaldek Mikel Sotori erantzunez idatzitako hitzak. Ezaguna nuen «Me cago en el V centenario», eta irribarretxoa ere atera zitzaidan, gaiaren inguruan azkenik haize freskoa zetorrela ikusita. Baina erantzun suminduaren aurrean, historiari dagozkion zenbait gogoeta egitea beharrezko dela ikusten dut.
Ordua da historiari aurrez aurre begiratzeko, gaur eta hemen. Eta, horretarako, beharrezkoa dugu nazioen eta historiaren inguruan zer edo zer hausnartzea. Ezagun dugu Estatu nazional garaikideak XVIII-XIX. mendeetan sortu zirela eta orduan jarri zituztela martxan eskola nazionalak, besteak beste elite agintari zentralisten hizkuntzan hezteko periferietako umeak eta hizkuntza nazionalak sortzeko («el idioma común» hainbeste aldiz entzuna), gainontzekoen mintzairak desohoratu, zapaldu eta desagerraraziz. Gainera, frantses iraultzaileek armada nazionala asmatu zuten, aurreko mendeetako mertzenario ejertzitoen ordez, eta hizkuntza eta kultura ezberdineko jende andana eraman zuten gerrara nazioa defendatzera.
Horrela, eskola eta gerraren bidez zabaldu zituzten identitate nazionalak, eta Estatu bat, identitate bakarra ideia inposatu zuten. Gainera, Estatu batek itzelezko abantaila ematen zuen: Estatu hori historiara proiektatu zitekeen eta kontakizun eder bat egin, historiaren ibilbide guztia une horretan zuten Estatuan bukatuz. Horrela, frantsesak beti izan ziren frantses (nahiz eta galiarrek, erromatarrek, bretoiek, frankoek, euskaldunek edo okzitaniarrek ez zekiten), eta ideia hori muturrera eramanez, Primo de Riverak España «una unidad de destino en lo universal» bihurtu zuen.
XIX. mendean foruak galduta (euskaldunak benetako lehen espainiarrak, Tubalen hizkuntzaren gordetzaileak egiten gintuena) eta industrializazioak ekarri zituen aldaketa sozial, ekonomiko eta ekologikoen testuinguruan, euskaldunok Estatu bat eraikitzeko proiektu politikoa azaleratu egin zen eta are euskaldunen artean aski hedatu. Kontua da ez dugula Estaturik, eta horrek ez digu aukera eman espainiar, frantses, alemaniar, irlandar eta beste Estatu guztiek egin duten eran Estatu burujabe horretan bere bukaera saihestezina duen kontakizun historikoa eraikitzeko.
Gainera, agian hobe da hori egin ez izana. Izan ere, horrek ahalbidetu baitigu ikustea nola espainiar eta frantses diskurtso nazional-historikoek irakurketa libre bat egiten duten, betiere egungo Estatuaren baitan egituratua. Horregatik, guk badakigu diskurtso nazional historikoak oso politak direla baina historiaren argi ilunak ezkutatzen dituztela. Gure kasuan, adibidez, Asturiasko lehen errege Alfontsok ama arabarra zuen, 1054an nafar erregea batailan garaitu zuen Castillako erregea bere anaia nafarra zen, euskal literatura guztia nafar Estatua konkistatu ostean ekoitzi dugu, 1076an nafar nobleek erregea amildegitik behera bota zuten eta gaztelar eta aragoiar tropei ongietorria egin zieten beren nagusigoa ziurtatzeko…
Adibide horiek eta gehiago ezin dira Nafar Estatuaren patuari eginiko traizio gisa irudikatu, historiak egungo eskema eta identitateekiko sortzen dituen kontraesan gisa baizik. Horregatik, 1512ko konkista (eta 1199-1200ean Araba, Gipuzkoa eta Duragerrikoa; bizkaitarrak gerra barik pasatu ziren Castillara) funtsezko gertaera dela gure historian ezin ukatuzkoa da, hain zuzen ere horrek egiten baikaitu egun espainiar menpeko. Baina, esan bezala, guk argi dugueuskal herritarrak garela eta badugula Estatu berri bat sortzeko eskubidea eta aukera, historiak esaten duena esaten duela. Eta 2012ko urteurrena aukera ezin hobea da diskurtso historiko-nazional espainiarra desmuntatzeko, baina ez guk akats berberekin beste bat sortzeko.
Nafarroako erreinua eta historia nazionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu