Badirudi narrastiak edo erreptilioak animalia ornodun amniotoen klasekoak badirela, adarkizko larruazal lehorra dutenak, ezkataz, plakaz edo ezkutuz estalita daudenak eta ezaugarri nagusienak birika funtzionalak dituzten bizidunak direla.
Baina ez naiz narrasti haietaz ariko.
Funtsean, narrastien funtsaz idatzi nahi dut. Inoiz, politika eta iritzi hedabideak nahasten direlarik, politikariek omen dauzkaten gertuko kazetariak eta idazlumak aipatu nahi ditut lerro hauetan. Hau da, agintari jakin batzuen ikuspunturik, eta haien alde betiere, mundua nola eta zergatik den dagoen bezala kontatzen duten haiek hartu nahi ditut hizpide.
Udaran zehar agertu ohi diren suge mota hauek, maiatzetik hona bitartean «narrazioaren borroka» irabazi beharra dagoela aitatu digute gau eta egun etengabe.
Aipatu «narrazioak»,Euskal Herrian suertatzen ari den politika zikloaren aldaketari buruzko kontakizuna esan nahi du, prefosta.
Izan ere, ez baitute inolako antzik Larrainen edo Bergaran aurkeztutako Monzón pastoralaren argumentua eta EITBk eskainitako El precio de la libertad izeneko filmaren errelatoa Burgoseko Epaiketaz ari direla, esaterako.
Franco hil ondoren eta psoezialistek 80ko hamarkadaren hasieran eskuratutako botere politikoak aurretik gertatutakoari buruzko kontakizun berria eskatu zuen. Horrela, sugegorrien habia irekita, «trantsizio politikoa» zeritzana kontatu zuten Pregok eta enparauek… orduko narrastien funtsak gizendutako idazleak.
Orain, berriz, Gabilondok eta Rubalcabak, Salabaruk edo Arregik, Jauregik edota Pastorrek gure herrian gertatzen ari den politika eraldaketaz narrazioaren gatazka bereganatu nahi dute eta haren kontakizunaz jabetu.
Ez da gauza berria, goian adierazi bezala, duela ez asko antzerako saiakeraren matakaldia ikusi izan baitugu baina gaurko honetan, aldiz, gauza bat nabarmentzen da ohiko aldarrikapen honen atzean: orain arteko balizkonarrazioak ez duela orain balio, hain zuzen ere. Honezkero argi geratu da, adibidez, Espainiako Konstituzioa aldatzea, posiblea izateaz gain, erraza dela oso.
Zergatik nahi du Rubalcabak, eta bere narrastien funtsa horretan saiatzen da, narrazioaren gudukan irabazi? Badakitelako, jakin ere, Euskal Herriko gatazkaz orain arte erabili ohi duten kontakizunak oraingo parametroenarabera ez duela fitsik balio eta aldatu ( edo egokitu) beharrean daudela.
Beraiek Euskal Herrian zegoen disidentzia oro terrorismotzat jo nahi izan dute. Dena zen ETA beren historietan. Berdin 18/98 sumarioan, jarrai/segi gazteen aurkako epaiketetan edota Udalbiltza aferan… Auzi politikoa izan dena lege epaiketa bihurtu dute eta, horrela, historia ere idatzi nahi izan dute. Baita gizarte arazoei ere judizialki jazartzeko joera izan dute gizarteak berak gainezka egin arte… baina orain, berriz, ez daukate argudiorik, ez dute argumenturik, ez bide dute historia kontatzeko narrazio sinesgarririk eta haren bila hasi dira arrastaka batere arrakastarik gabe.
Izan ere, ez baita gidoia aldatu beharrik. Euskal Herrian bizi dugun historia ez du inork gailendu behar, aitzitik, politikoki bideratu beharra dago, berez, politikoa baita bertoko afera.
Duela urte batzuk, espainiar ustezko trantsizioari buruz orduko idazleak narrazio berriak eskaintzen ari ziren urte haietan, Mario Onaindiarekiko eztabaida publikoa egokitu zitzaidan Ataunen. Mariok, hantxe plazaratutako iritzien arabera, Irlanda omen zen adibide gardena politikoki egin behar ez denaz gogoeta egiteko Euskal Herrian.
Antzerako esan ez, idatzi baizik egin zuen Kepa Aulestiak sasoi hartan. Handik gutxira, ordea, IRAk plazaratutako ekinbideak, politikoki Sinn Féinek eta beste batzuek garatuta, Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren artean zegoen gudua desblokeatzeko eta bideratzeko balio izan zuen.
Ordutik aurrera independentista irlandarrak ez ziren terrorista gisa hartuak izan hedabide britainiarretan eta hango historiamodu berri batez hasi zen kontatzen…
Narrazioaren borroka irabazi? Ez. Aski litzateke bakoitzak bere istorioak zabaldu ahal izateko askatasunik baleuka, adierazpen askatasunik balego… ideologia ez baita biologia.
Zer egingo dute intelektual lumadun erreptilioak haiek guztiek espainiar jujeek azaroaren 20rako Sortu legez kanpo uzten dutenean?
Zoritxarrez, beren azaroaren 20an Josu Muguruzak eta Shanti Brouardek ez dute lekurik nahiz eta biak herriak hautatu eta euskal herriko ordezkari politiko legalak izan Franco beste azaroaren 20 batean hil ostean…
Politikan, etikaren gizarte ezarpenean, ez da irabazle bilatu beharrik denoi aukera berdinak ematea baizik… eta idazketan nahiz argitalpenetan ere bai.
Narrazioaren narrastiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu