Nire erresuma ez da mundu honetakoa

Mikel Arregi Carneros
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Elizaren jardunak bi gertakizun garrantzitsu ekarri dizkigu azken egunotan hedabide batzuetara. Aurreko legegintzaldian, Erlijio eskolen eskakizunari egokitzeko omen, Jaurlaritzak Batxilergoko curriculumean egindako moldaketari Euskal Autonomia Erkidegoko elizbarrutiek eta Kristau Eskolek jarritako salaketa eta helegitearen alde egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, Jaurlaritzak onarturikoa eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzirikoa bertan behera utziz. Auzitegi honek ez zuen diskriminaziorik ikusi Jaurlaritzak, Erlijioa aukeratzen zuten ikasleen eskubideak bermatzeko, aukeratzen ez zutenei Erlijioaren ordezkorik ez jartzeagatik. Gorenak Erlijioa jasotzea gura dutenen ustezko eskubideak bermatzea nahiago izan du eta horretarako Jaularitza derrigortu du ikasgai hori aukeratzen ez dutenek beste bat har dezaten.

Oraintsu agerian geratu da aurtengo uztailean Donostiako gotzaindegiak bere izenean jarri duela Artzain Onaren katedralaren orubea, Erregistroko agiriek udalarena dela nabamentzen badute ere. Honek, 1887an Elizak eta Udalak agiriak izenpetzeak, nabarmenagoa egiten du Elizaren maltzurkeria eta aberastasuna metatzeko duen gose asegaitza, zeren eta urte hartan bi aldeek izenpetutako agiriek argi adierazten baitute udalak orube bat utzi ziola gotzaindegiari eliza eraikitzeko baina orubearen jabetzari eusten ziola eta, katedralaren jarduna bertan behera uzten bazuen, lursaila «jabea den udalari» itzuli beharko ziola eta katedrala bera ere bai. Donostiako katedralaren afera bere garrantzi ekonomikoagatik, jabetza adierazten duten agiriak izateagatik eta berehalakotasunagatik beste Hego Euskal Herriko udaletan azkeneko 30 urteetan gertatzen ari denaren Ikur eta Elizaren jardun berari eusteko asmoaren eredu bihurtu da egunotan, izapideak Elizak isilpean egin baditu ere. Eta afera hau Elizaren alde ilunaren jokoa dela uste duenak zalantzarako zioa aurkitu ahal izango du honetan: Jose Maria Setien gaitzetsiak Elduaiengo parrokia eta baseliza bat eusten zituzten orubeak bere izenean jarri zituen 80ko hamarkadan.

Lehenengo gertakizunak Autonomi Estatutuaren ahulezia agerian jartzen du, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenak indargabetu baitu EAEko erakunde nagusiek —Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta Justizia Auzitegi Nagusiak—, erabaki dutena. Beste behin ere Espainiako epailetzako aginteek Jaurlaritzak edo Legebiltzarrak hartutako neurriak bertan behera utzi dituzte. Baina gertakizun biek Elizaren indarra —agintea—, nabarmentzeaz gain, jatorri bera dute: Trantsizioan onartutako 1978ko Konstituzioa eta, bere ateratzetik zazpi egunera— 1979ko urtarrilaren 3an— Elizak eta Espaniar estatuak izenpetutako lau hitzarmenak.

Hala bada, Elizak oraintsu erakusten duen agintea espainiar Konstituzioan du oinarri, baina ahalmen horren zumeak Franco hil eta bat hasi zen bilbatzen. 1976ko agorrilan, Espainiako Gobernuak eta Vaticanoren ordezkoek izenpetu eta berretsi zuten 1953ko Konkordatua ordezkatuko zuten adostasunak lortzeko helburua zuen hitzarmena. Alde bien elkarrekiko «beregaintasuna eta lankidetza» izango ziren oinarri eta bitartekoa. Konkordatuak, espainiar herriarengan, aldezten zuen fede katolikoaren bakartasuna eta batasuna, era orokorrean, aldeztezina izango zen zetozen garaietan eta hurrengo hitzarmenek Konkordatuak Elizari ematen zizkion pribilegio —ekonomikoak batez ere—, estatu ez-konfesional batean, eustea izango zen xedea.

Diktadura batetik estatu demokratiko batera igarotzeko, bide hau era demokratikoan zeharkatzea bermatuko duen Gobernu bat eratu behar da hauteslegoak Biltzar Kontituziogile bat hautetsi ahal izateko aukera politiko guztiek baldintza berberetan beren iritziak eman ostean. Espainiar prozesu konstituziogilean ez zen ez behin-behineko gobernurik, ez biltzar konstituziogilerik, ezta baldintza demokratikorik aukera guztientzat. Suarezen gobernuak eratutako Batzorde Txostengileak, non Elizak ordezkaritza zabala zuen, jaso zuen Konstituzioa idazteko agindua.

1976ko agorrilan izenpetutako hitzarmenak gura zuen «beregaintasunak eta lankidetzak» hauspotu zituzten 1979 urtarrilaren 3an izenpetuak izan ziren lau itunak, non era zehatz batean zerga salbuespenak, mota guztietako finantzaketak eta beste pribilegioak alde bietako ordezkariek xedatzen zituzten eta, bere izenpetze datak nabarmentzen duen legez, Konstituzioaren 16-3 artikulua baino lehen izan ziren adostuak eta erlijio katolikoarekiko harremanak xedatzen dituen artikulua bera baldintzatzen zuten. Izan ere, «Erlijio bakar batek ere ez du estatu izatasunik» dio 16.3 artikuluak, baina jarraian xedatu zutenak ez zukeen inolako beharrik izango lau hitzarmen horietan adostu zutenari bidea ez bazien eman gura: «Aginte publikoek kontuan izango dituzte espainiar gizartearen erlijio sinesmenak eta dagozkien lankidetza harremanak edukiko dituzte Eliza katolikoarekin eta beste sinisteekin».

Nabarmena denez, lau hitzarmen horiek garatuak eta osatuak izan dira bai PSOEren gobernuen garaietan, bai PPrenetan eta, hain zuzen ere, alderdi horren eskutik jaso zuen eliz-eraikinak bere jabetzan ipintzeko aukera 1998an. Pribilegioak ezabatzeko legea asmoa baino ez zen izan Zapateroren tiraderan eta PPrenak agerian geratu berri dira sexu bereiztaile diren ikastetxeen aurkako Gorenarenebazpena ezagutu eta bat.

Estatu bat benetan ez-konfesionala bada eta benetan demokratikoa bada, sinesmen guztien finantzaketa beren zaleen esku utzi behar du eta beraz, erlijioaren irakaspena eta, are gehiago, sinismen guztien ikastetxe guztiak talde horiek finantzatu behar dute. Hala bada, hezkuntza publikoak ez du zertan eskaini erlijio eskolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.