Odolaren gainetik

Txema Ramirez de la Psicina
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bukatu da. Kito. Amaitu da, behin betiko. Zortzi hitz 52 urteko historiari amaiera emateko: «ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du». Zorionak erabaki hori posible egin duten guztiguztiei.

Odolaren usainak bazter anitz zipriztindu, jende gehiegi kirastu, eztabaida franko pozoitu eta bihotz dezente harritu ditu urteotan guztietan. Alde guztietan, ez soilik alde batean eta bestean; ez, guztietan. Denok aspertu gara ETArekin. Seguru asko, ETA ere gurekin aspertu da. Kostako da usain hori desagerraraztea. Baina joango da. Orduan biluzik agertuko gara denok, ispiluaren aurrean, nork bere ederrak edo miseriak agerian, aitzakiarik gabe. Suzko armak lurperatuta, bestelako armak erabili beharko dira eta orduan, hitzak, bai jaun-andereok, hitzak bere balio osoa hartuko du. Bataila hori gordina izango da, gordina bezain zoragarria ere; nork bere argudioak azaldu, parekoa limurtzen hasi eta adostasun batera iristen saiatu. Adostasun osoa ezinezkoa izango da. Orduan, gehiengoak erabaki beharko du. Gogorra bataila, oso gogorra izango da; batik bat, Espainiako eskuin muturrak hedabideetan duen indarra ikusita. Sarritan esan dut: bataila dialektiko horretan ongi trebatutako bozeramaileak beharko dira, bihotzetik bihotzera hitz egiten duten pertsonak, gauzak argi eta garbi esaten dutenak, konplexurik gabe, ausardiaz, konbentzimenduz, sinesmenez, itzulinguruka ibili gabe. Tabua desagertu da. ETAk ezker abertzaleko buruzagien ahotan ezarria zuen «galga» ikusezina desagertuko da: ehh, ummm susmagarri horiek, zalantza horiek, isilune horiek joango dira. Euren agerpen publikoetan zenbait gai tabu ziren. Horietako bat borroka armatua zen. Orain kito; desagertu da fantasma.

Baina, bataila dialektikoa hasita zegoen. Hasita dago. Zergatik izan da erabakia? Nolatan ailegatu gara hona? Borroka horretan den denak sutsu eta gogotsu ari dira. Normala. Nire ustez, ez dago arrazoi bakarra. Denek dute arrazoi puntu bat. Estatuaren presioak eragin handia izan du, jakina. Euskal gizarteak berak garrantzia itzela izan du, garbi utzi baitio ETAri bere garaia igaroa zela. Dena den, ETAren transatlantikoak egin duen ziaboga ulertzeko gako nagusia, nire ustez, beste bat da: Loiolako prozesuaren porrotak Arnaldo Otegi, Rufi Etxebarria, Rafa Diez eta beste hainbaten pazientzia agortu zuen. Orduan, adar politikoak adar militarrari aurrea hartzea erabaki zuen. Hor dago gakoa. Mahai gainean ukabilkada eman eta ozen esan zuten: hau amaitu behar da. Apustu handia egin zuten, zintzoa eta ausarta. Arriskatu egin ziren. Eta Euskal Herriak ahalegin hori eskertu die maiatzeko hauteskundeetan eta azaroaren 20koetan ere eskertuko die. Honatx nire apustua: baietz Amaiur lehen indar politikoa izan.

Beste fase batean kokatuko gara: odolaren arrastoaren gainetik, hitzak hartuko du protagonismoa. Ez ahaztu: hitza bihotzaren giltza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.