Eguzkia bere ibilera geldian ezkutatzen doa zeruertzean. Itsasargia gogoz ñirñirka hasi da gaurkoan, bestelako keinuaz, egunsentiaren itxaropena iragarri nahian edo.
Denbora aurrera doa, eta bakea iragarriz ostarte txiki bat ageri da laino beltzen artean. Ezezkoan tematuta urte asko igaro dugu, baina egin da lehenengo urratsa. Alde batekoak ezinbestekoa zen aurrerapausoa ematera ausartu dira.Aurpegia eman dute, eta zaplaztekoak hartzeko prest daude. Gabriel Arestik zioen guztiak matrail berean hartzen ohituta gaudela, beste matraila ipintzeko astirik ere ematen ez digutenez. Berdin dio, bakean inbertitu beharra dago geroa gurea izango bada. Era berean, bakeak aldaketak eskatzen ditu, eta demokraziara jolasten duten «bakezale» asko ikaran daude mintzamolde berriak asmatzen hasi direlarik, betikoa egiten jarraitzeko. Ez al gara konturatzen bakeak guztiok egiten gaituela garaile?
Itsutasunak eta mututasunak alde batera utzita, heldu da ordua sufritzen duen orori gertutasun sentipena adieraztekoa. Etsipenaren zorigaitza tarteko, aspaldidanik herri honetan kolore anitzeko hilarri asko marraskatu izan da atzazalez. Baina batzuentzat biktima batzuk besteak baino biktimagoak dira, zorigaitzak etxe askotako ateak jo dituen arren, horien artean, era bortitzean, gaur egun preso dauden gizon eta emakumeenak, horietariko askoen erru bakarra kontzientzia abertzalea izan eta era baketsuan militatzea izan delarik. Hemen azkar atera izan da betidanik kartzelarako pasaportea, euskalduna izatearen arriskuetako bat hori baita, Marc Legassek zioen bezala,eta horretarako sistema judizialak tresneria ezin hobea du.
Etxea hankaz gora jarri, bizirik egotea amesgaiztoa bihurtu arte torturatu, autoinkulpazioa lortu eta unean komeni dena leporatu, azkenik kartzelan sartzeko. Lau hormak besarkatuta, guztiz mugatutako mugimenduetan, adiskidetzat bakardadea eta isiltasuna bakarrik direla, urteak eta urteak betetzera zigortua… hori da disidenteak deusezteko erabiltzen ari diren mendeku politika, betiere justiziaren izenean, isiltasun konplizeak tarteko. Are gehiago, etxeko eta lagunen ondotik hainbeste kilometroetara urrunduz horien sufrimendua areagotzea dute helburu, bai ondo lortu ere, eta beraiek badakite. Estrategia ez da berria, beti erabili izan dira familiartekoak edo lagunak giltzapean dagoena makurtzeko. Modu berean, kondena betetakoei zigorra luzatzeari ekin diote, legerik makurrenak ezarriz.
Baina hobe horrelakorik albistegietan eta hedabideetan ez azaltzea. Ez dute nahi lekukorik eskubide urratuak besteenak direnean. Hobe da etxean otoitzik egin gabe auzoan meza ematen jardutea. Nork kondenatzen du horrelakorik? Nork gaitzesten edo udaletxe aurreetan bilkurarik antolatzen? Alde batetik urrats sendoak egiten hasi diren bezala, bestaldetik biolentziarik zakarrena aplikatzen jarraitzen dute. Gaur da eguna biktima batzuk ekitaldi handiez oroitzen diren bitartean beste batzuei oroimen xumeena ere ukatzen zaiena, horren defentsa egitea ere kriminalizatzera heldu direlarik. Beraz, betikoan gaude.
Euskal Herriak zerbaitez harro egon behar badu, inoiz beste herri baten inbaditzailea ez izanarena da. Gure herriaren nortasuna eta izatea defendatzen gerra asko galdu dugu, baina gizatasuna inoiz ez. Horra adibidetzat espetxeetan dauden gizon eta emakumeak hainbeste urteetan erakusten ari diren duintasun eredugarria, errepresio gordinenaren aurrean askatasunari ukoegin gabe. Askatasun ukazioak eraginda zauri historikoakhor daude, baina aldaketahaizea sumatzen da. Orain, egoera berri honi oraindik eta indar gehiago emateko, espetxean eta atzerrian dauden lagunak geure ondoan beharditugu.
Itsasargiak ñirñirka darrai.
Ondoan behar ditugu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu