Osasun Sailburuak argi dauka: euskararen sustapena arinegi doa. Horregatik, Osakidetzaren euskara-plana geldituta dago PSOE Jaurlaritzaz jabetu zenetik. Euskaldunen hizkuntza-eskubideek sistematikoki urratuta jarraitzen dute, eta horrela, kalitate gutxiago osasun-zerbitzuak jasotzen dituzte erdaldunen aldean. Bost axola Bengoari eta Basagoitiri; oposizioak direla medio, aukera dute berriro ere euskaldunen aurkako diskurtso zuria biziberritzeko.
PP eta PSOE bat datoz: euskararen balorazioak diskriminatzen du. Zergatik? Herritarrek ezagutza-maila desberdinak dituztelako. Jakina, izatez, horixe da oposizioen xedea, herritarren artean diskriminatzea, egokienak bereizteko. Alde handiz gehien diskriminatzen dutenak antzinatasuna eta prestakuntza dira, batuta merezimenduen %80 zenbatzen baitute, euskarak, berriz, %18. Hala, askotxo dira antzinatasunagatik kaltetuta sentitzen diren herritarrak, oroz gain gazteak. Azterketa, noski, bost aldiz diskriminatzaileagoa da, eta ordu bitan erabakitzen du oposizioa. Egun, nork sinisten du egokienak aukeratzeko balio duela. Mendebaldeko estatu gehienetan ez behintzat, baina espainolak beti adimentsuenen ipurdian.
Egia ote da euskararen balorazioak modu gaiztoan diskriminatzen duela, alegia, herritarrentzat baldintza desberdinak ezarriz oposizioei aurre egiteko? Beharrezkoa ote da aukera-berdintasuna babestea euskara-eskakizunaren aurrean? Ez noski. Begi-bistakoa oposizioetako hautagai guztiek eskakizun berak dituztela. Izan ere, legeak ezarritako berdintasun hori zorrozki bete izan ez balitz, epaileek euskararen balorazioa aspalditik erauziko zuten langileen aukeraketa publikoetatik.
Alabaina, legezkoa izanik ere, gehiegizkoa ote da? Subjektibotasunaren eremuan sartu gara, interesak, ideologia, sentikortasunak tarteko. Beraz, eztabaida antzuak saihestearren, zenbait arrazoi baizik ez dut hona ekarriko: logika eztabaidaezina du erkidego elebidun batean hizkuntza ofizial baten ezagutza modu esanguratsu batez balioesteak, batik bat, gertatzen den bezala, administrazio publikoa oraindik gai ez denean euskaldunak berdintasunez tratatzeko, ez zerbitzu publikoen erabiltzaile ez langile gisa ere. Halaber, Erkidegoak hezkuntza-sistema elebiduna eta bestelako baliabideak dituenez gero, gure lan-merkatuak administrazioaren hizkuntza-premiak asetzeko gaitasuna duelarik, zentzuzkoena prestakuntza hori oposizioetan eskatzea da, diru publikoa xahutzea bailitzateke ondoren langileak Administrazioaren kontura prestatzea, PSOEk demagogikoki nonbait proposatu duenez.
Zorionez, gezur ospetsu bi berez hondoratu dira, bata, euskararen balorazioak profesional sanitarioen urritasuna eragiten duela, bestea, beraien gaitasun profesionala mugatzen duela. Egia oso bestelakoa da: profesionalak eskas dira estatu osoan eta OMEren (OMS) azken ikerketa zientifikoek ez dute frogatu euskarak medikuen garunean paralisiak eragiten dituenik. Hala ere, popularrak eta sozialistak tematuta daude modu lauso batez ideia lanbrotsu bati eusten, alegia, euskararen aldeko gehiegizko —haien ustez— esfortzuen azpian nolabaiteko eraso abertzale dagoela. Ildo horretatik, argudiatzen dute politika linguistiko sendo batek erdal elebakarren askatasuna murrizten duela. Baieztapen zinez harrigarria, gaztelania izanik hizkuntza normal bakarra zeinahi arlotan. Euskal Herrian, gai honetan ere askatasuna hizpide izatea ez da txiripazkoa, zeharka iradokitzen duelako euskararen defentsa indarkeriarekin berez lotuta dagoela, Lehendakariak bere ohiko laprast batez berriki adierazi duenez. PP-PSOEren azken baliabidea, beraz, Euskal Herriaren irudi faltsuari eustea da, onura politikoa dakarkielakoan. Izatez, EAEko herritar orok aukera du euskara ikasteko, eta orobat, kultur jatorri orotariko milaka herritarrek egiaztatu dituzte administrazioetako hizkuntza-eskakizunak.
Popular eta sozialistok, jakobinismoaren oinordeko izanik, herritarren berdintasun zibikoa berdintasun etnikoarekin lotzen dute, beti ere gehiengoaren (euren) alde. Etnozentrismo hori gogoan, errazago ulertuko dugu Bengoa sailburuak Legebiltzarrean Arartekoak euskararen alde emandako zenbait argudioren arbuioa. Lamarkak dioenez, boterearen paradigma delakoak asko zailtzen die zanpatuei bere atsekabeak erakustea. Hori dela kausa Arartekoak ondo ulertzen du euskaldunek kexa gutxi aurkeztea Osakidetzan euskarak duen erabileragatik, are gehiago kontuan hartzen badugu boterearen paradigma osasun-zerbitzuetan biziki indartzen dela, epaitegietan bezala, alegia, herritarra argiro ahulagoa den eremuetan. Bengoak badaki boterearen paradigman oinarrituta bultzatzen dituztela gobernuek hainbat politika aurre-aktibo, hala nola sexu-indarkeriaren aurkakoa edo drogazaleen nahiz ezinduen aldekoak eta, oro har, zapalkuntza soziala jasaten duten beste talde askori begirakoak ere. Gobernuek, eskuarki, ez diote begiratzen kaltetuak asko kexatzen diren ala ez, argi baitago uzkur egotea dela zapalkuntzaren ondorioetatik bat. Baina Bengoak ez du euskaldunen kasuan irizpidea aplikatzen, kexen urritasuna bere hizkuntza-politikaren zurigarritzat dakusa eta.
Zinez harrigarria da Bengoak euskaldunen kalterako asmatutako azken amarrua: azterketa gogortzea, estatu zibilizatuenen jokabideen aurka, Bretainia Handia eta Alemania kasu. Horrekin benetan kaltetzen dena esperientzia profesionala da, kalitatearen oinarria, eta horrekin, euskaldunak ez ezik, langile eta herritar gehienak ere. Triskantza hori bakarrik uler daiteke, sortze beretik legitimate-arazoak izanik, herritar gehienengandik urrun eta hiletsian dagoen gobernu bat dela gogoan izanik.
Oposizioak Osakidetzan: amarru zaharrak eta berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu