Pasiotarrak Gabirian: 100 urte

Xabier Mendiguren Bereziartua
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Mende bat denbora-epe luze samarra daeta gauza askotarako aukera ematen du.Baina seguru asko, 1911n, Gabiriako bainuetxe izandako hartan lehen ikasturtean abiatu ziren 14 ikasleei eta arduradunei geroaz galdetu izan balitzaie, aztienak ere ez zukeen sumatuko, bertako jarduerak 1964 arte iraungo zuenik eta, are gutxiago, bertatik 1.663 ikasle igaroko zirenik, eta haietatik 646 fraide eta 278 apaiz Europan eta Ameriketan zehar barreiatuko zirenik ere.

Ibilbide hartan gerra zibilak eta ondorengo egoerakekarriko zituzten uneriklatzenetako batzuk, nolaikasleei hala baliabideei zegokienez.

Hala ere,hurrengo urteetan egoerak pixkanaka hobera egin zuen eta 1955ean izan zuen gailurra ekimen hark 76 ikaslerekin. Eta orduan, ikastetxeak gehiagorako ematen ez zuenez gero, Pasiotarrek Bizkaiko Euban (Zornotza) ikastetxe berria eraiki eta jarraipena bilatzea erabaki zuten.

Urte hartan kartoizko maleta eskuan zuela Gabiriara iritsitako ikasle berrien artean nengoen ni eta mundu berri bat ireki zitzaion Igartubeitiko mutikoari uda hartan: egunero kilometroak oinez egin gabe ikasteko aukera, nahi adina liburu, antzerkiak, pilotalekua, abestiak eta musika, inguruetako mendietan pasierak, misiolarien Lima, Yurimaguas eta Moyobambako kontakizunak… Gabiriako harreragelan hainbat argazki ageri ziren aurrekoen berri ematen zutenak: gotzain eta misiolari, hainbat ikasle gazte, eta besteak beste Pepe Azarola pianojole ospetsu bezain umoretsuaren argazki bitxiak. Nik, bestalde, osaba Sebastian banuen bertan, baratza eta erleak zaintzen iaioa eta tarteka oparitxoren bat egiten zidana. Kontatzeko asko zegoen Gabiria hartan: irakasleak eta arduradunak, mezak eta arrosarioak. Amerikar estatubatuarren opariak: esne-hautsa, gazta hori-arrosa eta gurin gazia: «Donated by the People of the United States of America. Not to be sold or exchanged» kaxa eta potoetan ageri zutenak; … eta gauez argia sortzen zuen turbina burrunbatsua, … eta arrautza ustelaren kiratsa zerion urbeltz osasungarria, Karmengo Andre Mariaren kapera intsentsu eta kandela usainarekin, eta sarrerako Lourdesko Ama Birjinaren gruta iturriduna eta… inularretan, afalosteko lasterketa eta jolas zalapartariak errekaren usaina eta susmurra zerizkion zuhaizpeko agertokian.

Bertan ohartu nintzen, halaber, euskaraz hitz egiteko era desberdinak zeudela eta gehiago kostatzen zitzaidala Bizkaitik zetozenei ulertzea Nafarroa Garaitik zetozenei baino. Dena esaten hasita, urte batzuk geroago,1968an, bertan egin genuen ikasle unibertsitario talde batekin, Euskal Herrian euskara ikasteko egin den lehen barnetegia, nik dakidala, Oltra Moltó orduko gobernadoreak baimena emanda, harik eta Melitón Manzanas poliziaburua abuztuaren 2an erail zutelarik, etxeratzeko agindua eman zigun arte.

Gabiriako ikastetxe hark egindako ekarpen eskergaren balantze bat egiteko hemen lekurik ez eta aski bedi oroitzapen-brintza hauek zuekin partekatzea. Nolanahi ere, ibilbide hartan, giza jardun guztietan izan ohi diren eta hartan ere seguru asko izan ziren ilunguneak gorabehera, zalantzarik ez dut argiuneak askoz ugariagoak eta indartsuagoak izan zirela; eta horregatik, uste dut, egoki ez ezik bidezko ere badela abentura luze hartan esku hartu zuten guztiak gogoratu eta haiei esker onezko omenaldia egitea Gabiria 1911-2011 urteurren honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.