Peace be with you. Bakea izan bedi zurekin. Hala zioten Israelgo Turismo Ministerioko publizitate iragarki deigarriek. Palestinarren eta israeldar estatuaren arteko aferak, bien bitartean, konponbide gabe jarraitzen du.
Amaiera gabea dirudien gatazkaren jatorria XIX. mendearen amaieran koka daiteke, Theodor Herzl-ek, sionismoaren ideologo nagusiak, diaspora juduarentzat estatu propioa sortzea proposatu zuenean. Europan lekurik ezean, palestinar lurrak hautatu zituzten, bertan inor bizi ez zela argudiatuz: «Herririk gabeko lurra, lurrik gabeko Herriarentzat». Errealitatean, alabaina, lur haietan, VII. mendetik, arabiarrak bizi ziren; 1898an, 500.000 biztanle.
Palestinako lurrak Britainia Handiaren menpe zeuden, eta, XX. mende hasieran, britainiarrek Palestinan juduentzako estatu bat sortzeko konpromisoa hartu zuten.
Hamarkada batzuk beranduago, Alemania naziaren lurretako jazarpena medio, judu ugarik emigratu egin behar izan zuen. Horrenbestez, milaka judu iritsi ziren Palestinara.
1947an, Britainia Handiak palestinar lurrak NBEren esku utzi zituen. Urte berean, NBEk zatiketa plana onartu zuen, hots, Palestinako lurrak bi estatutan zatitzea. Batetik, Israelgo estatua, lurren %53-rekin; bestetik, palestinar estatua, lurren %46-rekin; Jerusalem, hiri sakratua, nazioartearen kontrolpean geratuko zen. Erabaki horrek, eta Israeldar estatuaren sorrerak, herrialde arabiarren haserrea eragin zuen, 1948ko guda arabiar-israeldarra piztuz. Guda hura israeldarrek irabazi zuten. Aurrerantzean, palestinarren zorigaitza eta sionisten handinahia neurri berean hazten joango ziren.
Aitzitik, aipatu NBEren erabakia Israelek lehen unetik hautsi zuen, ez zegozkion lurrak okupatzeari ekin baitzion, talde sionista armatuen erasoen bidez palestinar biztanleengan izua barneratuz. Ondorioz, 900.000 palestinar euren etxeetatik eta lurretatik kanporatuak izan ziren, «Nakba» (katastrofea arabieraz) gisa ezaguturiko exodoan. Israel Handia eraikitzeko baliatu zuten sionistek NBEren plana, legez kanpoko koloniak etengabe eraikiz. Estatu palestinarra, bestalde, ez da inoiz egikaritu.
1967an, alta, egoerak okerrera egin zuen. Sei Eguneko Gudan lorturiko garaipenari esker, Israelek Palestinako lur denak okupatu zituen indarraren bidez. Horrek palestinarren bigarren kanporaketa masiboa eragin zuen.
Israelgo estatuan, urteekin, eskuin fundamentalista sendotu da boterean; gainerako alderdien jarrerak ere gogortzen joan dira. Palestinarren aurkako arrazismoak elkarbizitzarako aukera oro baztertzen du. «Jainkoak hautatutako herria» direnez, dena zaie zilegi.
Palestina, ostera, zatituta dago geografikoki zein politikoki. Gazan, Hamas da boterean 2006. urtetik, nazioarteak gainbegiratutako hauteskundeak irabazi ostean. Ordutik, Israelen blokeopean dago. Zisjordanian Al Fatah-k agintzen du, eta Israelek eraikitako 750 kilometro luze eta 8 metroko altuerako harresiaren ondorioz, hiri espetxea dirudi. Nazioarteko justiziak legez kanpokotzat jo eta erauzi behar zela ebatzi zuen arren, bere horretan dirau…
Zehazki duela bi urte jazo zen Israelen guda ekintzetako enegarrena, «Berun Urtua» ofentsiba, alegia. Gazaren aurkako erasoan 1.400 pertsona hil eta 5.500 zauritu ziren. Janari biltegiak, ospitaleak, anbulantziak edo Gurutze Gorriaren eraikinak bonbardatuak izan ziren; mediku eta kazetariak tirokatuak…
Hori dena ez litzateke posible izango, ordea, nazioarteko komunitatearen pasibotasunik gabe. Erasoen aurrean, ez dira ezer egiteko gai azaldu potentzia handien menpeko nazioarteko erakundeak. AEBak Israelen aliatu leial izan dira une oro, israeldar lobbyek AEBetan duten eragina medio. Israeldarren guda tresneriaren zati handi batek Made in USA etiketa darama. Europar Batasunak Israelekin tratuan jarraitu du, gatazkatik at. Genevako Konbentzioko hainbat atal eta NBEren beste hainbat erresoluzio, behin eta berriz hautsi arren, ez du zigorrik jaso Israelek.
Hala, buruturiko bake saiakera guztiek porrot egin dute, israeldarrek hitzartutakoa ez betetzeko erakutsi abileziaren ondorioz. Palestinarrentzat bake negoziazio oro kaltegarri suertatu da… Horrela, irauten jarraitzea da palestinarrei geratzen zaien borroka nagusia. «We will stay here» (hemen jarraituko dugu) irakur zitekeen bonbardaketa batean suntsitutako etxetik zutik geratzen zen horma bakarrean...
Hori, edo etsipena. Urte luzeetako sufrimenduaren ostean, konponbiderik ez baitu ikusten palestinarren zati handi batek. Itxaropena izan ohi da azkena galtzen dena. Horrek, alabaina, ez du esan nahi inoiz galtzen ez denik. Itxaropenaren sugarra bizirik mantentzearen lan horretan nazioarteak badu zeresana; badira bideak; Hego Afrikan lortu zen…
6.000.000 errefuxiatu, 11.000 preso politiko, ehunka mila atxiloketa, kartzela sekretuak, zibilen hilketak, oinarrizko eskubideen urraketa sistematikoa, etxebizitzen erauzketak, errepide mozketak, uren kutsatzeak, laguntza humanitarioaren aurkako ekintzak… Honatx, israeldar «bakea»; olibondo adarrak apurtzen dirauen «bakea». «Peace be with you».
'Peace be with you'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu