Perpinyatik Perpinyara

Pastor
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aitor dezadan, gaur kalera irten ondoren inork galdetu aurretik: duela hamar urte, 2001eko irailaren 11n, Perpinyan nengoen Visa pour l'Image nazioarteko argazki kazetaritza erakusketaz gozatzen. Halakoetan ohi denez, argazki bilduma gehienen tituluek ez zuten errealitate zoragarririk islatzen: Schengen espazioa eta etorkinen arazoak Europan, Ramalako umeak, Errusia Putinen menpe, Pakistan herrialde txikitua... Ez nuen New Yorkeko erasoen berri izan trena hartu, muga pasatu eta Port Boura iritsi arte. Bertako geltokian ikusi nituen dorre bikiak sutan, telebistako albistegian. Gaueko bederatziak pasatxo ziren.

Irailaren 11ko erasoek Bushen agenda inposatzeko balio izan zuten munduan. Agenda hori AEBen nagusitasun politiko, ekonomiko eta militarrean oinarritu da urte hauetan. Erasoen ostean munduan demokrazia hedatzeko mezua aireratu zuen AEBetako presidenteak, garai berrien hasiera, baina demokraziaren eta giza eskubideen aldeko borroka omen zena demokrazia sui generis bat ezartzeko gurutzada bihurtu zen, oso modu berezian: Afganistan eta Irak gaiztoetako despotak zigortzeko eta herritarrak saritzeko demokrazia hori eraman zuten bertara; Mendebaldearen aliatuak ziren estatu arabiar onetako despotek, aldiz, sustenguaren saria jasotzen segitu zuten eta haien menpeko herritarrek indiferentziaren zigorra.

Erasoen ostean normaltasunez bizitzeko deia egin zien Bushek herritarrei, beldurrik ez izateko, kalera irten eta kontsumitzeko, kontsumorik gabe ez baitago demokrazia kapitalistarik. Beldurrik ez izateko segurtasun sentsazioa hedatu behar zen eta horretan jardun dute gure agintariek azken hamarkadan —kontrol handiagoak, lege zorrotzagoak…— baina ez dute helburua lortu. Mundua orain seguruagoa dela esaten digute. Alta, kontu bat da segurtasuna eta beste bat segurtasun sentsazioa. Horra paradoxa: egun seguruago omen gaude, geure askatasun berez murriztuak eman dizkiegu segurtasun horren truke baina, hala eta guztiz ere, ez gara lehen bezain seguru sentitzen. Segurtasunik ezaren sentsazioa nagusitu da. Zertarako balio du seguru egoteak seguru sentitzen ez bagara?

Bushen terrorismoaren kontrako gerrari eutsi dio Obamak, baina arrandiarik gabe. Irailaren 11 baino lehen 1.800 ziren AEBetako indar berezietako eliteko kideak; egun, 25.000. The Washington Post-en arabera, AEBetako armada sekretua dira. Ezkutuko operazio batean hil dute aurten Osama Bin Laden. Al Kaedak ez du gerra irabazi —inork uste zuen hala izango zela?— eta aurten herrialde arabiarretan izandako erreboltak ez dira haren eskuetatik etorri, herritar xumeen ekimenetatik baizik. Libian, Mendebaldeak esku-hartze zuzena izan duen matxinadan, bestelakoa izan da prozesua. Al Kaedarekin loturak izateagatik atxilotutako gizon bat da orain Tripoliko buru militarra: Abdel Hakim Belhaj. Talde Islamiar Borrokalaria sortu zuen Belhajek. Taldeak bi entrenamendu gune zituen Afganistanen I-11 baino lehen. Haietako batean Al Kaedako boluntarioak hartzen zituen. AEBek jihadistak baliatu zituzten Afganistanen sobietarren kontra. Orain antzera jokatu dute Gaddafi botatzeko. Belhajek-eta loturak izan zituzten New Yorkeko atentatuak egin zituen erakundearekin, baina horrek ez dio ardurarik.

Duela hamar urte jaun eta jabe ziren AEBak munduan eta egun, ñabardurak ñabardura, halaxe segitzen dute. 2001ean lehen hamar urteak pasatuak ziren Sobiet Batasuna eta sozialismo erreala deiturikoa desagertu zirenetik. Orain, hamar urte geroago, merkatu librearen globalizazioak kontsumitzaile apolitiko bihurtu ditu demokrazietako herritarrak, eta globalizazioak sortutako desberdintasunak indarkeriaranzko bidea dira, Eric Hobsbawm historialariak Globalizazioa, Demokrazia eta Terrorismoa liburuan adierazi duenez. Demokrazia kapitalista hedatu da munduan, baina sistema horrek gero eta gutxiago du demokraziatik, eta gero eta gehiago kapitalismotik. Duela hamar urte termino zaharkitua ematen zuen demokrazia kapitalista horrek, baina halaxe deitu beharko genioke sistemari, alienazioak ezarritako tabu semantikoak gainditzen jakingo bagenu. Rafael Pochek era honetan azaldu du La Vanguardia egunkarian: «Frantziako Iraultzaren aurreko oligarkia bezalako oligarkia batek zuzentzen du gaur egun nazioen etorkizuna. Orduan boterea monopolizatzen zuten kleroa eta nobleza populazioaren %2 baino ez ziren. Gaur antzeko oligarkia baten eskuetan dago mundua. Azken diferentzia ez da demokraziaren eta demokrazia ezaren artean, oligarkia gobernu moten artean baizik (…) Baldintza normaletan, botoak ez du gauza handirik erabakitzen, ez baitu funtsezko ezer aldatzen».

Aurten Perpinyan izan naiz berriro, urteroko argazki erakusketa ikusten. 2001eko gaiak ez daude, baina haiek salatutako errealitateak bere horretan dirau: Schengen etorkinen kontrako gotorlekua da, Ramalako umeek Israelen zapalkuntza sufritzen dute oraindik, Errusia Putinen menpe dago eta Pakistanek txikituta segitzen du. Aurtengo gaiek ez dute esperantza izpi askorik ekarri: Afrikako gerrak, Afganistango egoera, Kolonbiako drama, Txinako ospitale psikiatrikoak... Guatemalari buruzko erakusketako tituluak gerra zibilaren ondoko bakean indarkeria inoiz baino biziago dagoela agertzen du: Gerra baino askoz bortitzagoa den bakea. Hausnarketak Guatemalarako ez ezik mundu osorako ere balio du, I-11ren hamargarren urteurrenean: zer gertatzen da munduan, bakea lortu arren, bake iraunkorrerako benetako oinarririk ez dagoenean? Zer gertatzen da herritarren eta herrien eskubideak errespetatzen ez direnean, justizia bermatzen ez denean eta belaunaldiz belaunaldi errotutako miseriak indarkeriarako atea irekitzen duenean? Gizartearen errebolta, baztertuen, haserretuen matxinadak izango dira datorren hamarkadako protagonistak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.