Garbi dago hiria gauza naturaletako bat dela, eta gizakia izaeraz hiriko animalia». Horrela dio Aristotelesek bere Politika-n. Eta hitz hauek poesiaren jardunarekin uztartzen dira: hitzaren bitartez zizelkatzen du poetak bere errealitatea, polisean, agoran, hiriko plazan.
Poemaren sorkuntzan, poetak hitzarekin jolasten du, hitza behar du harilkatu. Eta hitzekin beste elementu bat askatzen du: barruko sentimenduak. Sentimenduak oso bereak izan arren, poema irakurle/entzuleari ematen dionean, sentimenduak jada ez dira bereak, irakurle/entzulearenak baizik, poemari gorputza ematen dion beste horrenak, ezinbesteko figura. Kontraesana badirudi ere, poetak hitzaren bitartez atzeman nahi du errealitatea, errealitateari erantzun, eta hor ezinbestekoa du hitzen bidez erantzutea. Errealitateari erantzuteko, beraz, poetak hitza eta gogoeta ditu tresna, hitza da errealitatea eta bien arteko zubia. Halere, zubia ez da igarobide lasai bat. Zubi horretan ezbai asko daude, bihurgune ugari, poetarentzat ez baita erraza hitz egokia topatzea errealitatea atzemateko. Eta horixe da poetaren erronka, errealitate horren erpinak arakatzea, errealitatearekiko jakin mina sekula galdu gabe. Zentzu horretan, Goethe-ren hitzak gogoratuz, artearen jardun gorena eta bakarra forma ematea da. Poesiak, gizakiak, poetak, bere hitzekin erantzuten duenean forma ematen dio errealitateari, polisean gertatzen denari, polisarekin bat eginez.
Alde horretatik, ezin ahaztu Xabier Leteren hitzak: «eta poeta eta poeta, etxean gelditu da ateak itxita». Nonbait, haserretu egin da poeta, bizkarra ematen dio kanpokoari, polisari, hiriari. Eta beharbada, baita ere bere buruari. Baina ez hori bakarrik. Aristotelesi kasu egitera, «hitza, ordea, komeni dena eta kaltegarri dena, bidezkoa eta bidegabekeria, adierazteko erabiltzen da». Poeta abere politiko baden neurrian, poesiatik lerratze etiko bat egiten saiatzen da; hau da, polis-ekoa, hirikoa den neurrian, parte hartzen saiatzen da, estetika eta etika bat proposatuz.
Edonola ere, gaurko egunean polis-a bera ezbaian ageri da; eta baliteke hiri berri baten atarian egotea. Eta, ondorioz, gizaki berri baten atarian, aurrekoa gainditzekotan dena. Baina gizaki berri honek ez du zerikusirik Nietzschek aldarrikatzen zuen gain-gizakiarekin, ezta, haren ifrentzuan,Tosltoik desio zuen anaitasun loturak izango zituen gizakiarekin. Gaurko hiria, Leteren poeta huraxe bezala, ateak itxita geratu da, bere baitan bilduta bezainbat bere baitatik ihesi. Edo José San Martinen hitzetan esanda, «gure historia hasi genuen izaditik gutxi gorabeherako ihesaldi batekin. Denboraren poderioz, urrentze hori areagotu egin da. Gaur, bidea, errealitate birtualean amaitzen da. Naturaletik birtualera, eta historiak jarraitzen du».
Birtualtasunaren mito honek badu bestelakorik ere. Non atzemango du errealitatea poetak? Nora begiratu? Birtualtasunaren ezbai berri honetan, baina, mugatu egiten zaio espazioa gizakiari. «Agoraz beste» egin duela esan daiteke. Beharbada, hutsune horren (eta beste askoren) karietara, agora hartu dute berriz haserretuek. Agora eta hitza. Entzunak izateko. Errealitatea antzemateko. Horixe da gizakiaren espazioa, polisa, eta gizakiarena den neurrian, poetarena.
Poesiatik Polisera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu