Txori Barrote kasuaren ustezko apologia delitua dela-eta (299/2011ko apirilaren 25eko Auzitegi Gorenaren Epaia) Auzitegi Nazionalak eta Gorenak dagoeneko «preso politiko» esamolde bera erabili izana argudio eta aztarna bezala erabili nahi izan zuten ETAren jarduera goratzen ari zela frogatzeko ahaleginean. ETAkideak preso politikoak direla esatea horien jardunari garrantzia kentzea —justifikatzea— omen da Auzitegien aburuz. Baina urrunago joan da Espetxeetako Administrazioak preso politikoa norbere burua izendatzea eragotzi nahi izan duenean ETAkideetako batzuek beraien eskutitzak idazteko orduan. Bi kasuak desberdinak dira; batean, preso politikoaren adiera erabiltzearen ondorioa penala zelako (apologia delitua leporatuta) eta bestea esku-hartze administratiboa soilik delako (eskutitza bidali ez). Baina azken buruan bietan ondorio zigorgarria dakar preso politikoa esalmoldea erabili izanak. Eta hori al da estatu demokratikoan gizalegezkoa?
Preso politikoa esamoldeak, Frantziako iraultzaz geroztik, ukitu edo konnotazio positiboa zekarren, egiten zen ekintza, indarkeriazkoa izanik ere, ulertze aldera; izan ere, egoera politiko injustua iraultzeko egitekotan, motibazio altruistatik egiten baitzen. Motibazio onak bidezkotzen zuen nolabait indarkeria. Frantziako iraultzak lehengo erregimena, erregimen injustua gainditu nahi zuen, berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna ezartzeko asmotan. Errege absolutuak ez zituen errespetatzen menpekoak, agindupekoak: haiek torturatzen zituen, heriotza zigorra aplikatzen zien, klase eta pribilegio desberdintasunak sustatuz. Burgesiak, horren ondorioz, begi onez ikusten zuen errege eta nobleen kontrako aitzineko erregimena iraultzeko indarkeria politikoa, eta handik eta gaurdaino indarkeria politikoa erabiltzen denean zuzengabeak diren botereak borrokatzeko ondo ikusia-edo egoten zen.
Aipatu oinarri historikoarenildotik, preso politikoa, zentzu hertsiago batean, erabiltzen da, nazioarteko giza eskubideen estandarrei helduta, estatu demokratikoetan delitutzat jo ezin diren ekintzengatik kartzelan daudenak izendatzeko. Edonor bere iritzi edota ideologia hutsa adierazteagatik ezin da kartzelatua izan, esaterako, eta, hori dela eta, kartzelan sartzen badute, kontzientzia-preso edota preso politiko bilakatzen da, zentzu erreibindikatiboan. Kasuotan preso politikoa da, Estatuak edo botereak nahi ez duen politika egiten duelako, iritzi edo ideologia-askatasuna modu ez-zilegian murriztuz.
Amnesty International-ek jarraitzen duen ikuspegi horretatik, ETAkide asko eta askoren kasuan preso politikoak ez dira: alegia, giza eskubideen estandarretatik begiratuta, egiten duten ekintza, hala nola norbait tiroz edota lehergailu bat bere auto azpian jarrita hiltzea edo norbait bahitzea, delituzkotzat jotzekoa da-eta. Eta delituzkoak jotzekoak dira, bai estatu demokratikoetan bai ez-demokratikoetan. Areago, aipatu ekintzak zibilen kontrakoak edota umeen aurkakoak direnean, guda-egoera formalean ere guda-krimenak lirateke, bere zigorra ere ekarri beharrekoak. Beste kasuetan, ostera, ETAkidetzat jo izandakoak preso politikoak izan daitezke. Gogora dezagun 18/98 makroprozesuaren kasua edota Egunkaria auzia. Baina baita Otegiren kasua bera ere. Bertan hainbat lagun ETAkideak omen ziren beraiek jakin barik, «dena ETA» delako doktrinaren zurrunbiloan. Bai Alderdien Legearen, bai Auzitegi Nazionalaren ikuspegiak, askotan, ETAkidearen kontzeptua zabaldu dute, iritzi edota ideologia hutsa kriminalizatu arte, tartean benetako delituzko ekintzarik izan gabe. Epaileek modu formalean ETAkide deitzen dieten batzuk, kondenatu dituzten batzuk, hortaz, preso politikoak izan badira, beste batzuk, ostera, ez dira.
Esanik esanda, preso politikoak izan ala ez izan giza eskubideen estandarretatik begiratuta, ETAkide guzti-guztiak motibazio politikoa duten presoak dira. Esamolde horrekin indarkeriazko jardueren atzetik dagoen motibazioa da azpimarratzen dena, motibazio hori dela-eta hiltzen, bahitzen, bonbak jartzen, tiroak ematen dituenaren balorazioa zabalago gertatzen dela.
Pentsa dezagun IRA erakundearen jardunean. Horren kasuan, ingelesez presoak beti «motibazio politikoko presoak» (politically motivated prisoners) deituak izan dira, beraien burua izendatzeko eta askotan ere beraiek ez baizik eta beraien aurka ziren esparru ideologikoetakoen aldetik. Esamolde horrek ez du halabeharrez balorazio ona ekartzen egindako ekintzentzat, baina agerian uzten du fenomenoaren izaera politikoa, nire aburuz, ukaezina izaten dena bai IRA bai ETAren kasuan.
Bukatzeko, ordea, hasieran esandakora itzuli nahiko nuke. Preso politikoa —kontzientzia-preso gisa ulerturik— izateak ala ez izateak ez du esan nahi zilegi denik horren erabilera zuzenbide penal edo zigorgarriaren bitartez debekatzea. Bai Espetxeetako administrazioak bai Justizia Administrazioak esamolde horrekin ondorio zigorgarriak lotu dituztenean urrunegi joan dira, Estatu demokratikoetan onartu behar diren eztabaidak horrela murriztearen bitartez. Preso politikoen inguruko eztabaida politikoa da, eta horri argudioekin —ez zigorrekin— erantzun behar zaio demokrazian sinestekotan. Espainiako Estatuak hitzei kartzelaz aurre egin nahi izanez gero, bukatuko du preso politiko gehiago sortzen: hau paradoxa!
Preso politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu