Baldin eta epaileak, eskubidearen ordena gorde gabe, tormentu bidez lortuko balu akusatuaren aitorpena, ezingo luke zigortu, horrela jokaturik ez baita epaile».
Hori XVI. mendeko esaldi bat da, Frantzisko Vitoriak idatzitakoa; nazioarteko zuzenbidearen sortzaileetako bat izan zen, baita giza eskubideen defendatzaile irmoa ere.
Izan ere, hain zuzen, horixe galdegin zuten joan den larunbatean milaka pertsonak, Euskal Herriko hainbat kaletara irtenda: euskal presoen eskubideak errespetatzea; ezer gehiagorik ez, baina ezta gutxiagorik ere.
Izan ere, tormentu bat da, Vitoria domingotarrak adierazi bezala: preso atxikitzea gaixo dauden pertsonak; kartzelatuen senideei ehunka kilometro eginaraztea beren hurkoak ikusteko; bizi guztiko zigorra ezartzea de facto; ez betetzea legea eta ez ematea kartzelako hirugarren gradua zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenei...
Bake garaian salbuespen legedi bati iraunaraztea Europan luzaroan egon den tradizio humanista baten kontra doa; tradizio horixe da, ezbairik gabe, demokrazia garantista baten oinarri funtsezkoetako bat. Preso dauden pertsonak bahitu gisa tratatzea, eta ez subjektu eskubidedun gisa, oinarri horien kontra doa erabat.
Izan ere, salbuespen neurri horiek berekin dakarte gerraren alde egitea; euskal gizarteko gehienak, berriz, bake gogoz eta elkarrizketaren alde daude.
Izan ere, herrialde honetako herritarren nahia da akordio bat lortzea, indarkeriazko iragana amaitzeko; bakezko eta justiziazko etorkizun baten alde daude. Akordio horrek oinarritzat izan beharko du errespetatzea, zehatz-mehatz, gizabanako eta giza talde guztien eskubideak. (...)
Benito Juarez mexikarrak esan zituen hitzak gogora etortzen zaizkit: «Bai banakoen artean eta bai nazioartean, lagun hurkoaren eskubideak errespetatzea da bakea».)
(Erredakzioan itzulia)
Presoak, eskubidedunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu