Publizitateak politika ordezkatzen duenean

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Martxoaren 30ean, 2015-2020 urte bitarteko segurtasun eta osasunaren Euskal Estrategia berria ezagutzera emango da. Estrategia horrek datozen urteetan garatu beharko liratekeen politiken eta prebentzio ereduaren oinarri izan beharko luke. Hau da, zer egingo duen Eusko Jaurlaritzak lanpostuetan osasuna eta bizitza gal ez ditzagun.

Inongo berrikuntzarik ez. Aurreko egitasmoen eta Europan zein estatuan lan osasunaren arloan ezarri den estrategiaren jarraipen hutsa baino ez da. Ezin dugu estrategiaz hitz egin, asmo-adierazpena izatera mugatzen baita.

Kontinuistatzat jotzen dugu, orain arte egindakoaren jarraipena delako. 2011-2014ko Estrategiarekin alderatzen badugu, ikusiko dugu ia-ia aurrekoarekin egin den berdina egingo dela. Ez da, egin denari buruz, benetakoa eta kuantitatiboa den gogoetarik egin. Baina nahiz eta onartzen den «arriskuen ebaluazioak jeneralistak direla eta ez dutela prebentzioa egiteko balio» eta «prebentzioaren kulturan ez dela aurrera egin», orain arte egindakoa onuragarria izan dela deritzote.

Horri asmo-adierazpena deritzogu, ekintza zehatzik adierazten ez duelako prozesu helburuak eta horien eragina ezartzearren. Horrez gain, ez da inolako aipamenik egiten izango dituen eta hura gauzatzeko behar diren baliabide ekonomiko, material eta giza baliabideez. Are gehiago, kontuan hartu behar da, azken urteotan, Osalanen aurrekontuak pixkanaka eta etengabe behera egiten ari direla, eta horren lekuko izan garela.

Osasun galeren funtsezko zergatiak ezagunak dira: behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, ordutegia, alderdikeria... hots, prekaritatea. Azken urte hauetan lan harremanen prekarizazioan sakontzen jarraituko duten bi lan erreforma onartu dira. Baztertu behar ez den errealitatea da, baina aipatu ere ez da egiten. Estrategia eraginkorrak baldintza horiei aurre egin ahal izateko behar diren neurriak kontuan hartu beharko lituzke.

Testuinguru honetan administrazio publikoak ez dira bustitzen, kanpoko eztabaida baten arbitro gisa agertzen dira; administrazio publiko horiek langile gisa dagozkigun eskubideak beteko direla bermatu behar ez balute bezala.

Ez da krisiaren, ezta horrek gure osasunean dituen ondorioen aipamenik ere egiten. Tamalez, hurbil daukagu Nafarroako kidearen suizidioa, Miren Peñarena, enplegua galdu izanak eta berehalako etxegabetzeak eragindakoa. Estrategia batek gogoan hartu beharko lituzke langileriaren osasuna bere osotasunean, osasun publikoaren beste atal bat bezala, eta, hortaz, enplegua galdu izanak, langabeziaren ondorioak, prestazioak gero eta zailtasun handiagoz eta kopuru txikiagoan eskuratu ahal izateak... gure osasunean dituen ondorioak kontuan hartuz.

Ez da batere aurreratu gaixotasun profesionalak ez errekonozitzearen problemaren aurrean. Hori ez zaie batere interesatzen, ez mutuei ez eta patronalari ere. Ez zaio aipamenik ere egiten mutuen erreformari, eta oso argi dugu hau pribatizaziorantz garamatzan urrats bat gehiago dela, lan osasunaren kaltetan eta mutuen irabazien alde.

Laneko Ikuskaritza, aldiz, gero eta egoera kaotikoagoan dago, ez du norabide zehatzik. Horren adierazgarri da, 2011z geroztik, Laneko Ikuskaritzaren jarduketak eta errekerimenduak erdira urritu direla. Hori borondate politikoa betez egiten da, non ikuskaritzak parte hartzen duen %8 baino ez den zigortzen. Hots, istripuak istripu, gaixotasunak gaixotasun, prebentzioaren araudia betetzen ez bada ere, ez da ezer gertatzen, langileriak ordaintzen baitu odol-kanona.

Estrategia horrek bere egiten ditu Confebasken postulatuak. Langileria erruduntzat jotzen du izaten diren istripu eta laneko gaixotasunez, enpresarien ardura leuntzen du, eta aipatutako ardura langileriak duenarekin parekatzen du. Une oro ahanzten du nortzuk diren ekoizpen baliabideen, lan antolaketaren, prebentzio politiken arduradun.

Gure ustez, borondate politikorik ez dagoelako, berriro ere, zerbait garrantzitsua egiteko aukera galdu dugu. Edukirik gabeko marketin eta publizitate kanpainak egitera mugatzen dira. Porrot egin duen eta kanpotik ekarri den eredu batez ari gara; ezer aldatu gabe, aldatzen ari dela dirudien asmo-adierazpen zaharkitu batez ari gara. Horrela ez zaio aurre egiten patronalari, aitzitik, harekin bat egiten da, gure osasunaren eta bizitzaren lepotik irabaziak areagotu ditzan.

LAB sindikatuak laneko segurtasun eta osasun politikak erabat alda daitezela eskatzen du. Beti bezala, aurrerantzean ere, enpresa bakoitzean, sail sindikal bakoitzean egingo dugu lan eta borrokatuko gara langileriaren lan baldintzak hobetu daitezen. Hori da gure alternatiba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.