'Quid prodest', Europa?

2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Quid prodest?», «Nork irabazten du Europan?» Hau da milaka hiritar europarrek geure buruari galdetzen dioguna kontinenteko agintariek egungo krisi kapitalista hasi zenetik aplikatzen dituzten politikak ikustean eta zuzenean pairatzean.

Europar Batasuneko (EB) gobernu guztiak, krisi kapitalistaren aitzakipean, Sarkozyk aipatu zuen «kapitalismoaren birsortzeari» ekin diote. Horrela, hartzen ari diren neurriak jada 2007ko Lisboako Itunean agertzen ziren.

Neurri horiek oinarrian berdintsuak dira herrialde guztietan: soldata murrizketak langile publikoei; lan merkatuan malgutasun handiagoa, kaleratzeak merkatuz eta langileen lan-ordutegiak egokituz horretarako; prestazio eta gastu sozialetan murrizketak eta jubilazio adinaren atzerapenak, kotizaziopeko pentsioak jaso ahal izateko baldintzak gogortuz; pribatizazioen hedapena, sektore publikoaren presentzia ehun ekonomikoan txikituz; inbertsio publikoen izozketa; zergen gorakada eta politika fiskal neoliberalaren ezarpena, kapitalaren errentak eta espekulazio finantzarioa babestuz; negoziazio kolektiboaren desarautzea, lan harremanen indibidualizazioa sustatuz eta, Euskal Herriaren kasuan, hitzarmen sektorialak ezabatzeko helburu erantsiarekin, Lan Harremanen Euskal Esparrua ezinezko bihurtzeko asmoz.

Aipatutakoaz gain, Alemaniako gobernu kontserbadoreak beste bi ardatz ezarri ditu etorkizuneko politika ekonomikoetarako: soldata igoerak KPIaren igoeratik desberdintzea eta etorkizun hurbilean Europar Batasuneko zor publikoa «defizit 0» izan dadila. Merkelek esandakoari jarraiki, PSOEk eta PPk ez dute zalantzarik izan gastu publikoa legez mugatuko duen espainiar konstituzioaren erreforma egiterakoan, behin betirako itxiz sektore publiko indartsua izango duen eredu sozial alternatibo bat eraikitzeko aukera.

Neurri guzti horiek osotasunean eta gordinki hartu dituzte Estatu espainiarreko, Greziako, Portugaleko, Italiako eta Irlandako Gobernuek, eta maila apalago batean Europar Batasuneko beste hainbat gobernuk.

Beraz, salagarria da alde batetik finantza sistema salbatzeko errekurtso andana erabili izana, kapitala bertan sartuz eta bankuei likidezia emanez, eta bestalde, hazkunde ekonomikoa eman den azken hamarkadetan diru hori erabili ez izana enplegua babesteko, desenpleguaren hazkundea borrokatzeko, edota beharrizan ekonomiko handienak dituzten herritarrei diru sarrera eta prestazio sozial gutxieneko batzuk bermatzeko. Aritzeko era horrek argi uzten du egungo europar eraikuntza ereduak kapitalismoaren alde jokatzen duela, eta politika horien ondorioz, europar langile klasea larrutik ordaintzen ari da kapitalaren gehiegikeriak, zeintzuk gaur egun desenpleguaren eta pobreziaren hazkundea eta lan eskubide eta gizarte prestazioen murrizketa ekarri duten.

Alternatiben beharrizana

Eskumako komunikabideek eta Europar Batasuneko gobernu erregional eta estatal ezberdinek euren politika neoliberalak irentsi behar ditugula sinetsarazi nahi digutenean, beharrezkoa da klase sindikalgintzatik eta gizarte mugimenduetatik alternatibak mahaigaineratzea, etsipenean jausi gabe.

Europako ezkerra jada eztabaidatzen ari da zenbait gairen gainean: Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baten ezarpena EB osoan eta eremu berdinean langile eskubideak onartuko dituen Langile Estatutu duina borrokatzea; etekinak dituzten enpresetan deslokalizazioak eta kaleratze kolektiboak mugatuko dituzten neurri legislatiboen ezarpena; zerbitzu publikoen eta interes orokorrekoen pribatizazioen aurka borrokatzearen beharra eta abar. Azken finean, inoiz baino ageriagoa da Europa sozialaren alde borrokatzea beharrezkoa dela.

Gainera, Euskal Herrian jendartearen gehiengoaren mesederako izango diren politika ekonomiko, sozial eta fiskalak aurrera eramateko beharrezkoa dugu subirautza ekonomikoa izatea. Izan ere, eremu politikoan erabakitzeko aukerarik izan gabe, subiranotasun ekonomikoa eta nahitaezkoa den politika sozialen suspertzea ez da posible.

Europan egun indarrean den ereduari alternatibak landu ahal izateko, behar-beharrezkoa dugu klase sindikalgintzak, ezker eraldatzailea osatzen duten alderdiek eta europar mugimendu sozialak gutxieneko aldarrikapen batzuk adostea, ahal den neurrian, gure indar eta borrokak koordinatu ditzagun, gure klase arerioek euren neurriak guri inposatzerakoan batera aritzen dira eta.

Bide horretatik, LABetik gure ekarpentxoa egin gura dugu, eta, horregatik, hilaren 29rako Donostian Europar Batasuneko politikak krisiaren aurrean eta sindikatuen borroka lelopean jardunaldia antolatu dugu, non, besteak beste, Grezia, Italia eta Portugalen ematen ari diren borroka sindikalen aitzindaritza duten sindikatuek parte hartuko duten. Gainera, urriaren 3an ere kalera aterako gara Munduko Federazio Sindikalak (MFS-FSM) deituriko Nazioarteko Mobilizazio Egunean.

Soilik beste mundu bat eta beste Europa eredu bat posiblea eta beharrezkoa dela uste dugunok era koordinatuan eta helburu argiekin bat egiten badugu, norbaitek «Quid prodest?» galdetzean, guk zera erantzun ahal izango dugulako: langile klaseak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.