Russellen hiru grinak

2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Udako egunetan liburu arin eta atseginak irakurri nahi izaten ditugu. Bertrand Russell filosofo ingelesaren autobiografia erraldoia berrargitaratu berria hautatu dut aurten. Norbaitek esan du mendeko autobiografiarik egiatiena dela. Irakurterrazena ere bai, erantsiko nuke nik.

Hitzaurre ezin motzagoan ondo laburbiltzen digu bere bizi ibilbidea: «Hiru grina sinplek, baina izugarri indartsuk, gidatu dute nire bizitza: maitasunaren egarriak, ezagutzaren bilaketak eta gizateriaren oinazearekiko erruki eramangaitzak. Hiru grina hauek, mendebal haize gogorren antzera, batera eta bestera eraman naute, bide aldakorretik, larriminezko ozeano sakon baten gainean, etsipenaren ertzeraino».

Lehenik eta behin, maitasunaren bila ibili zen, «estasira daramalako, bakardadea arintzen duelako eta santuek eta profetek imajinatu zuten zeruaren aurreikuspena delako». Eta, azkenean, aurkitu egin zuela esaten digu Russellek. Lau bider ezkondu zen. Bigarren emaztearekin batera «eskola propioa» sortu zuen bere bi seme-alabei heziketa egokia emateko.

Bigarrenik, irrika berberaz bilatu zuen ezagutza. Gizakien bihotza ulertu nahi izan zuen. Izarrek zergatik dirdiratzen duten jakin nahi izan zuen. «Numeroak fluxua menderatzen duen indar pitagorikoa» atzematen ahalegindu zen. Holako zerbait lortu omen zuen, nahiz eta asko ez izan. Oso gaztetatik matematikak liluratu zuen eta bere babesleku bihurtu («matematika gehiago jakin nahi nuelako ez nuen neure buruaz beste egin»).

Ziurtasunaren bila ibili zen beti («Ziurtasuna behar nuen jendeak fede erlijiosoa behar duen modu berean»). Matematika eta logika jorratu zituen grinatsuki, proposizio logikoetan egia ziurrak aurkitu asmoz. «Logikaren miatzaile» deitu zion bere buruari. Problema filosofikoak, ikuspegi logikotik aztertuz gero, banan bana konpon zitezkeelakoan zegoen. Wittgensteinek teoria logizistari egin zion kritikak bihotza nahastu zion Russelli, ia etsiak hartzeraino.

«1914-1918ko gerrak dena aldatu zuen niretzat». «Pitagorasengandikurrundu» eta politikaren mailan ekin zion arrazoiaren defentsa erradikala egiteari. Nahiago izan zuen gai etiko eta politikoak landu, epistemologiako gaiak baino. Sistema politiko eta sozial zuzengabeek gizateriari eragiten dizkioten alferrikako sufrimenduak sutsuki gaitzetsi zituen. Kartsuki borrokatu nahi izan zuen gaizkiaren kontra, baina ezin izan zuen, eta horrek etsipena eta oinazea eragin omen zion.

Konpromiso politiko eta sozial handia erakutsiz, beti borrokatu zen gizatasunari lotutako baloreen alde. 1920an gupidarik gabe kritikatu zuen boltxebismoaren askatasun politikorik eza; sozialismo demokratikoa, berriz, begi onez ikusi zuen («Komunismo errusiarra hondoratu egin daiteke eta mapatik ezabatu, baina sozialismoa ez da inoiz hilko»). Alderdi laboristako kide izan zen. Bizitzari buruzko bere filosofiarekiko koherente izaki, intelektual konprometituaren eredu bihurtu zen. Beharbada, horregatik deitu dio norbaitek «mendeko filosofoa».

Russell bere garaiko filosoforik entzutetsuena izan zen, seguru aski. Aldezkari adinbat aurkari izan zituen; «jenio santua» zen batzuentzat, eta «gure garaiko hereje handiena eta pertsona inmoralena», besteentzat. Filosofiak «jendearen eguneroko arazoez» arduratu behar duela defenditu zuen: seme-alaben heziketaz,erlijioaren eginkizunaz, sexuen arteko harremanez, ezkontzaz edota zoriontasunaz. Azken horiek, ordea, ez zituen «zientzia» mailakotzat hartu. Judizio etikoak subjektibotzat zeuzkan (oker zebilen horretan, etika «objektiboa» baita).

Russellek giza arrazoimenean sinesten zuen, jarrera dogmatiko eta irrazionalen aurka: «Arrazoiaren indarra txikiesteko ohitura dago gure egunotan, baina nire aldetik arrazionalista porrokatua izaten jarraitzen dut. Daitekeena da arrazoia indar kaxkarra baino ez izatea, baina indar horrek etengabe dirau eta norabide berean dihardu beti, desarrazoiaren indarrek borroka hutsaletan elkar suntsitzen duten bitartean».

Badirudi nolabaiteko desorekaedo etena nabari dela Russell filosofo zientifiko arrazionalistaren eta Russell intelektual politiko-moral sentimentalistaren artean. Horregatik, «bi» Russell daudela esan izan da: auzi filosofiko etazientifiko sakonez arduratutako filosofo logikoa batetik, eta gizakiarentzako bizierarik zoriontsuena zein den bilatzen eta erakusten saiatu zen ekintzaile inkonformista eta hizlari polemista, bestetik. Lan etiko eta politiko horiengatik eman zioten Literaturako Nobel Saria 1950ean.

Alde batetik, ezagutza posible ote den jakin nahi zuen; bestetik, bere eskumenean zegoen guztia egin nahi zuen mundu zoriontsu bat sortzeko. Neurri handi batean, alde bien arteko sintesia egitea lortu zuelakoan zegoen Russell. Pentsatzen zuen egia teorikoa existitu egiten dela eta benetan merezi duela mundu libre eta zoriontsuago baten alde jardutea. Nahiz eta batzuetan eszeptizismoak jo, ez zuen inoiz esperantzarik galdu.

Azken urteetan arrisku nuklearraz biziki arduratu zen, zibilizazioa suntsi zezakeelakoan baitzegoen. Hutsik egin gabe parte hartu zuen Trafalgar Squaren egin ohi ziren agerraldi bakezaleetan, baita aldarrikapen feministen aldeko kale manifestazioetan ere. Estatu Batuek Vietnamen kontra zeramaten erasoaldia zela eta, Gerra Krimenen Nazioarteko Tribunala—Russell Auzitegia— sortu zuen.

Maitasunak eta ezagutzak zerurantz eramaten zuten Bertie, baina, azkenean, errukiak lurrera itzuli arazten zion beti. Sir Bertrand Russellen bizitza moldatu zuten hiru pasio «sinple baina izugarri indartsu» horiek baino ederragorik ba ote dago ezer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.