Charles Darwingek 1859. urtean Espezieen jatorriaz liburua plazaratu zuen bere hain ezaguna den hautespen naturalaren teoria azalduz. Piotr Kropotkin zientzialariak, pentsalari anarkista moduan ezaguna denak, 1902. urtean Elkar laguntza: faktore bat Eboluzioan argitaratu zuen Darwingen teoriari bestelako ikuspuntu bat gehituz. Bai, hala da, espezieen elkar arteko borroka bizi iraupenerako errealitate bat da, baina berak Siberian egindako ikerketetan joera ezberdin bat aurkitu zuen: elkar laguntza. Eta bere tesia argia zen: elkar laguntza garatzen zuten espezieek gero eta garapen hobeagoa lortzen zuten, eta, aldiz, barne borroka garatzen zutenek espeziearen gainbehera sortzen zuten. Autore batzuek teoria hauek kontrastatzeko inguruneak modua determinatzen duela adierazten dute; hots, Darwinek Galapago irletan egin zituen bere ikerketak, klima atsegin batean hain zuen, eta Kropotkinek, aldiz, Siberian, negu gorrian. Hori dela eta, espezieen joera aldatzen da. Ingurune gogorretan elkar laguntzarako joera agertzen da, ingurune atseginetan, aldiz, konpetentzia.
Hemen eta orain XXI. mendeko euskaldunok ingurune latza pairatzen ari garela esan dezakegu. Krisialdi ekonomiko sakona daukagu, gizarte eredua kolokan dago, balioen krisia, elikagaiak, klima… Baina askotan errepikatu bada ere gogorarazi nahi dut txinatarrez krisia eta aukera esateko hitz berbera erabiltzen dela. Zibilizazioaren krisi bat bizitzen ari gara, baina zibilizazio berri bat sortzeko aukera ere badaukagu. Gaur egungo krisialdi globalak erantzun integrala eskatzen digu. Hitz potoloak. Eredu aldaketa bat behar dugu, mundu berri bat sortu behar dugu, baina nondik hasi? Ni? Gu? Nola eragin? Zer egin?
Gure historiak badauzka hortarako giltza izan daitezkeen formulak. Auzolana eta Batzarrea gizarte tresna komunalak izan dira, bestelako Euskal Herri bat egiteko. Adélaïde Daraspe ikerlariak 2011/9/4ko 7K-n adierazten zuen moduan, XVII. mendeko bidaiariek Euskal Herria definitzerakoan euskaldunen sosegua nabarmentzen zuten; anaitasuna, elkar laguntza, lan komunitarioa, horrek larritasuna kentzen zuela adieraziz.
Baina hori gaur egun nola lotu? Baditugu adibide garbiak. Gure gurasoek beraien haurrei bestelako hezkuntza eskaini nahi zieten, eta auzolanean bestelako eredu bat sortu zuten: ikastolak. Herri guztietan bizi eta gozatzen ditugun jai herrikoiak jai batzordeek sortzen dituzte, baldintza bakarra oinarritzat izanik: ospakizun herritarra, gozamen komunala. Gaur egungo kontsumo taldeak bestelako harreman merkantilista bat sortzen ari dira baserritarraren eta kontsumitzailearen artean. Orain irakurtzen ari zaren egunkaria esfortzu komunalean oinarrituta dago, herri akzioak, diru laguntzak, bestelako hedabide batzuk sortzeko. Adibide mordoa ditugu gure herrian, anitz eta pluralak, tokian tokikoak, herrialdeetakoak eta nazionalak; bestelako erantzunak emateko garaian txapeldunak garelako. Horra hor Korrika, horra hor Ikastolen Jaiak.
Auzolan egitasmoko kideok urtebete baino gehiago daramagu auzolanaren inguruko hausnarketak lantzen. Bestelako ahalegin bat. Hau guztia sozializatzeko, hausnarketa kolektiboa egiteko, elkar ezagutzeko eta Euskal Herriko Auzolan sare nazionala sortzeko, Usurbilen, irailaren 30erako, urriaren 1erako eta 2rako I. Auzolan Topaketak antolatu ditugu. 500 pertsonarentzako lekua dago, eta www.auzolan.info webgunean informazio osoa aurkitzeko aukera daukazue.
Krisialdi garaiak erantzun berrien garaia eskatzen du, eta, bide batez, ardura berrien garaia. Ahalegina denona da, gure esku dagoelako, eta bakarrik gure esku, eraldaketa sozio-politikoa. Nire aldaketak gure aldaketan eragiten duelako, eta, ondorioz, ingurunearen aldaketan. Eta nia gu barik ezin da jokatu. Herri honetan hori oso argi daukagu. Sormen nazionalaren garaia heldu da, ez dago eraikuntzarik lur emankor barik. Ez dago aitaren etxerik amalur bizirik gabe. Sor dezagun bidea, aukera garaia heldu da eta.
Sormen nazionala: auzolana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu