Telebista ikusi ala irakurri?

Beatriz Zabalondo.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Badira hogei urte inguru, begien mugimenduak oinarri hartuta, psikologoek-eta ulermen eta kognizio prozesuei buruzko ikerketa betean dihardutela. Bide horretatik bertatik, garai bateratsuan edo geroxeago abiatu ziren azpidatziei buruzko hainbat ikerlan, baita gorrentzako azpidatziei buruzkoak ere.

Duela gutxi jaso dut Romero-Frescok begi mugimenduei jarraituta egin duen ikerketa horietako baten berri, azpidatziak irakurtzeko gaitasuna eta irakurleak prozesatzen duen informazio kopurua neurtzen duena, hain zuzen. Nago autoreak azpimarratu dituen ondorioak kontuan hartzekoak izan litezkeela gure telebisten testuinguruan.

Romero-Frescoren ikerketaren abiaburua hauxe izan zen: abiada desberdinean jarritako ingelesezko azpidatziak irakurrarazi zizkien subjektu batzuei, aldi berean, zenbat informazio bereganatzen zuten neurtzeko.

Azterketa bideratzeko, 20 eta 45 urte bitarteko 30 pertsona hautatu zituen, entzule normalak guztiak —ez gorrak, ezta entzuteko zailtasunak zituztenak ere—. Denak ziren ingelesdun jatorrikoak, oso irakurle trebeak, azpidatziak erabiltzeko ohitura zutenak eta, gainera, azpidatzietan «adituak», nolabait esan. Erdiak, Roehampton Unibersitateko Ikus-entzunezko Itzulpengintza masterreko ikasleak, eta beste erdiak, irakasleak eta azpidatzi egileak. Subjektu guztiek ikusi zituzten bi bideo zati (BBCko berriei buruzkoak): erdiek 180 hitz/minutuko abiadan pasatzen ziren azpidatziekin ikusi zituzten bideoak; beste erdiek 220 hitz/minutuko azpidatziekin ikusi zituzten bideo zatiok. Hogeita hamar ikusle haiek soinurik gabe ikusi zituzten bideoak. Alegia, azpidatziak eta irudiak izan zituzten informazio iturri.

Esperimentu horretatik ateratzen ziren emaitzak zerekin alderatu izateko, beste ikusle talde bat antolatu zuen; talde horretako subjektuei, bideo zati berberak jarri zizkien, baina azpidatzirik gabe. Alegia, informazio iturria zuzeneko ahotsa eta irudia izan zuten.

Ikertzaileak ondorioztatu zuenez, berriak azpidatziekin ikusi zituzten ikusleek askoz ere lan handiagoak hartu zituzten bideoan ikus-irakurritako informazioa prozesatu eta bereganatzeko, eta urrutitik ere ez ziren iritsi azpidatzien taldeetako ikusleek eskuratutako informazio kopuruetara. Izan ere, bideoak azpidatziez lagunduta ikusi zituen talde batekoek gauza gutxi edo oso gutxi gogoratzen zuten amaieran; eta beste taldean, hirutik batek informazio oso okerra bereganatu zuen —esate baterako, Tony Blair edo Nikaraguako presidentea ikusi zutelakoan zeuden, eta bideoetan ez ziren ageri, ez bata, ez bestea—.

Bestela esanda, azpidatziak irakurtzeak lan handiak ematen ditu, baita azpidatzietara ohitutako ikusle trebeenei ere. Hizkuntzan erabat alfabetatutako erabiltzaile usuak izan arren.

Ikusleen iritziak ere jaso zituen ikertzaileak: 220ko azpidatziekin aritutako gehienek esan zuten azkarregi zihoazela; gainera, aitortu zuten ariketak estresa eta buruko mina eragin ziela eta «irudiak azkarregi» pasatzen zirela. Nolakoa ote zen ikusle horien ezinegona irudiak abiada normalean emanagatik —beste taldeetako irudien abiada berberean ikusi zituzten—, ikus-entzunezkoaren pertzepzio osoa aldatu baitzitzaien. Bistan da gozatzeko aukera gutxi izan zutela.

Bideoak 180ko azpidatziekin ikusi zituztenek, berriz, ez zuten azpidatzien kexarik azaldu, baina erdiek pasatxok ez zuten nahikoa informaziorik bildu —galderen erdiak baino gutxiago asmatu zituzten—. Horrek adierazten du, besteak beste, ikuslea bera ez dela jabetzen zenbatekoa den informazio galera azpidatzien abiadura horretan.

Baina begi mugimenduetan oinarritutako beste esperimentu batzuek erakutsi dutenez, azpidatzien abiadura ez da arazo bakarra. Azpidatziak pantailan hizka agertzen diren edo blokeka —lerro bat edo bitan, eta bateratasun sintaktikoak errespetatuta—, horrek esangura handia du informazioaren prozesatzean. Hizkako azpidatzien kasurako Romero-Frescok azpimarratutako ondorio nagusia da teleikusleak irakurtzen ematen duela denbora gehiena (%90) eta oso gutxi irudiari begira (%10).

Garaiotan, azpidatzien aldeko haizeak zabaldu dira gure inguruan, gurutzada partikular gisa ekinez bikoizketaren aurka. Baina ikerketek erakusten dutenari ere erreparatu behar litzaioke. Garbi dago telebista ez dela irakurtzeko egina den medio bat. Telebista ikusi eta entzuten den hedabide bat da, ez irakurmenaren bidez kontsumitzekoa. Ikusi dugunez, irakurle trebeenentzat ere abantaila gutxi dute azpidatziek.

Gurera etorrita: euskarazko azpidatziak telebistan bikoizketaren gastua murrizte aldera jarritakoak dira —izango dira—. Baina euskararen alde egin behar duen telebista batek, mesederik egitekotan, ingelesaren —edo dena delako jatorrizko hizkuntzaren— sendotzeari eta zabaltzeari egiten dio mesede. Gure ikus-entzunezko medio batean, euskarak ere ikus-entzunezkoa behar du izan; alegia, ahozkoa, ez idatzizkoa. Baina baliteke ni nahastuta egotea: euskaldun gehienok goiko esperimentu horretan parte hartu duten subjektuen irakurmen gaitasunak gainditzeko gauza bagara, literatur sistemak eta hezkuntza sistemak lortu duten baino irakurle gehiago irabaziko ditu euskararentzat. Hiztunak garai hobeak datozenerako utzi beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.