Turkia eta Armenia

2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Frantzia eta Turkiaren arteko harremanak okertu egin dira azken aste hauetan, armeniarren giza hilketa edo genozidioa, baita edozein giza hilketa ere, ukatzen duenak espetxe zigorra jasanen duelako lege berri bat onarrarazi baitu Sarkozy jaunaren gobernuak. Ankaran Frantziako presidenteak turkofoboa izateko fama baduela gauza jakina da, baita Turkia Europako Batasunera sar ez dadin haren determinazioa ere. Giza hilketa hori gertatu zen 1920. urtez geroztik armeniar jatorrizko milioi erdi bat herritar bizi da Frantziako Estatuan, bereziki, Proventzan eta Alpeetako herrialdeetan, itsasportu horretatik sartu baitziren sarraskitik eskapatu zirelako. Hauteskunde kanpaina hasi den ber, armeniar jatorrizko herritarren botoak beregana zitzan Sarkozy jaunak lege hori egin omen duela dio jende askok. Egia izan liteke; baina Frantziako armeniar guztiak ez lirateke Sarkozy zaleak, eta, horrek eratu berri duen lege berri hori txaloka onartzen duten arren, gaurko gobernuaren politika neoliberalarekin ez lirateke denak ados, eta frantses herritar gisa beren interesak zaintzen dituzten alderdientzat emanen dituzte botoak. Gauza bera esan daiteke Frantziako juduen afarian parte hartu izanari buruz ere.

Frantziako Estatuaren barnean bizi den elkargo baten alde hautagai batek aritzea ez da aski haiengandiko boto guztiak irabaz ditzan, elkargo horretako kide guztiei haren politika soziala gustatzen ez baldin bazaie.

Turkiak armeniarren genozidioa ukatzea edo benetako giza hilketa ez zela aldarrikatzea ez da gauza zuzena; aitzitik, armeniarren kondairaren zati garrantzitsu eta beltz baten bortxaz ahantzarazi nahia da. Armeniarrei egin zietena ezin da errepresio hutsaltzat jo, errepresioaren kasuan iraultzaile mugimendu batean zuzen sarturik direnei erasotzen die estatuko poliziaren indarrek, baina armeniarren kasuan salbuespenik egin gabeko erasoaldi eta suntsiketa bat egina izan zen. Armeniarrek etsaiarekin kolaboratu zutelakoan zigortu behar zituzten, Stalinek Krimeako tatarekiko egin zuen bezalaxe.

Kurdistan bezalaxe, nazio ukatua da Armenia Europako Batasunera sartu nahi duenTurkia moderno laikoan. Gaurko egunetan Kurdistanen kontrako gatazka zapaltzailea bukatu dela aldarrikatzea guztiz faltsua da: egunero suntsiketak eta atxiloketak gertatzen direla jakinarazten digute komunikaziobide guztiek.

Turkiak dituen hiru herri arazoak Zipre, Armenia eta Kurdistan dira. Turkiako Gobernuak armeniarren genozidioaren berrezagutzeak herri horrenganako damaiak ordaintzea, lurralde baten itzultzea, barneko autonomia kultural eta administratibo bat onartzea izango ditu ondoriotzat, eta, noski, Kurdistanentzat zuzenbide berdinen onartzea, lurraldearena ezik, herri horrek, armeniarrek ez bezala, bere lurralde historikoa ez duelako galdu. Hori daiteke israeldarrek armeniarrekiko duten elkartasunaren kausa.

Haatik, Armeniako arazoa Turkia Europako Batasunera ez sartzeko ez daiteke izan oztopo nagusia. Eta gai honetan arrazoia dauka Ankarako gobernuak. Ni neu Turkia Europan sartzearekin ados ez egotea, herri hori Europako kontinentetik kanpoan dagoelako gertatzen da bakarrik.

Erromako Ituna izenpetu zenetik, joan den mendeko bosgarren hamarkadan alegia, existitzen zaigun beste itxura eta izen batez bada ere, Europako Batasuna.

Garai haietan Aljeriak bere independentziarako gerlan ari zelarik, ezin daiteke esan Frantziako Gobernuak giza eskubideak errespetatzen zituenik; alderantziz, tortura, errepresio itsua eta genozidio saioaksalatzen zituztenak atxilotueta kartzelatzen zituen garai hartako gobernuak. Orduan arrazoi guztia du Turkiak akatshoriek azpimarratu eta salatzen dituelarik. Aljeriakoa aspaldikoa omen da iraganaldian, dioke batek baino gehiagok.

Baina zer esan Ipar Irlanda eta Euskal Herriko guduez? Giza eskubideen errespetuan erreferentziak ote dira gose greba egiten zuten irlandarrak hil zitezen Margaret Thatcherrek uztea? Zuzena ote zen Euskal Herrian Frantzia eta Espainiako agintariek egiten zuten zapalkuntza: GAL; militanteen desagertzea, estradizioak, eta berezikiEspainiako Estatua Europako Batasunean sartzeko bezperan Endarlatsa aldean Zabaltzaren desagerpena? Horretaz gainera, nahiko hipokrita deritzot Frantziako jokabideari; armeniarren aldea hartu arren, ASALA eta PPKren aurka neurri polizial asko hartu eta hartzen dituztelako.

Azkenik, Frantzia eta Europako beste demokrazia batzuk ez dira gai Turkiako Gobernuari irakaspenak eman diezazkioten. Sarkozyk aitzinarazi zuen lege hori zuzena topatzen dut, baina oportunismo kutsurik duela ez dut ukatzen. Haatik, bere historia berrikertu beharko luke Turkiak, eta bere eremuan dauden herriei berrezagupen eta justizia gehiago ematea on litzaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.