Interes handiz jarraitu zuen Txillardegik Iruña-Veleiako auzia. Aztarnategia ere bisitatu zuen 2006ko ekainean, aurkikuntzen berri eman eta egun gutxira. Taldean, Eliseo Gilek gidatutako bisita batean, doktoradutza tesi batean epai-mahaiko egonda gero. Irakurrita zituen, besteak beste, Lakarraren, Gorrochateguiren eta Iglesiasen txostenak eta nire liburua. Sos Iruña-Veleia-ren manifestua ere sinatu zuen. Sarri hitz egin genuen gaiaz aurrez aurre zein e-postaz, telefonoz edo gutunez. 2009ko abenduan (oso makal zebilen ordurako), hiru gutun idatzi zizkidan bere ohiko kartulina txukunetan. Bere iritziak erabiltzeko baimena eman zidan. Hona hemen lehenengoa:
«Donostia, 2009ko abenduaren 21 (Santomasak). Kaixo Juan Martin: Hire liburua erosi diat (Arabera Sailekoa). BIKAINA duk. Hori guztia ikusita, zalantzarik ez diat: «grafito» horiek benetakoak dituk. Eta hor somatzen den euskara euskalki arkaiko bat duk. Gorrotxategi eta Lakarra (hau batez ere) oker zeudek. Hector Iglesiasen liburua ere (Les inscriptions de Veleia-Iruña) BIKAINA duk. Gizon honek asko zekik zalantzarik gabe. Zorionak lemari eutsi diozuen guztioi, eta hiri bereziki.
Ohar pare bat. Hire liburuko 76. orrialdean ageri den esakuna: Yaveh zutan izana arkaikoa duk. Jainkoari, Johanes Leizarraga XVI. mendean bezala, hika mintzo zaiok. Alegia: Yaveh zutan izana, hika zegok: Yaveh zeruetan izana. Guk batuaz idatziko genikek: Yaveh zeruetan haizena. Baina Leizarragak (ikus hire liburuko 83. orr.) ez dik hi haiz erabiltzen, hi aiz baizik.
(aicén eta beste = ikus Lafonen Tesi bikaina, «Le système du verbe basque au XVI. siècle». Bi tomotan). Hortaz: Yaveh zutan izana hika garbia duk. III. mendean Jainkoari hika mintzatzea normala duk. Leizarragak ONGI idatzi zian.
Bestetik guk gaurtxe ere: Su ---> Surtan esaten diagu. Oso posible duk, beraz: Zeru ---> zerutan gertatzea. Zutan forma hori ez zaidak harrigarriegi iruditzen. Erronkarieraz (ik. Azkue, Dict.) bazegok forma bitxi bat = ZEURU ; p. 437). Horretatik soma daitekek *zu(r)u bat; inesibo arkaikoan *zutan (<*zurutan). Posible duk.
Hector Iglesiasen lana, bestalde, BIKAINA duk. Agian zerbait idatzi dik honetaz.
Besarkada bat eta Maritxuri goraintzi. Joseluis.
PS.- Txorabioekin eta abar nabilek azkeneko bizpahiru aste honetan. Ez diat ordenagailua piztutzen ere. Horregatik hau postaz bidaltzea.»
Hurrengo egunean beste gutun bat bidali zidan zenbait argibide emanez:
«Donostia, 2009/XII/22. Kaixo Juan Martin: Berriro ni. Aditzari buruzko lanik onena, nire ustez, Jean Larrasquet-ena duk: bi tomotan, 1939; bata Gramatikaz, bestea Hiztegia. Hor agertzen dituk: (h)iz; baina ehiz, eta behiz. Niz, iz, bai. h agertu eta desagertu egiten. Azentu kontua, ZIUR. Bigarren silaban h, lehenengo silaban ¿.
Hizana, beraz, izana duk gaurko zubereraz. Eta ez *hizana. (Veleian bezala). Veleiako izana, hitz batez, normala duk beraz; eta ez *hizana. Hi iz, beraz.
Joseluis»
Gutun hauek jaso bezain laster, telefonoz adierazi nion ea animatzen zen gai honetaz artikulu bat idaztera. Osasunak ez ziola laguntzen eta ezetz erantzun, baina bere iritziak erabiltzeko baimena eman zidan bere azken gutunean:
«Donostia, 2009/XII/29. Kaixo Juan Martin: Berriro ni. URTEBERRI ON, hasteko. Bihar bi mediku ikusi behar dizkiat: xx generalista eta xx radiologoa. Honekin gauza bakar bat adierazi diat: ez nagoela «batallak» egiteko trenpuan. Horregatik nahiago diat ez «agertu»; osasunak ez baitit hori aholkatzen. Zoritxarrez! Mila liskarretan sartu nauk luzaz baina orain 80 beteta, ez litzakek zuhurra.
Baina Veleiako «faltsifikatzaileak»... asko zekian!!(?). Hor, funtsean, euskara arkaikoaren zantzuak dituk. Baina Lakarrari ez zaiok hau gustatzen. Denborak erranen. Artikulurik egiterik, ezin. Nik neure iritziak emango dizkiat. Eta ongi baderitzek, erabil. Besarkada bat.
Joseluis.»
Gutunak eskaneatuta aurki daitezke sos-irunaveleia.org webgunean eta nire blogean.
Txillardegi: «Grafito horiek benetakoak dituk»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu