Gaur egun nagusi den garapen ekonomikoko ereduak, merkatu librean oinarrituta dagoenak, sistematikoki sortzen ditu bazterkeria eta pobrezia, eta aldi berean arriskuan jartzen du planetaren iraunkortasuna. Eredu neoliberal eta patriarkal honek sortu duen aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta sozialak Iparraldeko nahiz Hegoaldeko herrialdeetako biztanleei eragiten die, bereziki, emakumeei. Eta onartezinak diren desberdintasun mailak sortu ditu, gainera.
Gaur egun dauzkagun arazo larriak ez dira fenomeno bakanetatik sortu; zuzeneko lotura dute indarrean dagoen eredu ekonomikoarekin, zeinak eragotzi egiten baitu zenbait herrialdek edo giza-taldek produkzio eta finantza baliabideak edukitzea (Iparraldean zein Hegoaldean) eta zeinak mugatu egiten baitu erakunde sozial, politiko eta ekonomikoetan parte hartzeko aukera. Jada badakigu zeintzuk diren ondorioak: bazterkeria, pobrezia eta desberdintasun gehiago, kalte handiagoa ingurumenari eta indarkeriazko egoera gehiago. Garapen eredu iraunkor bat eraikitzea ez da soilik pobreziaren aurkako estrategia bat, baizik eta politika, kultura eta ekonomia bezalako arloei dagokien bene-benetako lehentasun bat, gainera, eredu iraunkor hori esfera global, nazional eta lokalen arteko lankidetzarekin eraiki behar da. Ez dagokio, beraz, ekonomiari bakarrik: gizartea, politika eta kultura ere barnean hartzen ditu, bizitza-estrategia bat delako.
Pertsona sistemaren erdian jarriko duen eredu aldaketak bakarrik ekarriko ditu emaitza ukigarriak. Eredu aldaketa hori lortzeko, zientziak eta teknologiak gizakiarengana zuzendu behar dute, merkatuetan arau justuagoak ezarri behar dira, herrialde pobretuen kanpo zorra eraginkorki arindu behar da eta garapenerako laguntza handitu behar da, horixe baita Hegoaldeko pertsonengana eta gizarteetara jabekuntza eta baldintza berdintasuna eramateko modua. Pertsona da lehenengo, hau da, garapenaren erdi-gune izan behar du. Pobreziaren eta desberdintasunaren aurkako borroka, beraz, erantzukizun kolektiboa da. Pobrezia eta desberdintasunak desagerrarazteko ekimen guztiek ikuspegi globala eta lokala izan behar dituzte eta fenomeno hauen ondorioak lantzeaz gain, sortzen dituzten kausa estrukturaletan ere esku hartu behar dute. Horrela bada, besteak beste berriro planteatu behar da mugarik gabeko hazkunde ekonomikoa konponbidea dela dioen baieztapena.
Premisa horri jarraituz, 2010ean Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak Pobreziaren aurkako Ituna sinatzea sustatu zuen Euskadiko hiru hiriburuetan.Helburu nagusia zen gure erakunde publikoek konpromisoa har zezatela pobrezia desagerrarazteko ekintza eta politika koherenteagoak bultzatzeko, betiere pertsonak jarriz ekintza guztien erdigunean. Gasteiz eta Donostiako Udalek deklarazio instituzional formatuarekin sinatu zuten konpromisoa. Bilboko Udalean, aldiz, alderdi politikoek ez zuten sinatu, ez baitzeukaten inolako asmorik Udalaren aurrekontu bateratuko %0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko eta, besteak beste, hori esaten du Pobreziaren aurkako Itunak.
Itun hori sinatu ondoren, udalek bere gain hartu zituzten hainbat konpromiso: lankidetza politiken kalitatea hobetzea, ekonomia sozial, berde eta solidarioa bultzatzea, erosketa publiko arduratsuaren aldeko apustua egitea, kontu publikoetan argitasuna eta gardentasuna sustatzea, genero berdintasuna integratzea giza garapena lortzeko ezinbesteko giltzarri gisa eta sentsibilizazioa nahiz garapenerako hezkuntza sustatzea eraldaketa sozialerako tresna modura. Baina, hori bai, erakundeen aurrekontu bateratuko %0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko konpromisoa ahaztu gabe. Ezin dugu krisia aitzakiatzat hartu kopuru hori lortzen lagunduko digun ibilbide orria ahazteko, ez eta gaur egun bizi dugun egoera justifikatzeko, gobernuen ahalegin guztia nazioarteko finantza sistema salbatzera bideratuta badago ere. Bestalde, eta nondik moztu erabakitzeko orduan, elkarren aurka jartzen ari dira pertsona pobretuak eta egoera zaurgarrian daudenak. Garapenerako lankidetzan dihardugun eta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundea osatzen dugun 80tik gora GKErentzat hasieran oso pozgarria izan zen hiru euskal hiriburuetatik gutxienez bi Itunari atxiki izana. Baina, denborak aurrera egin ahala, erabat etsiturik gaude, ikusi baitugu ez dagoela benetako konpromisorik pobreziaren aurkako ekintza koherenteak garatzeko, izan ere lehen esan dugun bezala, bi kasutan itunak paper hutsean geratu dira eta ez dira bete eta, hirugarrenean, sinatzeko borondaterik ere ez dute izan.
Aipatu ditugun erakunde horiek ahantzi egin dute etikoki, sozialki, politikoki eta ekonomikoki derrigorrezkoa dela munduko pobrezia eta desberdintasunak desagerraraztea; helburu hori lortzeko, indarrez jardun behar da lankidetzan giza garapen berdin eta iraunkorra lortzeko eta berriro planteatu behar dira tokiko zein nazioarteko politikak. Gainera, ahalegin solidario hau garatzen den marko instituzional eta politikoa hainbat legealditan egindako lanaren emaitza eta hiritar guztion ondarea da, hots, akordio politikoaren eta hiritarren mobilizazioaren fruitua. Gizarteak dagoeneko hainbat urrats eman ditu pertsonen artean desberdintasunik egingo ez duen mundu justuago bat eraikitzeko. Orain, erakundeek ere bide berari ekin behar diote. Ezin dugu ahaztu posible dela pobrezia desagerraraztea eta krisia ez dela aitzakia helburu hori baztertzeko.
Urtebete pobreziaren aurkako ituna bete gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu