Aitortu behar dut Lete zalea izan naizela. Bai poeta bezala, bai kantari bezala miretsi izan dut. Bietan gailendu baitzen, poemagintzan zein kantagintzan.
Ez naiz poesia zale amorratua, baina irudi adierazkorrez jositako haren hizkera indartsuak zinez harrapatu izan nau. Ezaguna denez, Lete aldatu egin zenb ere ibilbide intelektualean zehar. Hasierako poeta «konprometitu» eta ateo hura, existentzialismora eta erlijiotasun mistikora lerratu zen gero. Aitortu beharrean nago azken urteetako Leteren kezka erlijioso horrek harritu egiten nauela. Haren «heriotzaren ondoren hildakoekin berraurkitzeko itxaropena», esaterako, zeharo bitxia gertatzen zait. Lete fededuna, haren erlijio sentimendu sakona, arrotza zait oso.
Kantari bezala, bestalde, euskal abeslarien artean gogokoena izan dut. Bere hainbat poema eder abesti zoragarri bihurtzeko izan duen gaitasun bereziak miraritu nau. Ez Dok Amairu taldearen sortzailetakoaren hainbat kantu ederrek zirrara sakona eragin didate beti. Izan ere, zein ez du hunkitu haren abestien sentiberatasun sarkorrak?
Aurten, herriz herri, han eta hemen egin diren omenaldietan, Lete poeta eta kantari handia goraipatu da batik bat. Ekitaldi gehienetan oiartzuarraren ibilbide poetikoa eta kantagintza nabarmendu izan dira bereziki. Guztiz bidezkoa zen. Baina, nik dakidala, ez da Lete pentsalaria behar beste aipatu, ez goraipatu.
Horregatik, gaurkoan, Leteren euskaltasunaz bi hitz esan nahi nuke. Hainbat idazlan eta artikulu mamitsu alde batera utzita, 1994ko azaroaren 6an Egunkaria-n argitaratu zuen Aberri zantzutuaz artikulua ekarriko dut gogora batik bat. Bertan Lete hasten da esanez abertzaletasuna eta nazionalismoa neurriz kanpo nahasten dituela jendeak. Eta, bigarrenik, uste du «abertzaletasunari legokiokeen izpiritu poetiko eta eraginkorra erabat galdua dugula».
Aberriaren kontzeptua nazioarenetik bereizi zuen Letek. Hau da, abertzaletasuna eta nazionalismoa desberdindu zituen. Herderren antzera, nazionalismo politikoa beti susmagarria dela uste zuen. Desbideratua eta kaltegarria. Nazionalismoak absolutizatu egiten ditu baloreak, aldagaitz eta ukiezin bihurtzen ditu. «Nazionalismoaren eskematismo hertsi horrek» kezkatzen zuen oiartzuar intelektuala. Harentzat, nazioaren gainetik zegoen gizakia.
Lete, pentsamendu politikoaren arloan, nazionalismoaren kontra zegoen guztiz: «Nazionalismo orori arrotzaren arbuiapena darraikio, batek nor izateko eta nortasunean tinkotzeko etsai edo aurkako baten beharra balu bezala». Nazionalismoa lagun-etsai dialektikan oinarritzen da, «etsaigoaren baitan funtsatzen da». Aurkakoak behar ditu, arerioak, menperatzaileak.
Euskaratu berria zen George Orwellen nazionalismoari buruzko lan kritikoa «guztiz interesgarria» iruditu zitzaion Leteri. Ustekabean, gauza berdintsuak esaten ari ziren biak: nazionalismoa ez da abertzaletasunarekin nahastu behar. Desberdinak ez ezik, aurkakoak ere badira. Biak bat zetozen ideologia nazionalistaren oinarrizko ezaugarriak kritikatzerakoan. «Nazionalismoa auto-engainuak eztitutako botere-grina da», zioen Orwellek.
Letek aberria gogokoago zuen nazioa baino: «Nik uste dut badagoela nazioa baino kontzeptu zabal eta indartsuago bat pertenentzia adierazteko, eta hori aberria litzatekeela. Aberria, patria, leku fisiko edo mental bat da, non kokatzen den norbera nortasun balioen bitartez izaera konpartituetara heltzeko». Euskal Herria «aberri poetiko bat» da Leterentzat. Abertzaletasunak adiera bera du Orwellentzat ere: «Toki jakin eta bizimodu jakin batekiko debozioa, munduko onena dela pentsatuz baina inori inposatu nahi gabe».
Lete uste osoko abertzalea zen, baina abertzale etsia ere bai: «Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?» galdetzen zuen. 2002an A. Urretabizkaiak Hermes aldizkarian egin zion elkarrizketan honako hau adierazi zuen: «Abertzaletasuna, nik ulertzen dudan moduan, bukatua dago, nazionalismoak irentsi du». Abertzale hitza nazionalismoaren sinonimo bihurtu da. Eta, ondorioz, bere jatorrizko esanahia galdu du.
Indarkeriaren kontra altxatu zuen ozenki bere ahotsa. «Carta de los 33» sinatu zuenetako bat izan zen. 1978an jendaurrean kantatzeari utzi zion («aspertua eta gogaitua») jaialdiak mitin bihurtzen ari zirelako. Euskaldunen arteko gorroto eta sektakeriek atsekabe handia sortzen zioten. Alde horretatik, oso ilun ikusten zuen Euskal Herriaren etorkizuna. Halere, ez zuen esperantzarik galdu eta, Pio Barojak bezala, Bidasoaren bi aldetako «aberri posible eta maitagarria» aldarrikatu zuen, «aberleku poetiko eta gizartekoia».
Xabier Letek amets bat izan zuen: «Nik badut amets bat, baina ez dut uste konplituko denik, nire denboran ez da konplituko. Amesten dut aberri libreago, ederrago eta gizakoiago bat. Euskal Herria eraiki, eraikuntza eder bat eta denok hor, eraikuntza eder horretan kabi gaitezen eta bizi gaitezen modu zibilizatu batean…». Ez zuen bere ametsa konplituta ikusi, jakina.
Ez zen iraultzailea, eta ez zuen «amets handirik». K. Popperren antzera, ez zuen utopietan sinesten, erreforma posibleetan baizik: «Nik nahikoa nuke lurralde bakoitzeko abertzaletasun apalarekin, estatu mirakulosoaren eraikuntzarekin burua berotzen aritu gabe gau eta egun». Günter Grass alemaniar idazleak bezala, askoz garrantzitsuagotzat zeukan nazio kulturalaren ideia nazio politikoarena baino. Kulturaren abertzaletasuna zen berea.
Leteren euskaltasunean behar bezala sakontzeko, haren Aberri zantzutuaz idazki gogoangarria arretaz irakurtzea genuke onena. Ni harekin bat natorrela esan behar dut.
Xabier Leteren aberria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu