'You will never walk alone'

2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Adituek badiote futboleko partidarik zirraragarriena izan zela. 2005eko maiatzaren 25ean gertatu zen, Istanbuleko Atatürk Futboleko Estadioan. Txapeldunen Ligako finala zen, eta bertan ari ziren jokatzen AC Milaneko jokalariak, Liverpooleko jokalarien kontra. Italiarrak 3-0 irabazten ari zirela, jokalariek aldageletara jo behar izan zuten, lehen zatia amaituta.

Esan beharrik ez dago Liverpooleko jokalariak burumakur erretiratu zirela, finala galduta ikusten baitzuten. Zurrumurruek diotenez, aldageletan, jokalari gorriek etsipenaz baina arretaz segitzen ari ziren beren entrenatzailearen azalpen eta gomendioak, halako batean entrenatzaileak isiltasuna eskatu zien arte. Talde osoa isilik, argi entzun ahal izan omen zuten estadioan zeuden 30.000 jarraitzaile inguruk batera kantatzen zuten ereserkia: «You will never walk alone».

Bigarren zatia hasi zenean, telebista eta irrati esatariek espekulatzen zuten zein izan ote zen arrazoia Liverpooleko jokalariak horren sutsu ateratzeko, zati hori hasi zenetik «deabru gorriek» grina handiz hasi baitziren jokatzen. Horrela sartu zituzten bi gol, nahiko jarraian. Markagailua oraindik ere kontra zutela, 59. minutuan, epaileak penaltia adierazi zien Liverpoolen alde. Xabi Alonsok jaurtiki zuen eta atezainak gelditu, baina Tolosakoak errematean ez zuen barkatu, eta gola sartu zuen, hirunako gola hain zuzen ere. Hirunako berdinketaz amaitu zen partida, eta penaltietan, Liverpoolekoak gailendu ziren, eta saria eurenera eraman zuten.

Abestiari dagokiola, onartu behar dut aurreneko aldiz doinua entzun nuenean gustatu egin zitzaidala, eta hori, hitzei ez niela erreparatu.

Toki askotan entzun badaiteke ere, kanta hori Celtic Park edo Anfielden entzun behar omen da. Zirraragarria omen da milaka jarraitzaileren ahotsez kanta hori entzutea. Baina doinua edo kantatzeko era hunkigarria bada ere, are gehiago haren hitzak.

YouTuben bilatu dut kanta, eta azkar ikusi dut ondoen interpretatzen dutenak Gerry&Pacemakers direla. Taldearen izena ere gustatu zait, Pacemarkers, eta horretan hizki bat gora, hizki bat behera, antzekotasunik ere ikusi dut, nahi gabean, Pacemarkers barik Peacemakers irakurri baitut.

Kantaren hitzak arretaz irakurri ditut, baina niri ez zait futbolaren irudirik etorri:

«When you walk through a storm, hold your head up high, and don't be afraid of the dark; at the end of the storm there is a golden sky and the sweet silver song of the lark» (Ekaitzaren azpian zabiltzanean, eutsiozu tente buruari eta ez zaitez beldurtu iluntasunarengatik, ekaitzaren ostean eguzkiaren argia aurkituko duzu, eta larratxori baten kanta goxo eta eztia).

Irakurtzen ari nintzen bitartean, haiekin... barkatu, zuekin akordatu naiz, eta horregatik pentsatu dut sentipen hori publiko egitea eskutitz honen bitartez, konpartitzeko aukera izan dadin.

«Walk on through the wind, walk on through the rain, tho' your dreams be tossed and blown». (Segi ezazu haizean zehar, segi ezazu eurian zehar, zure ametsak txikituta apurtzen badira ere).

Pentsatu dut zenbat aldiz ibili zareten, jai eta aste, uda eta negu, eguzki zein euri, zenbat autobus, zenbat tren, zenbat barrera, zenbat ate, zenbat… eta balantzaren beste platerean, berrogei minutu, besterik ez.

Zuen kontrako ekimenetan beti saiatu izan dira bakarrik sentiarazten, zuen hurkoak Tom-tom-ak kostata aurkitzen dituen tokietara eramanez, eta horretan ere kale egin dute, gutxien espero zen tokietan elkartasuna eta babesa ere aurkitu dituzuelako, bihotzean esperantza daramazuelako.

«Walk on, walk on with hope in your heart, and you'll never walk alone, you'll never walk alone». (Ibili, ibili esperantzaz zure bihotzean, eta inoiz ez zara bakarrik ibiliko, inoiz ez zara bakarrik ibiliko).

Gure taldeari dagokiola, buruaz eta bihotzaz jokatzen, markagailuari buelta ematen ari gara. Presoei dagokiela, gai hau agenda politikoan dago, eta, gainera, lehen mailan kokatua. Nazioarteko eragileak ere gaiaren gainean daude. Gero eta gehiago entzuten dira adierazpenak esanez espetxe politika bere horretan mantentzea eskandalu larria dela, eta jendartearen iritzia urtarrilaren 7an horren lekukoa izango da, modu kolosalean gainera, posizio guztiak beraz, ondo zainduta eta erasorako prest.

Euskal presoen aurka darabilten espetxe politika guztion ekimenaz zigor, erabilpen eta mendeku klabeetatik konponbide demokratiko baten klabeetara eramatea lortzen dugun artean, zuei, apaltasunez, mezu zuzena igorri nahi dizuet: ez zarete inoiz bakarrik ibiliko. «You will never walk alone!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.