Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikulua dela eta, hari zuzendutako pare bat erantzun irakurtzeko aukera izan dugu azken egunotan. Bata sarean, eta bestea BERRIAn. Nik ere hiru artikulu horietan esan denaren inguruan hausnarketa bat egin nahiko nuke.
Pako Aristiren artikuluan «politikoen» nora eza azaleratzen da, eta Espainiako hauteskundeak hizpide hartuta, kritika egiten die hara «Nazio bezala» joan nahi dutenei. Estatu batek hauteskundeak antolatzen dituenean, bere boterea, lurraldetasuna eta eskubideen iturburua finkatzen dituela argudiatzen du Aristik, eta ez dio inolako zentzurik ikusten hori legitimatzeari: «Biolentziaren bidez nagusitu den estatu batek ez du onartzen lurralde menderatuak beste estatu baten aldarria bere egituren barruan praktikan jartzea».
Euskal Herrian, herri okupatu bezala, horrelako gaien inguruko gogoeta egitea, guztiz beharrezkoa dela ikusten dut. Badirudi hala ere, sarean erantzun dionari Aristiren purrustada bat iruditu zaiola. Ez dakit zergatik. Uste dut, herri menderatu batek, bere independentziara bidean, kontu handiarekin, eta egoera oso ongi aztertuta erabaki behar duela zein kasutan izan daitekeen komenigarria zapaltzaileek ezarritako hauteskundeetan parte hartzea, hau da, estrategia bat izan behar du, eta nire iritzi apalean, ez da hori gure herriaren kasua, tamalez. Ez dut uste oker nabilenik haien hauteskundeetan eta haien sisteman oso modu «naturalean» parte hartzen dela esatean, ia gure hauteskundeak izango balira bezala eta haietatik lorpen garrantzitsuak esperoko balira bezala. Hori ez da, nire ustez, herri kolonizatu batek, bere independentzia eta duintasuna lortzeko jarrera egokia.
Sarean erantzuten dionak, bere zergatia aurkitzen dio parte hartzeari. Badirudi Aristiren hausnarketarekin iraindua sentitu dela, eta azaltzen dio parte hartzen duten horiek ez direla tontoak, ondo asko dakitela bertan ez dutela inolako eskubiderik lortuko. Beste batzuek ere esan izan duten bezala, bere ustez kontua «Madrili zapatan harri koxkor bat sartzea da, molestatzea».
Herri kolonizatua izanik, komunikabide guztiak, hezkuntza sistema, indar armatuak… denak etsaien esku daude, eta beraz, arrisku handia daukagu beraien trikimailu guztien barruan asimilatuak izateko. Guztiok dakigun bezala, egoera honetan, gure nortasuna eta duintasuna mantentzea ez da gauza erreza, eta horregatik, errepikatzen dut, herri batek arerioaren sistemako hauteskundeetan parte hartzea erabakitzeko, oso ondo pentsatua izan behar du zertarako egiten duen hori, eta horrekin lortzen denak konpentsatu beharko lituzke hartzen diren arriskuak. «Madrili zapatan harri koxkor bat sartzea, molestatzea» ez zait inondik inora pisuzko arrazoia iruditzen.
Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikuluak, aipatutako bi erantzun horietan antzeko erreakzioa sortu du; biek eskatu dizkiote nolabait azalpenak Pako Aristiri bere inplikazio politikoari dagokionez. Aristirenaren antzeko artikuluek, hitzaldiek, liburuek, maiz sortu dute erreakzio hori zenbaitzuen artean. Alderdi politikoekin bat ez egitea, eta kritika bat egitea jarrera harroa dela iruditzen zaie, eta hori egiten duena besaulkian eserita irudikatzen dute ezer egin gabe. Atrebentzia iruditzen zait horrelako ondorioa.
Ohartzen naiz alderdi politikoekin identifikatuak sentitzen diren batzuk, beste edozein alderdi politiko «aurkariren» kritikak askoz hobeto hartzen dituztela kritika mota hauek baino. Sumindura handiagoa sortzen du zenbaitzuengan telebista eta egunkarietan ateratzen zaigunaz haratago, hortik aparteko bideak jorratu daitezkeela ikusteak, eta jendea horretarako prest dagoela ikusteak. Eta horri, «ezer ez egitea» deitzea erabakitzen dute. «Egitea» etsaiaren joko arauen barruan bakarrik izan daiteke ikusten denez, gainontzekoak, «purrustadak» dira, eta, beste batzuen ustez, utopia.
Gure estatu propioa, independentzia, lortzeko hausnarketa politiko serioa egiteko eta bultzatzeko jendea prest dagoela ikusteak arnasa eta zoriona sentiarazi beharrean, sumindura sortzen du batzuengan; irainak ikusten dituzte kezka besterik ez dagoen lekuan. Aristik planteatu duen gaia eta beste asko sakonki lantzea beharrezkoa dugu herri honetan. Emaitzak ikusi besterik ez dago hortaz jabetzeko. Iraindua sentitzen dena, etsita dagoen seinale agian, etsaiek jartzen diguten bidetik kanpo beste biderik egin ezin dugula erabakita daukanaren jarrera dela iruditzen zait.
Ez dut uste, alderdi politikoen nora eza azaleratzea horren gauza arraroa denik, eta are gutxiago gaizki hartzekoa. Alderantziz, beharrezkoa da.
Herri kolonizatu batek bizi ahal izateko, bere independentzia helburu minimo bezala izan beharko lukeenean, gauza ugari entzuten dira gure inguruan: batzuek aberri eguna independentzia nahi dutenentzat eta nahi ez dutenentzat ere badela esan izan dute, oso herri «anitza» garelako. «Francoren heriotzaren gerorako diseinatutako operazio politikoa (Euskal Herria asimilatzea helburu zuena)» gainditutzat jotzen dute beste batzuek, eta «marko demokratikoa eraikitzea helburu duen aro berriaren atarian gaudela» pentsatzen dute. Beraz, etsai guztiak gure artean sartuak ditugularik, independentzia lortu aurretik demokrazia bat irudikatzen dutenak badira («marko demokratiko» delakoa), zeinean «aukera guztiak errespetatuko diren» (independentzia ere bai, diote…).
Hau guztia ikusita, nora ezean dabiltzala planteatzea eta haiekiko zalantzak sentitzea, gauza normala iruditzen zait. Izan ere, independentzia ez da aukera bat beste batzuen artean, ez da iritzi bat iritzi askoren artean. Aukera bakarra da. Herri kolonizatu batek independentzia lortzen duenean bakarrik hartuko du arnasa, eta hortik aurrera hasiko da berarentzat demokrazia. Hori ez du lortuko hain zuzen ere, etsaiekin «errespetuzko» elkarrizketa «demokratiko» batean.
Gauza hauetaz herritarron artean garbi hitz egiteari ekin diezaiogun lehen bait lehen… ziur naiz gure indarrak etsaiek «uzten» dizkiguten joko arauetatik kanpo pentsatzeko eta ekiteko erabiltzeak emaitza onak lortzeko aukerak handituko dituela!
Zer gertatzen zaie gure politikoei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu