Zigorgabetasuna eta erantzukizuna aurrez aurre

Andoni Txasko Diaz, Josu Ormaetxea Antepara, Aitor Fernandez de Ortega
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko ordenaz arduratzeko polizia talde gisa sortu zen Ertzaintza, eta, harrezkero, ezin konta ahala alditan jardun izan du neurrigabe eta bidegabeki. Urte hauetan guztietan, ia modu sistematikoan eta oso bestelako ondorioak eragiteraino gertatu izan diranolabaiteko gehiegikeriak eta izugarrikeriak, hainbat eskubide eta askatasun galdegiteko zein halakoak urratu eta zapaldu izana salatzeko edozein aktibismoren kontrakoak. Azkenak, Gasteizen eta Bilbon izandakoak: batean, larri zauritu zuten Xuban Nafarrate, ZIUn amaiarazteraino; eta bestean, pilotakada bat eman zioten Iñigo Cabacasi, heriotza eragiteraino.

Eskuarki, jarduera horiek guztiek hainbat argitze-agiri eta bertsio izan dituzte abaltzat, eta, gezurretan eta egintzen manipulazioan oinarriturik, ertzainen jokabidea zuritu izan dute. Horrekin konforme ez, ordea, eta hainbat delituz akusatu ere egin dituzte pertsona ugari, euren jokabidea estali eta sendotu nahian, ordena eta segurtasuna zaintzearren eta delituari jazartzearren zihardutelakoan.

Gobernuak eta polizia arduradunek oso gutxitan onartu dituzte—edo sekula ez— beren hutsegiteak, edo nekez hartu dute beren gain egintza bidegabeekiko erantzukizuna; alderantziz, onetsi egin izan dituzte, eta txalotu, halako egintzak. Gaitzetsi beharrean edota, zegokionean, ikertu eta behar bezala argitu beharrean, ez inongo erakundek eta ez inolako talde politikok ez dute sustatu salaketak jartzea edozein justizia auzitegitan; eta sektoreren batekoek halakorik egin izan dutelarik, Ertzaintzaren lanari omena kentzen ahalegintzeaz akusatu dituzte. Alde horretatik, etengabea izan da zigorgabetasuna.

Jakin badakigu ehunka kasu aipa daitezkeela, baina kasu bati buruz aritu nahi dugu, zehazki, zigorgabetasun horren eta ebidentzia argiak egonagatik erantzukizunik onartzeko borondaterik ezaren adierazgarri izan baitaiteke.

2006ko martxoaren 3an, Ertzaintza basaki oldartu zitzaien manifestari batzuei, 1976ko martxoaren 3an erail zituzten bost langileren oroitzapenez bildutakoei. Aitzakia: ikurrin xingola belztuna eta bi presoren argazkiak, kartzelan inguruabar arrarotan hildakoenak —gertatua argitzea galdegiten zuten—. Dozena bat baino gehiago izan ziren zaurituak, nola edo hala; haietako batzuk, gomazko pilotek jota. Ikurrina zeramatenak, berriz, atxilotu egin zituzten; gero, baita beste lagun bat ere, beste toki batean. Hirurei hainbat delitu egotzi zizkieten.

Juan del Olmo epailearen bidez, Auzitegi Nazionalak —han agertu behar izan zuten atxilotuek, terrorismoa goresteaz akusaturik— artxibatu egin zuen kasua, iritzi baitzuen inolako deliturik ez zela egin, baizik eta adierazpen askatasunaren babespeko egintza bat baino ez zela izan.

Harrigarriro, eta hutsegitea onartu beharrean, polizia autonomikoaren arduradunek —zeinaren buru baitzen Javier Balza Barne kontseilaria— bere hartan eutsi zieten hainbat akusaziori, Ertzaintzak egindako argitze-agiri ezinago gezurti bat oinarritzat zutenei: autoritatearen kontrako atentatua, desordena publikoak, erresistentzia, lesioak, eta beste hainbat delitu.

Handik hiru urte eta erdira, zorionez, eta egintza haien inguruko bideo bati esker, argitze-agiri haren faltsutasuna frogatu ahal izan zuten, eta Gasteizko zigor arloko epaitegiak errugabetzat jo zituen inputatuetako bi, eta erabat absolbitu. Besteak, berriz, ez zeukan bideo hura bezain froga erabakigarririk, eta, polizia agenteen deklarazioan kontraesan agerikoak izanagatik, isun bat ezarri zioten, eta hamalau hilabeteko kartzela zigorra; baina ez zuen bete, ez zuelako aurrekaririk.

Ez Javier Balza —ordu hartan egintza haien erantzule zena— eta ez Rodolfo Ares —ordu hartako erabaki judizialaren arduraduna— ez ziren gai izan inolako barkamenik eskatzeko, eta, guk dakigula, ez dago inon jasota barne erantzukizunak garbitu dituztenik. Era berean, Gasteizko epaitegia ez zen gai izan inolako eginbiderik hasteko, ikusirik agerikoa zela Ertzaintzaren agenteek gezurra adierazi zutela beren ikustaldian, eta argitze-agiri faltsua egin; horrexegatik uko egin genion salaketa bat jartzeari, aurrera egiteko ahalbide txikia izango zuelako, edo ia batere ez. Lakuako Barne Saila ere ez zen prest agertu Arartekoarekin elkarlanean aritzeko —hark hala eskatuagatik—, erasandakoek eta Martxoak 3 elkarteak berak ere salaketa bat jarria baitzuten.

Argia da egoera: Auzitegi Nazionalak erabaki zuen ez zela egin deliturik eta, beraz, ez zutela esku hartu behar izan; eta Gasteizko epaitegiak ere errugabetzat jo zituen inputatuak, eta faltsutzat polizien testigantzak. Hala eta guztiz ere, ez dituzte onartu hutsegite horiek, eta ez dute horren arabera jokatu; alegia, ez dituzte garbitu dena delako erantzukizunak. Bada, noiz garbituko dituzte?

Polizia gehiegikeriek erasandakoei buruzko dekretuan jasoko diren alderdiak hizpide hartuta, Eusko Jaurlaritzako kontseilariak berak ere dio ez duela zehaztu nahi heriotza eragilerik, ezta errudunik aurkitu nahi ere, baizik eta egintzak eragindako kaltea ordaindu. Bada, zer espero dezakegu Aresek egun hauetan adierazitako konpromisoaz?

Euskal Herriko bizilagunek ez dute sinesten haren promesetan. Gezurra, injustizia eta zigorgabetasuna etengabe agertzen dira segurtasunaren eta ordenaren indarrak omen diren horien jardueretan. Hala bizi izan genuen 1976an, hala ikusi genuen berriro 2006an, eta, zoritxarrez, errepikatzen ari da 2012an ere, inolako euskarririk ez duten bertsioei babesa emanik.

Egiaz demokratatzat badaukazue zeuen burua eta zuen hitzak sinesgarriak izatea nahi baduzue, argi eta garbi joka ezazue, har itzazue zeuen gain zeuen hutsegiteak eta garbitu itzazue mailan mailako erantzukizunak. Justizia egiteaeta gezurra eta zigorgabetasuna amaitzea da modurik onena halako egoeraren bat sufritu eta pairatu duten pertsonen aitorpena egiteko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.