Zutik hezkuntza euskalduna

Ruben Iglesias Ainhoa Larrabe
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Egunotan Espainiako Wert ministroak ezarri behar duen «Demokraziaren zazpigarren erreformak» eta hezkuntzan egiten ari diren murrizketak hainbat egunkariren portada eta iritzi trukea ekarri dituzte. Nabaria da jendartean neurriok eragin duten kezka. Hainbat eragile, elkarte, sindikatu, mugimendu eta sektorek gogor egin dute neurri hauen aurka. Hitzez, baina; kritika maila diskurtsiboan garatu badugu ere, hankamotz geratzen ari gara gure praktika politikoari dagokionez. Azken urtean hezkuntza eremuan egindako murrizketak eta Wertek iragarritako azken neurriak dira hezkuntzak urteetan zehar pairatu duen erasoaren muina. Baina jabetzen al gara hezkuntzan dugun egoeraz? Jabetzen al gara azken urtean aplikatu diren edo aplikatzear dauden neurri eta planek Euskal Herriko hezkuntza sisteman nola eragingo duten? Etorkizuneko belaunaldiak nola hipotekatzen ari garen badakigu?

Azken urteotan hartzen ari diren neurriok gordinki azaleratzen dute hezkuntzari ematen ari zaion erabilera politiko nahiz ekonomikoa. Estatuek zein Euskal Herria zatikatzen duten administrazioek jakin badakite jendarte eredu baten eraikuntzan hezkuntzak zer-nolako garrantzia duen,eta apustu garbia egin dute beren araberako hezkuntza sistema bat osatze bidean berau erreformatzeko. Isilpean, ttantaka-ttantaka, Euskal Herriaren asimilazioaren bidean estrategia oso eta zuhur bat garatzen ari dira. (...) Werten azken neurri honek sabaia jo du. Autonomiek beren curriculuma antolatzeko zuten edukien %45eko tarte hori %35era jaitsiko da. Era honetan, ikasleek barneratu beharreko edukien %65a Espainiar estatuak ezarriko du. Hala ere, portzentajeez haratagoko arazoa dugu honakoa. Ez gaitezen portzentajeen eztabaida faltsuan erori, guk eskumen osoa behar baitugu.

Edukien sarraski hau gutxi ez, eta hizkuntza arloan ere desgaste sakona eragiten ari dira ikastetxe guztietan eredu hiru-eleduna ezarri ahal izateko. Ingelesaren garrantziaz aprobetxatu eta euskarak ikastetxeetan dituen ordu kopuruak murriztera datoz eredu hauek. Trilinguismo, TIL eta Hello gisako proiektuak euskara berreskuratzeko prozesua oztopatu eta datozen belaunaldiei gure ama hizkuntza ezagutu eta menperatzeko eskubidea ukatzera datoz. Ezin aipatu gabe utzi Nafarroaren kasuan vascuenceren legearen ondorioz dagoen egoera, milaka eta milaka herritarri euskararen ezagutza bera mugatua zaie bizi diren eremuaren arabera.

Ratioen handitzeak dakarren ikasgelen masifikazioak, irakasleen eskola orduen igoerak... ikasleen arteko ezberdintasunak areagotu eta hezkuntzaren kalitatearen beherakada nabaria ekarriko du. Zer esanik ez maila pedagogikoan izango den atzerakadari dagokionez.

Unibertsitate esparruan ere egoera kezkagarria da oso. Euskal Herriaren garapenerako ikasketa zein ikerketak antolatu beharrean, enpresa pribatuetara makurtzen ari da unibertsitatea. Ikasleak lan makina akritiko eta sumiso izatera bideratuz.

Honek guztiak ondorio larriak ditu: euskara jakin gabe eskolatik atera diren eta ateratzen diren milaka gazte, desnazionalizazioa, Euskal Herriak zenbat herrialde dituen ere ez dakiten herritar andana, euskal nortasunean izandako galerak, frantses nahiz espainol gisa hezten gaituzten curriculum arrotzak, pertsona gisa garatzen ez gaituzten pedagogia ereduak, inolako parte hartzerik gabeko hezkuntza, patriarkatuari iraunarazten dion eredua... ez al da zerrenda luzeegia?

Egoera irauli beharra daukagu. Euskal Herriak premiazkoak ditu bere iraupen eta garapena ziurtatuko dituzten tresna eraginkorrak eta horietako bat da Hezkuntza Sistema propioa antolatzea.

(...) Herri baten zutabe garrantzitsuenetarikoa izaki, egoera hau guztia kontuan hartuta, urrats praktikoak emateko tenorean gaude. Hezkuntzaren aferak lehentasun sozial eta politikoa izan behar du. Herritar guztioi dagokigu parez pare dugun egoera honetaz jabe egin eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa garatze bidean urrats praktikoak egitea. Euskal estatuari bidea irekitzeko garaia iritsi zaigu. Zorionez, euskal hezkuntzak ibilbide oparoa izan du eta hezkuntza sistema euskaldun zein herritarra garatze bidean hamaika proiektu garatu ditu. Haiei heldu eta aurrerapauso sendoak emateko unea da. Erantzukizunez, parez pare dugun egoerak eskatzen duen arduraz ekiteko garaia. Estatu zein administrazioetatik datozen aldaketen aurrean, geureari ekitea eta urrats atzeraezinak egitea behar-beharrezkoa da. Maila nazionalean 2003an Udalbiltzak, Sortzen Ikasbatuaz, Ikastolek eta Kristau Eskolek egindako hitzarmenetik abiatutako Euskal Curriculumaren proiektua berriro hartu eta azken urratsak egiteko garaia da. Interes korporatibistak alboratuz, herri proiektu gisa sortu zena herri proiektu gisa bukatu eta aplikatzeko ordua da. Euskal Unibertsitatearen egitasmoa kaxoitik atera eta mahai- gaineratzeko momentua dugu.

Herriz herri zein ikastetxez ikastetxe herri eraikuntzari ekitea dagokigu, herrietako curriculumak garatuz; euskararen normalizazioa bultzatzen duten neurriak hartu behar ditugu ikastetxeetan, Euskararen Kontseiluaren Ikasle eleanitzak sortuz proiektua kasu, pertsona aske eta integralak hezteko, praktika hezkidetzaileak garatuz...

Gure herriaren mesedetan egongo diren proiektuak sortu eta eraikitzeko unea da. Belaunaldi berriei euskararen ezagutzan, euskal edukietan eta balio aurrerakoietan oinarrituriko heziketa emango dien Hezkuntza Sistema eraikitzeari begirako urratsak egin ditzagun. Txikitasunetik handitasunera, indarrak bilduz, lortuko dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.