Elkarrizketak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Iñaki Antiguedad. Amaiurren Bizkaiko zerrendaburua Espainiako Kongresurako

«PPren gehiengoa ez bada osoa, hainbat aukera zabal daitezke»

Nazio aitortza eta gatazkaren konponbidea izango ditu lan eremu nagusi. Argi du horren arabera hartuko duela parte edo ez Kongresuan, Estatua mugiarazteko estu hartu nahian konplizitateak bilatzea helburu duela.
EHUn klaseak eman berritan hartu du BERRIA Leioako bulegoan. Nahikoa lan du behar guztiak uztartzen, baina irakasle jarraitu nahi du: «Lasaitu egiten nau».

Urte asko dira ezker abertzaleak ez duela Espainiako Kongresuan parte hartu. Oraingoan joatea erabaki du, eta indartsu sartzeko asmoz, koalizioan doa. Zergatik?

Argi dago oraingo momentuaren modukoa ez dela inoiz bizi Euskal Herrian. Amaiur ez da ezker abertzalea bakarrik; baina, edozein kasutan, ezker abertzaleak bere debatea egin zuen, eta estrategia aldatu. Madrilera joatea erabaki dugu, baina neurrian, eta argi utzita gauza bat: gu ez goaz modu iraunkor batean Espainiako Estatuaren botere legislatiboan kudeaketan laguntzera. Inondik inora. Argi dugu Madril ez dela ezkerreko subiranista batentzat azken geltokia; izatekotan, tarteko geralekua izango da. Madrilera ez goaz kredentziala hartu eta gehiago ez agertzeko, baina ezta ere eguneroko lanean han egoteko. Batzuetan egongo gara eta besteetan ez.

Zeren arabera erabakiko duzue noiz parte hartu eta noiz ez?

Amaiurren presentzia gure lan esparruekin lotuta egongo da. Batez ere, hiru lan ildo planteatzen ditugu: Batetik, Euskal Herriaren ezagutza nazio bezala. Hori aldarrikatuko dugu, bozgorailu lana egin dezakegunean.

Gatazka politikoa behin betiko gainditzea da bigarren ildoa, eta Estatua beharrezko eragile politikoa da. Estatuak Euskal Herriko indar politiko guztien artean adosten dena onartu beharko du. Zabaldu nahi duten mezua da hemen ez dagoela gatazka politikorik, baina badago, eta azaroaren 20ko gaueko argazkian erakutsi behar dugu hemen badagoela gehiengo bat esaten duena gatazka politikoa dela.

Aieteko aldarrikapenaren bigarren puntuan esaten da Estatuak baduela zer egin, ondorioez, aspektu teknikoez hitz egiteko ETArekin. Eta biktimen zein presoen egoeran ere, Estatua eragilea da. Hori ere gogoratu behar diogu Estatuari, eta exijitu, enplazamendua egin, horretan sartu dadin. Normalizazio bidean Gernikako Akordioa dugu bide orri, eta han aurkezteko momentua ere bilatu behar da.

Gai sozialei buruzkoa da beste ildoa.

Gu ez gara soberanista hutsak. Ezker soberanistak gara. Horrek esan nahi du, eta are gehiago krisi garaian, ezkerretik eragin behar dela. Baina norbaitek pentsatzen badu Amaiurrek hara joan eta asteroko bilkuretan gaiordenean aurkeztuko dituela proposamen ekonomikoak-eta, oker dabil. Badakigu diputatuen jauregian egongo den matematika elektoralarekin ezinezkoa dela Estatuak dauzkan krisi territoriala eta ekonomikoa gainditzea. Estatuak ez du berez onartuko Konstituzioaren aldaketa derrepentean esanda Espainia plurinazionala dela eta nazio direnen eskubideak onartzeko prest dagoela. Beraz, kontua ez da hara joan eta masokismo hutsean zain egotea. Gure erreferentzia hemen dago, eta hemen indartu behar da euskal gizarte gehiengo soberanista eta ahal den neurrian ezkerrekoa, proiektuen konfrontazio batera joateko. Inoiz lortzen badugu, ez da izango hango gehiengo matematikoa dugulako, Estatua Euskal Herritik, Kataluniatik etabar estutu dugulako baizik.

Zeintzuk dira, orduan, Madrildik eragiteko ikusten dituzuen aukerak?

Ezkerreko alde horretan konplizitateak bilatu nahi ditugu. Gure eremua da konplizitateak, sinergiak lortzea, pedagogia egitea, harremanak bilatzea, batez ere Espainiako gizartetik estutzeko, kontuan hartuta paraleloki, Kataluniatik, Galiziatik edo Euskal Herritik indartzea behar dela.

Beraz, helburu nagusia harremanak egitea da hainbat eremutatik presio egiteko?

Bai, konplizitateak bilatzea kanpoan ere, barruan isla izan dezaten, jakinda matematika parlamentarioak ate gehienak mozten dituela. Edozein kasutan, gure helburua da ahalik eta lasterren Madrilera joateari uztea, beharrezko ez delako izango, hemengo jendeari dagozkion gauzak bertatik erabakiko ditugulako. Horretarako ikusi behar da EAJk zein jarrera hartzen duen. Zeren, oso ondo dago esatea 2015ean Euskadi Europan egongo dela, baina, horrek zer esan nahi du argi eta garbi? Horrek esan nahi du hauek direla EAJrentzat azkeneko Espainiako hauteskundeak? Abertzale gisa hori ulertu beharko litzateke, zeren, Euskadik lekua badu Europan, soberan dago diputatuen Kongresua.

EAJk proposatzen duen estatus politiko berri hori oraindik ez dago oso definituta baina Europara joatea aipatzen duen arren, estatutu berri bati buruz aritu da.

Egia esan ez dakit proposamena zerbait mardula den edo kanpainari begirakoa. Edozein kasutan, estatutu berri bati buruz ari bada, ikusi egin beharko da. Adibidez, zein bide orri izango du? Ni independentista naiz, baina onartzen dut independentzia eta burujabetza osorako bidean tarteko urratsak egon daitezkeela. Beraz, estatutu berri bat proposatzen duenak esan behar luke ea estatu baterako bidean planteatzen duen ala azken geltoki gisa planteatzen duen estatutua. Horri buruz hitz egin beharko da.

Amaiur eta EAJ elkarlanean airtzeko aukera ikusten duzu?

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak abuzutuaren hasieran enplazamendua egin zieten EAJri eta Aralarri Madrila herri bezala joateko. Aralarrek baiezkoa eman zuen eta laukote horren ondorioz sortu zen Amaiur, eta EAJk ezezkoa eman zuen. Bazegoen aukera bat azaroaren 20ko gaueko argazkian burujabetzaren alde dagoen gehiengo sozial hori dezente indartsuago ateratzeko. Batuketak eskainu gehiago emango lizkiguke, eta, garrantzitsuago dena, irudi hori: 600.000 edo 700.000 botoek ematen duten irudia, indarra herri gisa.

Aukera hori galduta, hemendik aurrerako elkarlanik egongo da?

EAJk behingoz argitu behar du zer egingo duen Arriagako izpirituarekin. Arriaga izpiritua Ardanza lehendakariaren garaikoa zen, eta berak esandako esaldi batean laburbiltzen da: «Espainian eroso sentitzea». Nahiko nuke ziaboga egingo balu eta elkarlana izango bagenu, baina argi izanda elkarlan hori ez litzatekeela izango sartzeko EAJren bide horretan. Adostu beharko dugu zer aurkeztu, eta zein jarraipen eman hemen eta Europan. Egungo egoeran ezin dira azaleko akordioak egin. Akordio bakoitzak bere bide orria izan behar du. Ezezkoa jasotzen badugu, gaiari zein jarraipen emango diogun zehaztu behar da. Hor badago lursail bat erein beharrekoa, eta hitz egin beharko da.

Edozein kasutan, EAJ gogor ari da Amaiurren aurka kanpainan. Ez dakiela Madrilera zertara doan ere leporatu dio.

Hemen lau sentsibilitate politiko nagusi daude, eta, urte askotan lehenengo aldiz, lauak izango dira presente hauteskundeetan, eta gainera, agertoki politiko oso diferente batetan. Beraz, galdera ikurrak oso handiak dira: PSOEk eta PPk mantenduko dute Estatuko joera? Eta, EAJ? Amaiur? EAJk badaki botoak nondik galdu ditzakeen, eta, ikuspegi horretan, ulertzekoa da egurrik handiena Amaiurri ematea. Azaroak 20 gaueko argazkia oso esanguratsua izango da. Demagun Amaiur dela lehen indarra Euskal Herrian. EAJren diskurtsoa Madrilen aurrean bertan behera jausiko litzateke neurri handi batean, zeren dagoeneko ez litzateke bera izango bitartekari hainbat gauzetarako. EAJ eta Amaiur parez pare geratzen badira ere, kontuz.

Programarik ez izatea egotzi dizue.

Jo eta fuego ari dira: 'Ez daukazue programarik! Ez daukazue kudeaketa egiterik! Geuk kudeatzen dugu!'. Batzuetan ez dakit kanpainak eskatzen duen narratibagatik esaten direnak diren, baina abertzale batentzat Madrileko hauteskundeak dira programarik meheena behar dutenak. Oso erraza litzateke sozio-ekonomiari buruz 200 orri egitea, baina Madrilera eraman behar den programa oso orri gutxikoa da; bide orri batean sartzen diren letra handiak dira. Letra txiki gutxi Madrilerako. Horiek, bertarako.

Aurreikuspen guztien arabera, PP izango da nagusi Estatu mailan. Zer nolako aldaketa ekar dezake horrek Euskal Herriari dagokionez?

Krisi ekonomikoari dagokionean, orain arteko murrizketa bidean sakonduko du. Krisi territorialari dagokionez, PPk ez badu gehiengo osoa ateratzen, ikusi beharko da Rubalcaba jauna animatzen den guri proposamena egiten, eta orduan hitz egingo dugu denetaz. Orduan dauka garrantzia letra handiak, lehen esandako hiru esparru horietan. Adibidez, Aieteko Adierazpena betetzeko beharrean. Hor sartzen dira espetxe politika, biktimen egoera, ETArekin ondorioei buruz eta gai teknikoei buruz hitz egitea... Erabaki esparruari buruz, agian hasi behar da planteatzen Estatuan bigarren trantsizio baterantz joateko prozesu bat.

Beraz, PPk gehiengo osoa lortuko ez balu eta Alderdi Sozialista prest balego, posible izango litzateke akordioa eginda PSOE babestea?

Gehiengoa ez bada absolutoa, hainbat aukera zabaltzen dira. Ikusi beharko da, ondo aztertu beharko da. Egoera honetara heldu gara aldebakarrekotasunetik abiatu zelako sektore bat, aurreko negoziazio saioen esperientziekin eskarmentatuta. Zeren, batez ere azkeneko prozesuan, konpromisoak ez betetzeak ekarri zuen porrota. Orain, aldebakarrekotasunetik abiatu den honetan, baten batek gure beharra badu, ikusiko da. Baina kontua ez da izango lau transferentzia gehiago ematea edo berrehun preso ateratzea. Bide orrian dago gakoa. Konpromisoak hartu eta betetzea. Eta lupak horien gainean egotea. Lupak dagoeneko Europan daude. Oso interesantea litzateke egoera hori. Eta, eredu sozialaren ildoa ere hor dago.

Agertoki hau kudeatzeko onenak direla diote. Ba, egongo litzateke aukera kudeaketa hori euren esku egotekoa. Baina hemen konfiantzak eraiki egin behar dira, eta duela hamar bat egun Ramon Jauregik Loiolako elkarrizketen inguruan esan zuena gogoratzea ondo dago: «Idatzita ez dagoena ez da existitzen». Orduan idatzi beharko da, ondo-ondo. Euskara oso argia da: nor, nori, nork, zer, non, noiz, nola.

Badaude hausnarketa batzuk esaten dutenak PP gobernuan egongo balitz agian errazago izango litzatekeela urratsak egitea, PPk ez lituzkeelako izango PSOEk jasaten dituen presioak.

Lehengo egunean irakurri nuen analista politiko baten idazkia, oker ez banago, BERRIAn bertan. Gauza interesante bat esaten zuen, zuk esandako horren ildotik. PSOEk, batez ere azken boladan, apenas egin du prozesuaren alde, zer zetorren jakinda ere.

Analista politiko horrek zioen PPk hari batzuk mugitzen baditu presoen gaian eta sukaldeko gai batzuetan publikoki esan daitezkeen gauzteraino helduta, PPk ez duela PSOE xaxaka izango. Horrek esan nahi du eskuak libreago dituela Raxoik? Egia da Raxoik baduela PP barruan sektore bat oso oso pozoitsua. Bakoitzak ereindakoaren uzta jasotzen du. Edozein kasutan, PPk egoera gehiago baliatu dezakeela PSOEk orain arte baino? Ba baliteke.

Edozein kasutan, Estatua zuzentzen egongo direnek badute gauza on bat: Europan badirela begirale asko lupa begian, horiei laguntzeko apustuan. Aietekora bueltatzen gara. Bigarren puntuan dio Gobernuak ETArekin hitz egin behar duela arazo teknikoez. Hori besterik ez balitz lortuko ere, horrek hainbat ate zabalduko lituzke gerora begira. Baina, hori ere egiten ez bada, ez badago gutxieneko borondaterik, zelan pasako gara biktimen gaira eta? Egunen batean egingo dugu errelatoen errelatoa, baina bitartean, goazen aukera baliatzera.

Gobernuan egongo denak urratsik egingo ez balu, zer?

Horretarako egon behar du mobilizazio eta aktibazio sozialak Euskal Herrian eta hemengo instituzioetan. Joko horretan erabili behar da hemengo gizarte zabalaren babesa Madrilen baliatzeko. Eta, lan diplomatiko bat ere badago Aieteko Adierazpenaren inguruan ibili ziren pertsonek eta fundazioek egin beharrekoa. Kontua ez da biren artekoa, esparru oso batena baizik. Hori dena baliatu behar da, eta egoera deseroso batera eraman bere temakerian mantendu nahi den gobernu oro. Gauzak ondo egin behar dira nolabait behartzeko mahai batera biltzen.

Publizitatea

Emaitzak udalerrika

Mapa interaktiboa

Berriketan

Argazkiak

Berria.eus 2011