Analisiak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Fede kontuak

 

2011-11-11 / Jon Benito

M15aren itzala. Politika gauza asko izan daiteke, baina batez ere fedea da. Inkestek PPren gehiengo zabala iragartzen dute, baina apenas eskaintzen dioten lekurik M-15 mugimenduak hauteskunde hauetan izango duen babes agerikoari. Ez gizarte olatu horrek azaroaren 20ko Espainiako Parlamentu eta Senaturako ordezkariak hautatzeko alderdi zehatz batean/batzuetan isla zuzen nabarmenik izango duelako (ikusteko dago Equon edo Izquierda Unidan nolako eragina izango duen), baizik eta orain arteko politika egiteko moduarekiko (alderdi bitasuna, zerrenda itxiak, merkatuekiko morrontza...) sortu duen deskreditu irudipen orokorragatik. Gero eta zailagoa zaie Espainiako bi alderdi nagusienei, herritar arrunten begietara, lehengo politika egiteko moduarekin bere horretan jarraitzea, eta pertzepzio horren hedapenean zeresan handia izan du antolaketa honek. Lehen politikarekiko mesfidantza sentimendu pertsonal hedatua zen, eta orain kolektiboa egin da, oraindik diskurtso lauso(egi) batean artikulatu bada ere. M-15aren itzala ere neurtu beharko litzateke, beraz, A-20 gaueko balorazioetan.

Zer den bozkatzen dena. M-15 mugimendua gorabehera, eta horrek abstentzioan izango duen eragina ahaztu gabe, izango da bozkatuko duenik, eta ez dira gutxi izango. George Lakoffek adierazten du bozkatzen dutenek ez dituztela hoberenak aukeratzen eta identifikazioz jokatzen dutela. Alegia, balioak hautatzen direla hauteskundeetan gaitasunen gainetik, emozioak soluzioen aurretik. Nahiago dugu identifikatu ulertu baino. Horregatik, ekintza burutsutzat baino gehiago ekintza emozionaltzat hartu beharko genuke botoa ematearen ekintza. Yuri Morejonek, arrazoiz, asteleheneko Rubalcabaren eta Raxoiren eztabaidan jokoan zegoena programa baten defentsa baino gehiago sentipen bat zela zioen. Zer bozkatuko da beraz azaroaren 20an? Herrialdearen arabera: Espainiaren krisiaren kudeaketa txarraren aurka (eta, horregatik, PSOE zigortuko da), eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, irekitako prozesuarekiko babesa erakutsi edo konponbiderako emandako pausoen alde egingo da.

Hitz gakoak. Alderdi nagusienek herritarren fedea berreskuratzeko sinesgarritasuna irabazi beharko dute. Sinesgarritasuna programa sendo bat izan eta programa hori betetzeak eman diezaieke. Hauteskundeetara aurkezten diren alderdi nagusienak errepasatzen hasita, PSOEk gehien erabilitako hitzak enplegua, sistema, soziala eta berdintasuna dira, hurrenez hurren. PPk gehien aipatutako hitz gakoak Espainia, gizartea, bultzatu eta enplegua dira, ordena horretan. Izquierda Unidak, bere aldetik, soziala, publikoa eta eskubideak ditu hitz horiek. UPDk komunitateak, legea eta kudeaketa hartzen ditu bere ardatz. CiUk Catalunya, Programa eta Estat aipatzen ditu. Eta Equok, bere alderdiaren marka oraindik askorentzat ezezaguna, gizartea eta garapena errepikatzen ditu.

Orain, irakurle zorrotzarentzat galdera: zein dira EAJk, Geroa Baik eta Amaiurrek programan gehien erabili dituzten hitzak?

Publizitatea

Emaitzak udalerrika

Mapa interaktiboa

Berriketan

Argazkiak

Berria.eus 2011