0 Konponbideari begira | Berriak | Berria.eus

Berriak

Euskal presoak. Euskal Herriratzeko eskaerak

Presoen gerturatze eskaerak baztertu ditu auzitegiak, mamiari ihes eginda

Auzitegiko Espetxe Zaintzarako epaileak argudiatu du lekualdatzeen gaia ez dela bere eskumena. Berari presoen eskubideak bermatzea dagokiola esan du, eta ez dela eskubiderik urratzen ari
Euskal presoen eskubideen defentsan eta Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako lau kideen aurkako operazioa salatzeko larunbatean Donostian egindako manifestazioa.
Euskal presoen eskubideen defentsan eta Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako lau kideen aurkako operazioa salatzeko larunbatean Donostian egindako manifestazioa. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ezetz esan du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaileak. Ez duela presoen sakabanaketa amaitzeko urratsik egingo. Ez dela bera izango, behintzat, erabaki hori hartuko duena. EPPK-ko 50 kide inguruk duela bost bat hilabete aurkeztu zituzten kexak atzera botatzen hasi da Maria de los Reyes Jimeno Gutierrez epailea. Erabakia ez dagokiola Espetxe Zaintzari esan du. Berari presoen eskubideak bermatzea dagokiola, eta sakabanatuta dituzten presoei ez zaiela eskubiderik urratzen ari. Kexuen sakoneran sartu gabe ebatzi du hori, halere; presoek salatutako urraketa bakoitzari zehazki erantzun gabe.

Hainbat hedabidek zabaldu dutenaren arabera, 30 preso ingururi erantzun die epaileak. Guztiei, oinarri berberen gainean. Preso horien abokatu lanetan ari direnek BERRIAri adierazi diotenez, ordea, hamar bat jakinarazpen baino ez zituzten jaso atzo. Hain zuzen, ebazpen judizialak «etengabe» filtratzeak «indefentsioa eta kaltea» eragiten dituela salatu dute, eta, hedabideei autoak defentsei eta kaltetuei baino lehenago helarazten zaizkiela.

50 bat presoren eskaerak

Guztira, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 50 bat kidek aurkeztu zuten kexa Auzitegi Nazionalean, iazko azaroan. Abokatuek azaldu zutenez, sakabanaketa amaitzeko «premia handiena» dutenek egin zituzten eskeak lehen txanda horretan: oso gaixotasun larriak dituzten sei presok, 70 urtetik gora dituzten beste seik, eta espetxean hogei urte baino gehiago daramaten 30 inguruk. Alegia, sakabanaketaren eragina hamarkadatan pairatzen ari direnek, eta osasun arazoak dituztenek.

Uste baino beranduago eman du erabakiaren berri Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak, eta espero ez zen epailearen eskutik. Iazko azarorako aurkeztuta zeuden kexen erantzunak urtarrilean plazaratuko zirela zabaldu zen auzitegian, eta Espetxe Zaintzarako ardura urtetan daraman epaileak egingo zuela jakintzat ematen zen: Jose Luis Castrok ebatziko zuela.

Adierazgarria da nor geratu den erabakia hartzetik kanpo. Izan ere, Castro epaileak plazaratu dituen hainbat ebazpenek liskar handiak eragin dituzte azken urteetan. Espainiako zenbait epaile, agintari eta politikari sutu ditu, eta bere aurka jarri. Oso gaixo dauden presoen inguruan hartu dituen erabakiak izan dira eztabaiden iturri. Berak erabaki zuen, esate baterako, gose greban oso ahul zen Iñaki de Juana presoa askatzea. Josu Uribetxeberria kaleratzeko ere berak agindu zuen. Eta ebazpen horren ondorioz jasan behar izan zituenak ondorena ekarri zioten. Hiesa oso garatua duen Ibon Iparragirreren kasuan, adibidez, espetxetik ateratzeko erabakia bertan behera utzi zuen beranduago. Preso jarraitzen du, oso egoera larrian.

Oraingoan, Espetxe Zaintzan Castroren laguntzaile gisa hasi zenak hartu du erabakia. Epaile titularra da bera ere eta badu horretarako ahalmena, baina inork ez zuen espero horrelako gai pisutsua bere esku geratuko zela. Edozein kasutan, mamira sartu gabe jakinarazi du erabakia.

Fiskaltzak eskatutakoa bete du Jimenok, sei bat orriko epaian argudiatu duenez. Espetxe Zaintzaren eginbeharra presoen eskubideak bermatzea eta «gehiegikeriak zuzentzea» dela azaldu du. Sakabanaketa ezarrita eskubideak urratzen ari zaizkiela argudiatu dutela presoek, eta Espetxeetarako Zuzendaritzak Euskal Herriratzea ukatu ondoren aurkeztu dituztela kexak Espetxe Zaintzarako epaitegian. «Presoen destino eta lekualdaketen inguruko eskumena Espetxeetako Zuzendaritzaren Idazkaritza Nagusiari dagokio, oso osorik», dio epaileak.

Administrazioen eskumena

Espetxe Zaintzarako Epaitegiak «salbuespen» gisara erabaki dezake presoek non egon behar duten, epaiak jasotzen duenez: «Esku hartu dezake, soilik, hartu den ebazpen administratiboak oinarrizko eskubideak modu argian urratzen baditu eta hori presoa lekualdatuta zuzendu badaiteke». Horretarako, urraketa horiek gertatzen ari direla aurrez egiaztatzea beharrezkoa dela zehaztu du.

Presoek argudiatu dute sakabanaketaren bidez bisitetarako eskubidea, defentsarakoa, osasun asistentziarakoa eta kultura zein hezkuntzarakoa urratzen ari zaizkiela, besteak beste. Jimenoren esanetan, hori ez da hala. Senide eta lagunak bisitetara joaten zaizkiela erantzun du; presoak abokatuekin egon izan direla asistentzia juridikoa bermatzeko; medikuarenera ere joan izan direla; eta ez dutela hezkuntzarako interes berezirik erakutsi. «Ez dago egiaztatuta presoari eskubide zehatz horietako bat ere urratu zaionik eta lekuz aldatuta zuzendu daitekeenik», ondorioztatu du epaileak.

Are, «orokorrean», izan daitezkeen gehiegikeriak edo eskubide urraketak ez direla lekualdatzeekin konpontzen ohartarazi du. Urraketak Espetxe Zaintzarako Epaitegian salatuta konpontzen direla, baina lekualdaketei dagozkien kontuak ez dagozkiola berari. Administrazioarekiko auzi prozesuen bidez konpondu behar direla gai horiek, administratiboki dauden bide guztiak agortu ondoren. Bide horri ekiteko esan die, beraz, kexa azaldu dutenei: administratiboki aurkezteko salaketak, eta bide horretan arrazoirik ematen ez badiete administrazioarekiko auzi prozesuetara jotzeko. Ez beregana.

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegiak plazaratu dituen epaiak ez dira irmoak. Helegiteak aurkezteko aukera dute. Eta, abokatuek jakinarazi dutenez, horixe egingo dute: Auzitegi Nazionalean erreforma helegitea aurkeztu.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa pozarren agertu da Espetxe Zaintzarako epaileak hartutako erabakiarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak epai horrekin Espainiako Gobernuaren espetxe politika babestu duela ulertu du. Gehiago ere esan du: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta Europako Kontseiluko batzorde politikoak lehen, eta Auzitegi Nazionalak orain esan dutena dela «Espainiako espetxe politika legezkoa izateaz gain Europako Giza Eskubideen Itunarekin bat datorrela». «Harro nago horrekin».

Fernandez Diazek hedabideen aurrean adierazi du euskal presoek jaso duten epaiak baieztatzen duela «espetxeetako sakabanaketa politika legezkoa dela eta ez duela inola urratzen presoen eskubiderik, ez haien senideenik».

Gainera, Espainiako Gobernuak sakabanaketa testuinguru politiko jakin batean ezartzen duela ohartarazi du: «terrorismoaren aurkako politikaren baitan ezartzen du eta ETA da bere lagunik onena».

«ETA desagertuko balitz eta desagertzen dela iragarriko balu ez genuke espetxe politika modu orokortuan ezarri beharko». Hartara, «sakabanaketa politika amaitzeko erabakia ETAren esku» dagoela esan du. «Bitartean, sakabanaketa politika ezartzen jarraituko dugu».

Publizitatea

Argazkiak: 2011ko urriaren 20tik

Euskal presoen eskubideen alde Kalera Kalerak deitutako manifestazioa, Bilbon

Euskal presoen eskubideen alde Kalera Kalerak deitutako manifestazioa, Bilbon

Sara Majarenas presoa libre geratu da, zigorra osorik bete ondoren

Sara Majarenas presoa libre geratu da, zigorra osorik bete ondoren

'Arbolaren egia' eskulturaren inaugurazioa, Baionan

'Arbolaren egia' eskulturaren inaugurazioa, Baionan

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Berria.eus 2011