0 Konponbideari begira | Berriak | Berria.eus

Berriak

ETAren armagabetzea. Lehenengo armak

Ā«Gerra iraultzailerakoĀ» lanabes

1958aren hondarrean sortu arren, lehen hamar urtean jarduera armatu apala eduki izan zuen ETAk. Mugarri bat izan zen erakundearen V. Batzarra, han ekin baitzion ETAk egiazko borroka armatuari.
ETAren hastapeneko kide bat, tiro praktikak egiten.
ETAren hastapeneko kide bat, tiro praktikak egiten. EUSKADI ETA ASKATASUNA ENTZIKLOPEDIA-TXALAPARTA

2017-04-09 / Iñaki Petxarroman

Ekineko gazteak 1950eko hamarkadan EAJrekiko batasuna lortzen saiatu ziren, baina, ahalegin horrek porrot egin ondoren, Euskadi Ta Askatasuna (ETA) sortzea erabaki zuten, 1958aren amaieran. Sorreratik eduki zuen ETAk adar armatua. Erakundeko kide gutxik zituzten, ordea, armak. Ā«ETA erakunde kulturala izan zen lehenikĀ», adierazi du Julen Madariaga ETAren sortzaileak, Egiari Zor liburuan. Harekin batera lehen urte haietan aritu zen Jose Antonio Lizarribarrek ere hala laburbildu du egoera: Ā«Erabiltzeko gogoa bai, baina arma gutxi genituen orduanĀ».



Horren erakusgarria izan daiteke erakundearen IV. Batzarrak agerian utzitako egoera. Izan ere, bilkura hartan (1965. urtean) Ā«gerra iraultzailearenĀ» oinarri teorikoak zehaztu bazituen ere, gabezia logistiko handia zuen ETAk. Adar militarrean sei gizon, bost metraileta eta pistola bat besterik ez zituen-eta, Txalapartaren Euskadi Ta Askatasuna entziklopediaren arabera.



Urte batzuk lehenago egin zituen erakundeak lehen ekintzak lehergailuz, Gazteluko harrobian lapurtutako dinamitarekin. 1963an eskuratu zuen lehergai horrekin leherrarazi zuten Zumarragan abandonatutako tren bat. Ondoan ETAren pintaketa bat azaldu zen. Halakoak egiteko gai zela erakutsi nahi zuen ETAk.



1964. urtearen hasieran erregimen frankistaren hainbat egoitzatan zartarazi zituzten lehergailuak: Gasteizen, Poliziak eta SEU Espainiako Sindikatu Unibertsitarioak erabiltzen zuten egoitza bat lehertzen saiatu ziren, baina bonba ez zen aktibatu. Iruñean, Justizia Jauregian jarritakoa ere ez zen lehertu.



Lehertu egin ziren, ordea, Unidad egunkari falangistaren egoitzan ezarritako bonba bat eta Justizia jauregian ezarritako beste bat, Donostian.



Urte pare bat lehenago, 1962an, eskuratu zituen ETAk lehen armak, anarkista katalan batzuen eskutik, Julen Madariaga sortzaileak kontatu duenez. Hala kontatu dio BERRIAri hura nola izan zen: Ā«Oso jende ona zen, eta biziki ongi konpondu ginen anarkistekin, bai presondegian egon ginenean, Carabanchelen (Madril, Espainia), eta bai ondoren ere, kaleanĀ». Madariagak gogoan du Espainiako komunistekin, berriz, gaizki moldatzen zirela; haren esanetan, Ā«espainiarrak eta inperialistakĀ» zirelako. Bada, Baionan ezagutu zituzten anarkisten bidez —tartean ziren Felix Likiniano eta Casilda Hernaez ekintzaileak— eduki zuten etakideek Federica Monseny Espainiako Errepublika garaiko Osasun ministro ohiaren taldearen berri. Monseny buru zuen talde anarkistari Francisco Franco diktadorearen aurkako atentatu bat prestatzen lagundu zion ETAk, 1962an. Donostian egin zuten hilketa saiakera, Aieten. Horren truke, armak eman zizkioten anarkistek ETAri, Okzitaniako Tolosan. Ā«Bigarren mundu gerrako armak ziren, ingeles paraxutistek airetik lurrera botatakoak eta ekintzaileek mendietan bildutakoak. Lurperatuta zituzten bidoi batean sartuta eta koipez beterik. stein metrailetak ziren gehienak, haietako batzuk oso egoera kaxkarreanĀ», azaldu du Madariagak.



Ekintza armatuak baino gehiago, ordea, sabotajeak eta propaganda erakustaldiak egin zituzten etakideek lehen urte haietan: mailuekin, aizkorekin eta bestelako tramankuluekin egin zieten eraso erregimen frankistaren ikurrei. Pintaketak egin zituzten, panfletoak banatu eta ikurrinak jarri han eta hemen. Ā«Hasieratik eduki genuen bokazioa askapen mugimendu armatua izatekoĀ», adierazi du Madariagak. Beste kontu bat da lehen urte haietan erakundeak zeukan ahalmen operatiboa eta armak erabiltzeko borondatea, ekintzaile guztiek ez baitzioten egoki irizten bide armatuari. Gauzak hala, ildoa zehaztuz joan zen ETA, oinarri ideologikoa ezartzearekin batera.



Prozesu horretan, eragin handia eduki zuten munduan zehar zabaldu ziren askapen mugimendu gerrillariek, besteak beste, Ameriketan eta Afrikan zehar barreiatu zirenek. Kubako, Aljeriako, Uruguaiko eta beste hainbat tokitako prozesuek berebiziko eragina izan zuten ETAn. Besteak beste, mugimendu horien bultzadaz ekin zion ETAk borroka armatu iraultzaileari Euskal Herrian.



Iñaki Egaña historialariaren esanetan, armatze prozesua Ā«toki guztietanĀ» bezala izan zen hemen ere. Ā«Hiru aukera zituzten armak eskuratzeko: lapurtzea, eurek ekoiztea edo merkatu beltzean erosteaĀ». Suzko armak Frantzian eta Ipar Euskal Herrian aurkitu zituzten lehen urte haietan, historialariaren arabera. Oro har, 1936ko gerran eta makiek nazien aurkako erresistentzian erabilitakoak ziren. Esate baterako, LUAR talde armatu iraultzaile portugaldarraren eta anarkisten bidez eskuratu zituzten armak etakideek 1960ko hamarkadako urte haietan, Egañaren esanetan.



V. Batzarra



Borroka armatuan aritzeko benetako erabakia bere V. Batzarrean hartu zuen ETAk. Hori nabarmendu dute historialari eta aditu guztiek. Ordura arte zergatik ez ziren borroka armatuan horrenbeste murgildu, hona Madariagaren azalpena: Ā«ETAko lehen belaunaldikooi leporatu izan zaigu ez ginela ekintza armaturako gai, gehienok jatorri burgesekoak izanikĀ». Ez du bat egiten Madariagak ikuspegi horrekin: Ā«Egia da gure ekimena intelektualagoa izan zela, baina bide hori gabe, 1967tik goiti ezagutu genuen borroka armatua hain antolatua izanen zen? Uste dut gure lan filosofikoa funtsezkoa izan zelaĀ».



Hain zuzen, oinarri hori jarrita zegoen, haren ustez V. Batzarrean, 1967an, ETAk hartu zuen bideari ekiteko. Txabi Etxebarrietaren zuzendaritzapean, orduan hasi zen ETAren egiazko ziklo armatua, oinarri ideologikoa —askapen nazional eta soziala— eta estrategia —ekintza-errepresioa-ekintza espirala aktibatzea— zehaztuta. Hain zuzen ere, nolabaiteko haustura ekarri zuen ikuspegi horrek ETAren lehen belaunaldiko kideekin, Txillardegik, Benito del Vallek, Manu Agirrek eta Xabier Imazek, esate baterako, euren desadostasuna azaldu baitzuten ildo horrekin. Hain zuzen ere, Txillardegik orduan utzi zuen ETA, ez baitzuen sinesten bortizkeriaren espiral horretan eta ez gerrilla estrategian.



Iñaki Egañak azpimarratu du V. Batzarra izan zela benetako ekinaldi armatuaren abiapuntua. Hots, hori izan zela mugarria ibilbide armatuan: Ā«Ordura arte ETA erakunde armatua baino gehiago, erakunde aktibista zen, eta jauzi handia dago batetik besteraĀ». Jauzi horren ondorioz, adar armatuak lokarriak hautsi zituen beste adarrekin —kulturalarekin, kasurako—.



Orduan hasi zen bere burua armatzen Euskadi Ta Askatasuna, eta, horretarako, Europako merkatu beltzera jo zuen behin baino gehiagotan. Egañak gogoratu du Federico Krutwig hizkuntzalaria eta Euskaltzaindiko kidea ibili zela Europako bazter ezberdinetan armak erosten, Ā«hizkuntzekin zuen dohain berezi horren ondorioz aritu zen horretanĀ». Besteak beste, Alemanian, Italian eta beste hainbat tokitan egin zituen lan horiek Krutwigek.



Txekiako pistolak



Lehen arma erosketa handiena Txekoslovakian egin zuen ETAk, 1967an. Pragatik ekarri zuen erakundearen komando batek Astra markako hainbat pistola, eta lehen ekintzetan haiek erabili zituzten, besteak beste, Meliton Manzanas Espainiako polizia torturatzailea hiltzeko.



Julen Madariagak gogoan du nola izan zen Txekiara eginiko bidaia hura. ETArekin kolaboratzen zuen emakume frantses hiztun batekin joan zen Madariaga bera, ohikoa zuten eran, turista bikote bat balira bezala. Autoan ezkutaleku bat prest zuten, 20 bat kiloko kutxa bat sartzeko egokitua. Ā«Kontrolak saihestu nahi genituen horrela, baina zorionez ez genuen beharrik izan. Garbi-garbi joan zen denaĀ».



LUAR erakunde portugaldarreko hainbat kiderekin batera joan ziren Txekoslovakiara eta Madariagak gogoan du haiek autoaren eserlekuen azpian gorde zituztela armak. Ā«Zortea eduki zuten, autoa ez baitzieten miatu ere egin kontroletanĀ».



Europa sozialista eta kapitalista bereizten zuen muga pasatu eta Madariagak Belgikan zuen etxera eraman zuten kutxa bat, dozena bat pistolaz beteta. Bruselatik 20 bat kilometrora zuen etxea Madariagak garai hartan, eta halako operazio logistikoetarako Ā«oso egokiaĀ» zen, toki bakarti batean baitzen. Etxe hartara joan zen Juan Jose Etxabe etakidea beste auto batekin, eta hark ekarri zituen arma horiek Belgikatik Euskal Herrira, Madariagak berak aitortu duenez. Ā«Haren antzeko beste hainbat bidaia egin genituen. 20-25 pistola ekartzen genituen joan-etorri bakoitzean, eta Ipar Euskal Herritik pasatzen genituen Hegoaldera. Hori erraza zen guretzat garai hartan, oso ondo antolatuta baikeundenĀ».



Txekiatik ekarritako lehen arma haiek, Etxaberen komandoaren eskutik pasatu ondoren, Itziar Aizpurua etakide ohi eta HBko buruzagi historikoaren zaintzapean ere egon ziren, bolada batez, haren gurasoek Deban zuten gasolindegian. Hala aitortu du Aizpuruak Jokin Gorostidi. Autobiongrafia liburuan, eta hala aipatu dio BERRIAri ere. Pistola haietako batekin egin zion tiro Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagiak Jose Pardines Guardia Zibilaren agenteari Villabonan izandako tiroketan. Pardinesena da ETAri egozten zaion lehenengo hilketa. Handik egun gutxira, 1968ko ekainaren 7an, Tolosako Olarrain auzoan tiroz hil zuten Etxebarrieta, Guardia Zibilak jarrita zuen kontrol batean. Soinean aurkitu zioten Astra pistola, 1936ko gerran eta Aljeriako askapen borrokan erabilia zen. Hilketaren haren ondorioz, puri-purian jarri zen bortizkeriaren espirala hurrengo hilabeteotan.



Ziklo armatua gordintzearekin batera, hurrengo urteotan arma hornidura lan handia egin zuen ETAk. Horretarako, bankuak lapurtu eta dinamita eskuratu zuten hainbat harrobitan. Besteak beste, 1973an hiru tona dinamita ebatsi zituen ETAk Hernaniko bolborategi batean, eta zama horren zati handi batekin lehertu zuten Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentea hil zuen bonba autoa, Madrilen, 1973an. Garai hartan, ETAk bere burua armaz eta lehergailuz hornitzeko egin zuen ahaleginaren neurria erakusteko, datu bat eman du Egañak: Ā«1972an, 72 ekintza egin zituen ETAk, eta horietako 27 dinamita lapurretak izan zirenĀ». Hortik aurrera gordindu baino ez zen egin espiral armatua, 1980ko urteetan inoizko handiena izatera iritsi arte.



Publizitatea

Argazkiak: 2011ko urriaren 20tik

Euskal presoen eskubideen alde Kalera Kalerak deitutako manifestazioa, Bilbon

Euskal presoen eskubideen alde Kalera Kalerak deitutako manifestazioa, Bilbon

Sara Majarenas presoa libre geratu da, zigorra osorik bete ondoren

Sara Majarenas presoa libre geratu da, zigorra osorik bete ondoren

'Arbolaren egia' eskulturaren inaugurazioa, Baionan

'Arbolaren egia' eskulturaren inaugurazioa, Baionan

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Bakearen foroa, ETAren armagabetzearen I. urteurrenean

Berria.eus 2011