Asko dira Kantauri eta Mediterraneo itsasoak Pirinioak zeharkatuz lotzeko asmoa izaten duten mendizaleak, eta asko, helburu hori betetzeko dauden bideak eta moduak. Iruñeko Anaitasuna elkartearen mendi sailak 25. urtez antolatu du Pirinioetako zeharkaldia; Anaitako trabea, elkarteko kideek ezagutzen duten moduan. «Lehen elkartea izan ginen halako zeharkaldi bat antolatzen, eta gaur egun mendizaleen artean oso ezaguna da, klasiko bat», dio Jesus Maria Garisoain Txumarra-k, Anaitasuna elkarteko kideak.
Ekimena 80ko lehenengo urteetan gorpuztu zen. Elkarteko bost mendizalek Pirinioetako zeharkaldia osatu zuten, haien kabuz. Ordutegiak, lotarako lekuak eta gainerako xehetasun guztiak bildu zituzten, idatziz. Txumarrak izan zuen ideia: zergatik ez zeharkaldia Anaitasunaren bidez antolatu? Urte haietan elkarte eta mendizale gutxik eskaintzen zituzten Pirinioetara irteerak, eta mendizaleei aukera eman nahi zieten. 1987ko lehenengo zeharkaldian 300 mendizalek parte hartu zuten, sei astez, eta guztiek osatu zuten zeharkaldia, oso-osorik. Gidari boluntarioak, lantalde handia, imajinazioa egunean eguneko arazoei aurre egiteko... benetako abentura.
Zazpi asteko zeharkaldia
Ordutik izan dira aldaketak. Urtero aldatzen dute zeharkaldiaren norabidea. Aurten Banyullsetik abiatuko dira, Mediterraneoko uretatik, eta Hondarribian itsasoratuko dira, Kantauriko uretan. Uztailaren 9an hasiko dute zeharkaldia, eta abuztuaren 25erako iritsiko dira helmugara. Ibilbidea zazpi astetan osatuko dute. Astelehenetik larunbatera oinez ibiliko dira, eta igandea joan-etorriko bidaia egiteko edo atseden hartzeko erabiliko dute.
Izena emateko epea ireki dute dagoeneko, eta mendizale bakoitzak hiru aste edo zatitan eman dezake izena. Aste bakoitzaren prezioa 550 euro da, eta horren barnean daude garraioa; gosaria, afaria eta mendira eramateko jakiak; mendi-gidaria; materiala eta janaria garraitzeko furgoneta; botikina eta kanpin dendak. Iruñeko Udalak diru laguntzak bideratuko ditu 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Izena emateko edo argibideetarako bi bide jarri ditu Anaitasunak: 948-25 49 00 eta www.latravesiadelanaitasuna.es.
Mendia
25 urte Pirinioak zeharkatzen
Mende laurdena bete du Iruñeko Anaitasunak antolatutako zeharkaldiak. Banyullsen hasi, eta Hondarribian bukatuko dute aurtengoa, uztailaren 9tik abuztuaren 25era. Izen ematea ireki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu