Everesten udaberrian ikusitakorik ez da ikusiko Pakistango mendietan; ez zortzimilakoetan, ez eta altuera apalagoa dutenetan ere. Azken urteetako joera errepikatu da, eta Karakorumgo mendietara udan joango den espedizio kopuruak behera egin du. Espedizio krisia ez da kontu berria, azken urteetan nagusitu den joera baizik. Herrialdearen egoera ezegonkor eta nahasia izan zen urteetan horretarako arrazoi nagusia. Bateko eta besteko bazterrak astintzen ari den krisialdia da orain espedizio bat antolatzeko mendizale askoren muga gaindiezina.
Kantitatea eta kalitatea ez doaz beti eskutik. Bukatu berri den montzoi aurreko Himalaiako denboraldian Everest izan da kopuruan espedizio gehien erakarri duen mendia. Ehunka mendizale saiatu dira, ilaran eta bata bestearen atzetik, mendirik garaienera igotzen, eta asmo hori lortzeko, edozerk balio izan die: tontorreraino finkatutako sokari lotzea, xerpei oxigeno botilak igoarazi eta haietatik edatea, aldamenekoari zer gerta bost axola izatea... Alpinismoak biltzen dituen balioetatik erabat aldentzen diren jokamoldeak. Izan dira, noski, bestelako jarrera eta estiloak ere.
Beste ezaugarri batzuk dituzte Karakakorum jomuga duten espedizio gehienek. Hamalau zortzimilakoetatik bost daude mendikate hartan, eta bost horietan elkartuko da espedizio multzorik handiena: K2 (8.611), Nanga Parbat, Gasherbrum I eta II eta Broad Peak. K2 da horietan guztietan garaiena, baina Everestek izan ohi dituenak baino bisitari gutxiago izaten ditu. Horren erakusle da azken urteetan tontorrera igo den mendizale kopuru txikia. Gerlinde Kaltenbrunner, Maksut Zhumajev, Vassili Pivtsov eta Darek Zaluski laukoteak iaz igo zuen, ipar aurpegitik, baina azken urteetako gailur lehortean tanta bakarrak izan dira horiek; 2008tik ez da beste inor igo K2ra. Mendizale multzo interesgarria elkartuko da asteotan mendi hartan: Peter Hamor, Sophie Denis, Christian Stangl, Oscar Cadiach...
Beste lau zortzimilakoen artean Gasherbrum bikietara joango da mendizale gehien. Ohiko bideetatik igotzeko saioak dira guztiak, eta G-I eta G-II mendietarako baimena dute talde gehienek.
Ohiko bideetatik kanpoko saioetan Nanga Parbat da salbuespena. Mazeno ertzaren zeharkaldia helburu hartuta joan da mendizale talde bat: Rick Allan eta Sandy Allan, Cathy O'Dowd eta Lhakpa Rangdu Sherpa, Lahkpa Nuru Sherpa eta Lakpa Zarok Sherpa joango dira. Zortzi mila metroko mendietan gainditzeko dagoen erronka handienetakoa da Nanga Parbateko Mazeno ertza.
Mendi hartan Rupal isurialdea gainditzeko Txekiako mendizale talde batek egin asmo duen ahalegina ere nabarmentzekoa da. Zdenek Hruby taldeburu dela, Marek Holecek, Pavel Korinek, Jiri Domansky, Tomas Rinn, Michal Vesely eta Jana Simonova Nanga Parbateko horma erraldoia eskalatzen saiatuko dira. Diamir isurialdean ere izango da zalaparta: Aleksei Bolotov buru duen Errusiako talde bat doa hara.
Alpinismoa altuera apalagoan
Espedizio gehienak Karakorumgo zortzimilakoetara joango dira, baina altuera apalagoko mendietan daude erronkarik interesgarrienak. Goiztiarrak izan dira Latok II mendian (7.108) Mathieu Maynadier, Antoine Bletton, Pierre Labbre eta Sebastien Ratel frantziarrak. Mendiaren hego-mendebaldeko horman bide bat ireki dute, eta lanak beteta itzuliko dira etxera.
Josh Wharton, Nate Opp eta Mike Pennings estatubatuarrak Latok I mendira (7.145) joango dira. Eta Jason Kruk kanadarrak eta Hayden Kennedy estatubatuarrak bi helburu dituzte: K7 (6.934) eta Baintha Brakk mendiko bigarren gailurra. Kyle Dempster eta Urban Novak izango dituzte sokalagun; laukote indartsua inondik ere.
Baintha Brakk mendia (7.285) ez da Pakistango mendirik ezagunena, baina bai mendizaleen errespetua dutenetakoa. Historia eta itzal handiko mendia da, eta gaur bertan hara bidean jarriko dira Herve Barmasse, Daniele Bernasconi eta Martino Peterlongo italiarrak. Baintha Brakk mendira ipar aurpegitik igo nahi dute italiarrek. Lantegi nekeza dute aurretik. Aurrez bi espedizio baino ez dira igo Ogrora —hala deitzen diote alpinistek—, eta biek hegoaldeko isurialdea baliatu zuten horretarako: Chris Bonnington eta Doug Scott historikoak, 1977an, eta Thomas Hubber, Iwan Wolf eta Urs Stocker, 2001ean. Bonningtonek eta Scottek garai hartarako eskalada handia osatu zuten, eta bide zail eta ederra ireki. Mendian bizitakoek oihartzun handia izan zuten, menditik jaisteko izan zituzten komeriek batez ere: Scottek bi orkatilak apurtu zituen jaisten hasi orduko; hainbat egun egon ziren ekaitzak harrapatuta; Bonningtonek saihets hezur batzuk hautsi zituen... Desagertutzat eman zituzten.
Errepasoa bukatzeko, beste izen propio bat: David Lama. Austriar eskalatzaile gaztea Patagonian izan zen gabon jaien ondoren, eta Cerro Torreko Maestri bidea librean eskalatu zuen. Pakistanen helburu dotorea du orain: Chogolisa mendia (7.665). Bilakaera ezohikoa izan du Lamaren kirol ibiliak; kirol eskaladan aritzetik eta lehiatzetik alpinismora egin du. Eta bilakaera horretan ageriko utzi du alpinismoa ez dagoela krisian. Ez behintzat zortzi mila metroko mendietatik kanpo.
Mendia. Espedizioak
Alpinismo krisirik ez Karakorumen
Himalaiako montzoi aurreko sasoiak Karakorumgo udari eman dio lekukoa. Espedizio interesgarriak abiatu dira Pakistanera. Eta goiztiarrenek lanak egin dituzte dagoeneko: Latok II mendian bide bat ireki du Frantziako talde batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu