Mendia. Piolet d'Or saria

Alpinismoaren distira

Sei eskaladaren artean aukeratuko dute 2012ko Piolet d'Or sari preziatua emateko. Aurreko urteko mendiko jarduera onena saritzen dute horrekin, eta hilaren 21etik 24ra bitartean banatuko dute, Chamonixen. Alberto Iñurrategi epaimahaiko kidea izango da.

Ales Holc, Peter Juvan eta Igor Kremser esloveniarrek ipar-ekialdeko Xuelian (6.249 m) mendian irekitako bidea. YANNICK GRAZIANI.
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Alpeak dira alpinismoaren sehaska, eta Frantziako Alpeetako Chamonix eta Courmayeur herrietan egingo dute 2012ko Piolet d'Or alpinismoaren gala, martxoaren 21etik 24ra. Ohi bezala, Frantziako Goi Mendiko Taldeak eta Montagnes Magazine eta Vertical aldizkariek antolatu dute, eta hitzaldi, mahai inguru eta bestelako ekitaldien artean, 2011ko mendi jarduera onena aukeratzeko baliatuko dute ekitaldia.

Sei eskalada dira ikurra jasotzeko hautagaiak, eta Michael Kennedy da epaimahaiko burua —alpinista eta AEBetako Alpinist aldizkariko editorea da Kennedy—. Valeri Babanov, Ines Papert, Liu Yong eta Alberto Iñurrategi mendizaleek eta Alessandro Filippini kazetariak osatzen dute epaimahaia. Haiei dagokie erabakitzea. Alpeetatik Patagoniara nahiz Alaskatik Himalayara, munduko mendikate guztietako 86 eskaladaren artean egin dute lehenengo galbahea, eta nabarmendu dituzten sei eskaladen artean aukeratu beharko dute. Horratx sei jardueren zertzelada laburra, Alberto Iñurrategiren azalpenek jantzita.

Pobeda mendia (7.439)



Kazakhstandarren atrebentzia

Asiako Urrezko Pioletarekin saritu dituzte Denis Urubko eta Gennady Durov kazakhstandarrak, Pobeda mendian (7.439) abuztuan ireki zuten bideagatik. Beste sari bat jasotzeko modua dute orain. Urubkok eta Durovek ia 3.000 metroko horma gainditu zuten, eta 6a eta M4 zailtasuneko tarteak eskalatu. Bideari Dollar rod izena jarri zioten. «Atrebentzia handiko igoera iruditu zait, oso gogorra; mendi garaian egindakoa eta arrisku handikoa», laburbildu du Iñurrategik.

Sasser Kangri II (7.518)



Esplorazioaren bidetik

Estiloa eta esplorazioa ditu ezaugarri bigarren hautagaiak. AEBetako Mark Richey, Freddie Wilkinson eta Steve Swenson alpinistak 2011ko udan Indiara joan ziren, eta igo gabe zeuden mendirik garaienen artean bigarrenera igo ziren: Sasser Kangri II (7.518 m). «Lehenengo igoera da. Teknika aldetik, ez da oso zaila, baina estilo onean igo dute, era alpino klasikoan, esplorazio ukituarekin eta talde lan politean». Ladakh eskualdean dago mendia, eta inguru hartan daude mendizaleentzat ezezagunak diren mendietako asko. Hego-mendebaldeko horman hiru bibak egin behar izan zituzten, eta 1.700 metroko desnibela gainditu.

K7 (6.934)



Esloveniako eskolaren eredua

Karakorumgo eskalada interesgarrienetako bat egin zuten Luka Strazar eta Nejc Marcic gazteek, K7 mendiaren (6.934) mendebaldeko pilarean bide bat irekita. Alpinismoak indar handia du Eslovenian, eta herrialde hartatik irten dira azken urteetako mendizale indartsuenetako asko. Haietako batek laburbildu zuen gazteek egindakoa, Marko Prezeljek: «Zoriontzekoa da. Mendebaldeko pilaretik bide bakar bat zegoen irekita [Prezeljek berak, Steve Housek eta Nick Andersonek ireki zuten, 2007an]. Himalayara lehenengoz joan direla aintzat hartuta, lorpen handia da».

Lau egunean eskalatu zuten pilarea. Bideak 1.600 metroko luzera du, eta VI/5, M5 eta A2 zailtasuna. Iñurrategiren gustuko eskalada da: «Asko gustatzen zaidan igoera da; alpinoa eta teknikoa, altuera handian eta estilo arinean egina. Eredugarria da Esloveniako eskola. Maisu onak izan zituzten eta ikasle finak ateratzen dira».

Xuelian (6.249)



Interesgarri eta ederra

Esloveniako alpinistek egindako beste eskalada bat ere aukeratu dute hautagaien artean: Ales Holc, Peter Juvan eta Igor Kremser hirukoak Ipar-ekialdeko Xuelian mendira (6.249 m) egindako lehenengo igoera. «Igoera interesgarria eta ederra. Eskalada mistoa, alpinoa, 2.000 metrotik gorako igoera, izotzean 60-80 graduko tarteak dituena... Eskalada dotorea», nabarmendu du Iñurrategik. Mendebaldeko ertzetik igo ziren, eta irekitako bideari Arete of trust izena jarri zioten (2.400 m, ED2, AI5, M5+).

Erdiko Meru (6.310)



Marrazoaren hegalari kosk

Conrad Anker, Jimmy Chin eta Renan Ozturk estatubatuarrek Erdiko Meru (6.310 m, India) dotorearekin aspalditik zegoen zorra kitatu zuten 2011ko urrian: Shark's Fin edo marrazoaren hegala eskalatu zuten. Mendiaren ipar-mendebaldeko horman dago ezin nahasizko hegal hori. «Bereziki da bide estetikoa. Kapsula estiloan igo dute, eta igoera zaindua egin. Baina, sariketa honen irizpideak kontuan hartuta, zalantzak eragin ditzake. Edonola ere, oso igoera gogorra da; hamabi egun horman, A4ko zailtasuna artifizialean... ezaugarri interesgarriak ditu», dio Iñurrategik. Bertatik igotzen saiatu ziren aurretik Valeri Babanov, Doug Chabot, Bruce Miller, Silvo Karo... Anker, Chin eta Ozturk izan dira aurrenak.

Egger dorrea (2.850)



Muturreko eskalada teknikoa

Urtea bukatzear zela iritsi zen Patagoniako Egger dorrean Bjorn-Eivind Aartun eta Ole Lied norvegiarrek egindako eskalada dotorearen berria. Venas azules izena jarri zioten bideari (950 m, 6b+, A1, AI6). «Teknika aldetik, ikaragarri zaila, Patagonian ikur bihurtu den mendian, Eggerren. Eskalada berritzailea izatearen ezaugarria dauka, zailtasuna muturreraino eraman dutelako izotzean. Ikaragarria iruditu zait, txapela kentzekoa». Hautagaietako bat zela ezagutzearekin batera iritsi zen ezbeharraren albistea: Norvegiako Kjerag mendian eskalatzen ari zela hil zen Bjorn-Eivind Aartun. Chamonix eta Courmayeurko galan gogoan izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.