Gasteizko Ariznabarra kiroldegiko rokodromoak hartu zuen larunbatean Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskadiko kirol eskalada txapelketa. Urteroko legean kirol eskaladaren festa izan zen, baina, parte hartzaile kopuruari erreparatuta, argi-ilunak izan zituen. Nagusien mailan txikia izan zen eskalatzaile kopurua. Lehian emakume gutxi ikustea ez da harritzekoa izaten, baina gizonezkoetan hamar eskalatzaile aurkeztu ziren Ariznabarra kiroldegira, aspaldiko kopururik txikiena. Kontrakoa gertatu zen gazteen artean, eta eskalada harrobia badagoela ageriko geratu zen Gasteizen. Hala bedi.
Nagusietan Itziar Rodriguezek irabazi zuen txapela, iaz bezala, eta Zuriñe Arruek eta Ane Hernanik osatu zuten podiuma. Mutilen artean, berriz, Gorka Karapetorentzat izan zen titulua, bere ibilbideko bosgarrena. Mikel Ziarrustak gertu izan zuen iazko txapela berritzea, baina bigarren postua lortu zuen. Nabarmentzekoa izan zen Igor Aranazen hirugarren postua. Gogotsu itzuli da lehiaketetara donostiarra, eta sasoian dagoela erakutsi zuen larunbatean.
14 urtez azpikoak, estreinakoz
Jon Ander Bravok jantzi zuen txapela 20 urtez azpikoen mailan, eta Iker Elosegi eta Omar Ben Ali sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan. Neskarik ez zen aurkeztu adin tarte horretan.
18 urtez azpikoetan, berriz, Ibai Isusirentzat eta Itziar Zabalarentzat izan zen Euskadiko Txapelketa. Isusik Eneko Infanteri eta Beñat Muruari hartu zien aurrea, eta Zabalak Miriam Mulasi. Berdindu egin zuten biek finalean, baina, goizeko kanporaketan Zabalak lan hobea egin zuenez, harentzat txapela.
16 urtez azpikoetan Mikel Inorizak irabazi zuen mutiletan, eta Jone Ugartemendiak nesketan. Txapelketako berrikuntzetako bat 14 urtez azpikoen txapelketa estreinakoz antolatzea izan zen, eta Mikel Linazisororentzat izan zen txapela.
Mendia
Argi-ilunak eskaladaren festan
Itziar Rodriguezek eta Gorka Karapetok irabazi dute, nagusietan, Euskadiko kirol eskalada txapelketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu