Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa

Asebeteriko hutsunea

Alpeetara eraman gintuen atzo Jon Haitz Legarretak, eta Pirinioetara egingo dugu Maider Balerdirekin. Ordesan aurkitu zituen «amestutako oporrak».

Errolanen Arraila ezaguna. MAIDER BALERDI.
Maider Balerdi Ederra
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gaur, ez al zaizu iruditzen badirela leku ederrak urrun joan gabe. Gaur, ez al zaizu iruditzen ikusten dugun hori bizi dezakegula. Gaur, ez al zaizu iruditzen aske garela. Gaur, ez al zaizu iruditzen haize leunak aurpegian sor dezakeen laztana zirraragarria dela. Gaur, ez al zaizu iruditzen zoriontsu garela?

Bai, gaur, asteburua mendiz mendi pasatu ondoren, zoriontsu gara. Erabat asebeterik gaude geure izatearekin.

Nekatuta, izerditsu, itsaskor eta usaintsu, oso usaintsu. Barneko feromonen usainak, izerdiaren usainak eta inguruaren usainak bat egin dute gure soinean. Baina sentsazio gozoenek eta une gogoangarriek ere bat egin dute gure gorputzetan; gustura gaude!

Uztailaren hondarreko asteburu hartan abiatu ginen gure abiapunturantz. Ostiral arratsalde arrunt bat izan zitekeen zirrara hura sentitu ezean. Opor usainak eragiten duen zirrara, poza, irrika…

Kotxean sartu, eta lau orduren bueltan lurretik altxatako harritzarrak genituen aurrez aurre, sekulako paretak. Orduan jabetu ginen lehenengoz gure txikitasunaz.

Txikitasunaren neurria artean barneratu ezinik genbiltzala loak bere hartu gintuen. Ez alferrik, behien marrumak balira bezala zurrunga egiten baitzuten zenbaitzuek aterpetxe hartako pareten artean. Hainbat ahotsen arteko melodiaren eldarnioan ibili ziren gau hartan gure ametsak.

Ametsak amets, ohi den bezala, eguna iratzarri zen, eta harekin batera baita geu ere, orduko hartan goiztiar gainera!

Ordu txikietan jaiki ginela salatzen zuen ispiluak; izan ere, goizetako esnaeran edukitzen ditugun begi txikiak islatzen baitziren bertan. Elkarri begira geundelarik, ireki ezinik genituen begiei diztira berezia zerien; gure ibilerak hastear zeuden!

Prestakizunetan hasi ginen; goian beharko genituen janari eta edariak, arropak, materiala… Motxila handia goraino bete, eta bizkarrean hartuz hasi genuen eguna. Beti bezala zerbait ahazten duenaren sentsazioaz.

Autobusa lehertzear iritsi zen Ordesako larreetara, eta bertatik banaka jaisten hasi ginen inurri txikiak lez, bata bestearen atzetik. Izadia konkistatzera gentozela zirudien.

Orotariko jendea ikus zitekeen. Eskalatzaileak soka bizkarrean korapilaturik beren burdindegiko materialaren konpasari jarraituz, doinu alaian oinez, paretari atzamarrak erakusteko grinaz, paretaren handitasunak koldartuko ote zituen zantzurik gabe. Erokeria zirudien gure begietara, baina, era berean, tentazioa sorrarazten zigun halako hormetan zintzilikatu eta arranoen pare sentitzeak.

Baziren, halaber, mendia korrika zeharkatuko zutenak ere, arin, atzetik denborak aurre hartuko ote zituen beldur edo… Azkenik, gure gisako mendigoizaleak ziren, zintzurreraino zamaturik zihoazenak.

Hala, gure bideari ekin genion, ezkerretara zegoen bidezidorra hartu, eta gora; gustuko lekuan aldaparik ez! Sestra kurbetan murgildu ginen; urratsez urrats suge bat irudikatu genuen gure arrastoez.

Malkartutako bidean metroak irabazten gindoazen heinean hauspoa berotzen hasi zitzaigun, bihotza azkartzen, odola borborka, gainezka egitear dagoen heltzea nola.

Aurrera jarraitu, eta Cotatueroko ur-jauziaren burrunba gertuago sumatzen hasi ginen, iltzeetara iritsi ginelarik. Tximinia perfektua zen. Lehen hanka luzatzeak lanak eman zizkigun, motxilak atzera bultzatzen baitzigun. Bazirudien planto egin zuela, ez zuela igo nahi; zorabio krisi batek eman ote zion? Baina egoskortu, eta esku zein oinen akelarrean hasi ginen. Hori festa, hori dantza tximiniatik gora! Tximiniari kea zerion, gure arnasestuaren kea!

Gero, zeharrean gurutzatu behar genuen. Horrek mugimendu pausatuak eskatu zizkigun, politak, estilosoak, lasaiak; finean, dantzaren modukoak.

Inguratzen gintuenaren dimentsioak zur eta lur utzi gintuen. Behin koska hori igota, goran ikus zitekeena sinestezina zen. Lurra ostargi belar urdin-morexkaz jositako alfonbra bihurtu zen. Mendi garaietako ikur den Edelweiss lore preziatua ere ikusi ahal izan genuen, gure gozamenerako. Haren edertasuna hainbat kondairaren ikur da, eta nabari da!

Errolanen Arraila ikusi genuenean, hunkitu egin ginen. Mila bider ikusi genuen aurretik argazkietan, baina norberaren begiek egin dezaketena baino argazki hoberik ez dago. Urrun zegoen arren, zirrara sentitu genuen. Hutsaren balioaz ohartu ginen. Ordura arte haitzezinguraturik egon, eta hutsune hark sortzen zuen esanahiaz. Leiho bat ireki zitzaigun begien aurrean.

Aurrera joan ahala, harri kaxkarretan murgildu ginen; mendiak soberan zuen harkaitza puska txikietan botatzen zuela zirudien, guri oztopoak jarriz, gailurrera igo ez gintezen. Baina, kasurik egin gabe, gure bidean jarraitu genuen; non gogoa, han zangoa!

Bidean, marmota batekin topo egin genuen. Pottoko-pottoko zegoen; negu luzerako erreserbak hartzen ari zen. Gure artean pentsatu genuen: «Marmota, asko dakin, bizitzen badakin!».

Kostata, baina, azkenik, aipatutako leihoaren bistez gozatu ahal izan genuen. Horixe plazera! Eta berriro gogorarazi zigun hutsuneak bere balioa, hormen muga deuseztatzen baitzuen. Ez, han ez zegoen mugarik, hutsuneaz bestalde Gavarnieko zirkua genuen gure begien aurrean.

Argazki bat ateratzea otu zitzaigun; postal bateko protagonistak bihurtu ginen, irribarreaezpainetatik ezin kendu. Une batez izoztutako irudi bilakatu ginen. Baina ez genuen geldirik egoten asmatu, eta hankak berriro ere lanean ipini genituen, Marboreko Kaskoa igotzeko asmotan.

Marboreko kaskoak horixe zirudien, kaxko bat. Perretxiko baten antza zuen, sustraiak lurrari ongi errotuak, baina, aldi berean, gorantz egiten zuen eguzki nahian, txapelak egiten zion itzalaz asperturik.

Guk ere gorantz egin genuen; ez eguzki bila, ordea, gailur bila baizik, gailurrerako grina genuen. Bide arruntari jarrai geniezaiokeen, baina abentura ero batean murgildu ginen, betiere zuhurtziaz. Mendiari buelta eman ordez, goranzko igarobide estu batean barneratu ginen, satorren inbidiaz edo… Lurraren barrunbeetan sentitzen ginen, ilun, sakon, umel, hotz.

Eremu irristakorra zen hura. Eskalada erronka bihurtu zen, ez erortzeko erronka. Eskuek tinko eusten zieten paretako erliebe txikiei, eta oinak, berriz, San Vitoren dantzaren zale sutsu bilakatu ziren, dardara bizian. Argi dindaiak ikusten hasi ginen, irteera gertu zegoen seinale, eta konturatzerako irten ginen zulotik. Lurrak bi gizaki eman zituen erditzera, ama lurraren seme-alabak.

Lepoa eguzkitara luzaturik irten ginen. Iluntasunetik argitasunera, bustitik lehorrera, hotzetik bero bila. Bizitza alaitu zigun eguzkiak gure gorputza berotzen hastean. Hala, desnibel txiki bat gainditu, eta mendiaren zati gorena jo genuen; gailurra, noski!

Ezin genion gure barneko sentipenari, barneko esanahiari izen egokirik eman. Tontorrean geundela, sentitzen genuena adieraztea zail egiten zitzaigun, eta momentu batez isilik geratu ginen; hitz egin zezatela mendiek!

Itsasoa ikusten zen han goitik; etengabeko gorabeheran ageri zen mendi andana: Vignemale, Taillon, Cilindro, Monte Perdido... Zenbat mareagora eta mareabehera jasan ote zituzten etengabeko orekan ziruditen mendi haiek?

Baina batez ere urak urratutako bidearen dotoreziak txunditu gintuen; Gavarnieko ur-jauziak, hain zuzen ere. Horman behera amiltzen zen ura, zipriztinetan bizia emanez zirkuari.

Urak dakarrena urak daroa, eta gu ere igo ginen gisara jaitsi ginen mendi hartatik, oraingoan bide arruntetik, Sarrioen igarobidea deritzonetik.

Iluntzerako zenbait ilusio gauzatuak genituen, eta beste zenbait, gauzatzear: munduaren sabaiaren azpian lo egin behar genuen! Kitzikagarria zen hura; pozak azalaren poroetatik ihes egiten zigun.

Egunaren bueltan ahitutako indarrak berreskuratzeari ekin genion lehenengo. Zopak gure barrunbeak berotu zituen, eta apaldu egin zituen tripazorriak, sabeleko lurrikararen etena ekarriz. Urdaiazpikoaren gaziak, berriz, bizitasun apur bat eman zion gure afariari.

Maite dugun askatasunean murgildu ginen. Eguzkiaren grina eta sua itzaliz zihoan; ohartu ginenerako, mendi artean ihes egin zuen, mendiek hartua zuten kolore gorrixka desagertuz. Haizea, bere kuluxkatik esnatu, eta txistuka hasi zitzaigun, ilea dantzan ipiniz.

Inguru zoragarri hari begira, poza kezkarik ez izatearen sinonimo zela ondorioztatu genuen. Erlaxaturik sentitu ginen, lasai, gustura, pentsamenduei bide irekia utziz, oztoporik gabe. Ihes egin genien beldurrari, haserreari, etsipenari, ardurari, segurtasunari, denborari, ezinari, mendekotasunari, eta zibilizazioa deritzon kartzelatik irten ginen; aske ginen! Zerua izarrez bete zen, eta gure pentsamenduak haietatik zintzilik geratu ziren.

Goibel iratzarri zen eguna, oro, laino beltz batek estalia. Argi indartsua zuten tximistak ikus zitezkeen, iheskorrak, baina luzarorako trumoia uzten zuten horietakoak. Ikuskizun ezin hobea izan zitekeen hura etxeko babespean, baina han erabaki bat hartu beharra zegoen, zirt edo zart. Mendiaren eskuzabaltasunak bere mugak gainditu zituen, eta bazirudien ez zigula Tailon igotzeko aukera hori eman nahi izan; beraz, kasu egin, eta beherantz abiatu ginen.

Jaitsiera uste baino luzeago egin zitzaigun. Faja de las Flores deritzon ibilbidea hartu beharrean, beherago zegoen batekin nahastu ginen; han ez zegoen lore arrastorik! Eskerrak euriak berehala atertu zuen! Azkenik, Carriatako iltzeetatik pasa, eta basoa zeharkatuz egin genituen ibilbideko azken minutuak. Minutu luzeak egin zitzaizkigun azken haiek; ez ziren bukatzen. Izan ere, denborak urduritu egiten gaitu, bai pasatzen denean, baita pasatzen ez denean ere. Zibilizaziora iristen ari ginen seinale izan zitekeen hori.

Halako batean, errepidearekin topo egin genuen, eta samina sentitu genuen; gure esperientziaren bukaera gertu zegoela sumatzen genuen. Orduan, mendira bueltatuko ginela zin egin genion elkarri, mendiak igotzeaz gain haiekin amets egitea ere gustatzen baitzaigu!

Hala iruditu zitzaigun guri: inguruak egiten gintuela gu, hori zela gure altxorrik handiena eta horrek lagunduko zigula bihotzeko hutsuneak betetzen.

Mendian aurkitu genituen amestutako oporrak!

Ordesa gure bihotzetan zizelkaturik geratu da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.