Mendia

Aterpean mendiaz gozatzeko

Euskal Herriko elkarte askok antolatu dituzte mendi aste, jardunaldi eta topaketak datozen asteetarako

Himalayako Dolpo eskualdeko bizitza muturrekoaren berri emango du Marron-ek Elgoibarren eta Hernanin. JOXE RAMON AGIRRE 'MARRON'.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Azaroa izaten da mendia aterpean gozatzeko hilabetea. Euskal Herriko mendi elkarte askok urte sasoi hau baliatzen dute mendi asteak, abentura jardunaldiak eta topaketak antolatzeko, eta ikus-entzunezkoak eta proiekzioak izaten dituzte ardatz. Beraz, datozen egun eta asteetan bada zer ikusia. Honatx aukera batzuk.

Hernaniko Mendiriz Mendik eta Zarauzko Pagoetak emanaldiak prestatu dituzte datorren asterako. Hernanin, Dolpo, biziaren muturrean lana eskainiko du Jose Ramon Agirre Marron-ek, astelehenean; asteartean, Muturreko eskia Pirinioetan Fidel Mendiak; asteazkenean, Madagaskar: Lur gorriko irla ikus-entzunezkoa Iñaki Kaperotxipik; eta ostegunean, hernaniarren proiekzioak eskainiko dituzte. Emanaldiak Biteri kultur etxean izango dira, 19:30ean.

Zarauzko abentura astea Asier Aranzabalek eta Mila Gallastegik abiatuko dute, astelehenean: Zaldiz mugarik gabe. Asteartean, Hegoaldera bizikletaz proiekzioa eskainiko du Joanes Gibelaldek, eta asteazkenean, Lurpeko mundu misteriotsua Jabi Les eta Nagore Irazabalek; ostiralean, Madagaskar izango du hizpide Iñaki Kaperotxipik. Ikus-entzunezko guztiak 20:00etan izango dira, Pagoeta elkartean.

Elgoibarko Morkaikoren zikloa ohikoa izaten da urte sasoi honetan: Morkaikoren Asteazkenak. Hilaren 16an dute hurrengo saioa: Everesterako biderik motzena emanaldia eskainiko du Alberto Zerainek. Euskal Herriko paisaia izango dute hizpide Jakoba Errekondok eta Asier Galdosek, hilaren 23an, eta Joxe Ramon Agirren Marron-en Dolpo, biziaren muturrean proiekzioa izango da azaroaren 30ean. Emanaldiak 21:30ean izango dira, Musika Eskolan.

Txikon eta Zerain, Asteasun

Asteasuko Sagain elkarteak ere jardunaldiak egingo ditu hurrengo astean. Makaluko mendebaldeko pilarea emanaldia eskainiko du Alex Txikonek, asteazkenean, eta Kangchenjunga eta zortzimilakoak alpinar erara proiekzioa Alberto Zerainek, ostiralean. Bi saioak 20:00etan izango dira, udaletxeko zinema aretoan. Eta azken emanaldia, larunbatean: Zeelanda Berria bizikletaz, 17:30ean.

Hilabetea bukatu aurretik iritsiko dira, besteren artean, Bilboko Gailurra elkarteak, Getxoko Itxas Argiak eta Villabonako Aizkardik antolatutako mendi asteak. Horiei guztiei egunotan EHUk eta Mendi Zinemaldiak elkarlanean antolatutako topaketak batu behar zaizkio. Elkarteek antolatutako ikus-entzunezkoei mendia ardatz duten zinemaldiek hartuko diete lekukoa. Gaur bertan abiatuko da Torelloko mendi zinemaldia (Herrialde Katalanak), eta, urtero legez, zale asko bilduko ditu. Euskal Herrian Gasteizko 4. Mendi Film jaialdiarekin joko du goia ikus-entzunezkoen egutegiak, abenduaren 12tik 20ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.