Mendia. Hilberria. Stephane Brosse

Belaunaldi gazteentzat ispilu

BERRIA.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Mendiko eskiak azken urteetan izan duen bilakaera nekez uler daiteke Stephane Brosse aintzat hartu gabe (Le Pont de Beauvoisin, Frantzia, 1971). Eskarmentu handiko eskiatzailea zen; askoren iritzian, onena, osoena. 1990eko urteetan hasi zen eskiak jantzi eta Alpeetako mendietako zirrikituetatik igotzen eta jaisten. Jaitsieretan erakusten zuen segurtasuna, hartzen zuen abiadura eta erabiltzen zuen teknikak egin zuten ezagun. Baita Alpeetan egin zuen ibilbideak ere: Mont Blanc mendigunean edo Chamonix-Zermatt herriak lotzen dituen zeharkaldian abiadura marka txundigarriak lortu zituen.

Lasterketetan ere goi mailan aritu zen, eta Alpeetako mendi eskiko lasterketen trilogia irabazten aurreneko eskiatzailea izan zen: Pierra Menta, Glaziarretako Patruila eta Mezzalama.

Ikusi, ikasi eta bizitakoa gazteekin partekatu zuen. Belaunaldi gazteentzat ispilua zen, eta eskolatik kanpoko maisua. Azken urteetan Kilian Jornet gaztea izan zuen ikaslerik finenetakoa, eta Jornetek berak berriki nabarmendu zuen, BERRIAn, Brossek bere bilakaeran izan zuen garrantzia: «Idoloa dut Brosse. Mendiko eskiatzailerik onena da, eta jaitsieretan seguruena. Harro nago haren laguna izateaz eta harekin entrenatzeko aukera edukitzeaz».

Entrenatu ez ezik, proiektu komunak zituzten. Azkena, Jornetek abiatu berri duena: Summits of my life (Nire bizitzako gailurrak). Proiektuko lehenengo urratsa Mont Blanceko zeharkaldia zuen, eta urrats horretan bidelagun zuen Brosse. Argentiere orratzean zirela, izotz erlaitz handi bat hautsi, eta berarekin eraman zuen Brosse amildegian behera, igandean. 41 urte zituen. •
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.