Neguak aurrera egin ahala, egun erabakigarriak iristen ari zaizkie Karakorumen dauden espedizioei. Gasherbrum I mendian (8.080) dira Alex Txikon eta harekin espedizioa osatzen duten beste sei mendizaleak. Egun garrantzitsuak dituzte. Iaz hasitako lana errematatzera joan dira G-I mendira, eta gaur-biharretan bukatu nahi dute mendian gora irekitzen ari diren bidea sokaz finkatzeko lana. Tontorrerako bidean urrats bat litzateke, urrats garrantzitsua; gailurrerako saioa gertuago luketen adierazgarria.
Gaua lehenengo kanpalekuan pasatu dute Carlos Suarez espainiarrak eta Txikonek, 6.400 metrora, eta gaurko helburuaren berri eman zioten BERRIAri, atzo, lotara sartu aurretik: «Ertza goraino sokaz finkatu eta bidea bukatu nahi dugu». Eta ongi bidean, lortuko dute: «Gaur [atzo] 6.650 metrora arte jarri dute soka Gerfried Goschlek, Nissar Husseinek eta eta Cedricek. Haiek egindakoa borobiltzen saiatuko gara gu. Ertza bukatzeko, beste 150 metroko desnibela falta dugu».
Mendizaleen asmoa betetzen bada, 6.800 metroraino iritsiko dira gaur, ertzaren bukaeraraino. Han jarriko lukete bigarren kanpalekua, eta beheko kanpalekura jaitsiko lirateke lan hori bukatuta. Espedizioaren bilakaeran, beraz, garrantzitsua da ertz osoa sokaz finkatzea, gailurrerako saioa gertu dutela adierazten duelako. «Egun garrantzitsuak datozkigula uste dut. Bide berri bat neguan bukatzeak poza ematen du, baina behin soka finkatuta, garbi dut gailurrerako ahalegin bat egiteko baliatuko dugula hurrengo eguraldi oneko tartea. Baina jakin badakigu, bidea irekita lanaren zati txiki bat baino ez dugula egin», argitu du Txikonek.
Hurrengo asterako eguraldi iragarpena nahiko txukuna dute. «Baikorrak gara. Antza denez, haizearen indarra jaitsi egingo da; zergatik ez orduan saiatu? Sokak jarrita edukitzea lagungarria izango dugu».
Goreliken heriotzaren kolpea
Ertza finkatu eta ezagutzen badute ere, handik aurrera aurkituko dutenak kezkatzen ditu: «Peter Hamorrek eta Piotr Morawskik utzitako argazkiak ikusi ditut, eta plateau edo ordeka luze bat izango dugula badakigu. Zer baldintzatan dagoen da kontua, eta hori izango dugu hurrengo kezka. Behin 7.200 metrotik gora eremu tekniko bat dago, 200 bat metroko zatia, eta azkeneko 500 metroak zortzimilakoetako ohiko igoera bat dira. Ordekaren baldintzak, egin dezakeen hotzak eta haizeak kezkatzen gaituzte, batez ere».
Txikonen taldeak izan du K2tik iritsitako ezbeharraren berri: Vitaly Goreliken heriotza. «Gogorra izan da oso. Beti da gogorra lagun bat galtzea, eta are gogorragoa ezbeharra gertatu den bezala gertatuta. 2005ean Makalun geundela sukaldariaren anaia hil zenekoa etorri zait burura, eta mendian galdutako lagun guztiak. Errusiako eta ekialdeko herrialdeetako mendizaleak estimu tan ditut; izaera serioa dute, baina mendian oso lagun onak dira; sagar bat baldin badute ere, erdia emateko prest daude beti. Karakorumen gauden espedizio guztioi zirrara eragin digu eta, batez ere, Simone Morori eta Denis Urubkori, azken horren adiskidea zelako.
Moro eta Urubko Nanga Parbat igotzeko ahaleginean dira, hiru edo lau eguneko eguraldi oneko leihoa ireki zain. Altuerara egokitu dira, eta tontorrerako aukerak dituztela uste dute biek.
Mendia
Berri onak iritsi zain
Alex Txikonek eta Carlos Suarezek gaur iritsi nahi dute G-I mendian irekitzen ari diren bidearen ertzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu