Aldaketa eta berritasunekin dator aurten Mendiexpo. Eskiaren eta mendiaren inguruko azokak beste abentura kirolei ireki dizkie ateak, eta erakusketa lekua eta gune ludikoa garbi bereizita egongo dira. Izena ere aldatu dute zortzigarren ekitaldirako, eta azokak Mendiexpo Outdoor Experience izena hartu du. Hiru egun iraungo du feriak: bihar hasi eta asteartean amaituko da.
Handituz doa Mendiexpo. Erakusketarien artean izan den igoera da horren erakusle. 50 erakusketarik hartuko dute parte aurten, iaz baino hamar gehiagok. Aurreko urtean baino stand gehiago izango dira, era berean; iaz, 23 izan ziren, eta aurten, 32 izango dira, bederatzi gehiago.
Baina, azokaz gain, ikus-entzuneko emanaldiak eta abentura kiroletako hainbat kirolarik emango dituzten hitzaldiak izango dira jardunaldietako ardatza. Zortzi hitzaldi izango dira guztira. Astelehenean, Bringas-Lizaso familia 2010ean Zeelanda Berrian bizikletaz egin zuten bidaiaz ariko da, Mireia Miro atleta eta eskalatzaileak dokumentala eskainiko du, Will Gadd abentura kiroletako adituak mundu horren argi-ilunak izango ditu hizpide, eta Alex Txikon eskalatzaile eta aizkolari bizkaitarra 2005ean Makalura mendebaldetik egindako igoeraz jardungo da.
Asteartean, Axi Muniain surflari gipuzkoarrak denboraldian hartu dituen olatu erraldoien inguruko dokumentalarekin blaituko ditu ikusleak. Josu Feijoo mendizale eta astronautagai diabetikoak eta Adam Ondra eskalatzaile gazteak beren bizipenak kontatuko dituzte. Eta Cory Richards alpinista eta argazkilaria Karakorumera egindako igoeraz mintzatuko da.
Bisitariek ere izango dute protagonismoa, ordea; Jakin Ezazu eta Har Ezazu Kafea Horrekin ekimenen bitartez. Hainbat gairi buruzko informazio sakona jasoko dute biltzen direnek Jakin Ezazun, hala nola nola izan abentura saioetako kamerari edo nola entrenatu ultra trailsetarako. Har Ezazu Kafea Horrekin ekimenean, berriz, kafe baten inguruan talde txikietan bilduta, 40 bat minutuz kirolaz eta mendiaz solastatuko dira. Mendi azokako bisitariek adituekin harremana estutzea nahi dute antolatzaileek.
Banffeko Mendi Zinemaldia
Berritasun nagusia Banffeko Mendi Zinemaldiari eskainitako biharko jardunaldia izango da—munduko mendi zinemaldi garrantzitsuena da hori—. Ekintza kirola, ingurumena eta abentura ardatz dituzten saritutako sei film emango dituzte Ficobako auditoriumean. Bi emanaldi egongo dira: goizekoa, 10:30ean, eta arratsaldekoa, 16:30ean. Emanaldi bakoitzak hiru ordu inguru iraungo du. Sei euro balio du sarrerak, eta azokako jarduera guztietan parte hartzeko aukera ematen du.
Beste urteetan bezala, bigarren eskuko materiala salerosteko azoka txiki bat jarriko dute. Horretaz guztiaz gain, ume zein helduentzako rokodromoak, tirolina, zubi tibetarra, slackline erakustaldia eta itsasontzi erakusketa egongo dira. Asteartean, Irungo Santiagotarrak elkarteak antolatutako piragua irtenaldia eta San Joan plazatik Ficobarako ibilaldia egingo dituzte. Lau euro balio du azokan sartzeko sarrerak; kirol elkarteko bazkideentzat, hiru euro. 12 urte arteko haurrek ez dute sarrerarik ordaindu behar.
Bihar hasiko da Mendiexpo, abenturazaleen bilgunea
Hiru egunez irekiko dute azoka, Irungo Ficoba erakustokian. Urtero legez, hitzaldiak eta proiekzioak izango dira ardatz nagusiaBanffeko Mendi Zinemaldiari eskainitako jardunaldiarekin hasiko da azoka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu