Mendia. Endika Urtaran. Mendizalea eta idazlea

«Bizitako istorioetan oinarritu dut lana»

Indar handiz sartu da Endika Urtaran eleberrigintzan. Haren lehen lanak Desnivel argitaletxearen literatura saria jaso berri du.

DESNIVEL.
Adrian Garcia.
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Kartografoa izaki lanbidez, gaztetatik du mendia atsegin Endika Urtaranek (Gasteiz, 1972). Bi zaletasunak batu ditu Huída al Tibet (Tibetera ihes) eleberrian. Eginiko espedizioetan bizitako abenturak oinarri hartuta idatzi du lana.Historia, Tibeteko egungo egoera politikoa, mendia eta, batez ere, adiskidetasuna jorratu ditu Urtaranek eleberrian. Igandean Bilboko Elkar dendan aurkeztuko du eleberri saritua, 19:00etan.

Lanbideak uzten al dizu astirik mendiaz gozatzeko?

Beti saiatu izan naiz mendia egokitu zaidanarekin uztartzen. Hasieran ikasketak izan ziren, gero lanbidea, eta orain familia. Betidanik izan naiz mendizalea.

Harreman estua du kartografiak mendiarekin.

Bai. Ni, berez, mendian asko galtzen nintzelako egin nintzen kartografo. Horregatik ditut gogoko mapak, mendian ibiltzeko erabilgarriak zaizkidalako.

Lehenengo eleberria duzu Huída al Tibet, baina ez lehenengo liburua.

Ez. Espedizioei buruzko gida liburua idatzi nuen 2003an, Expediciones. Mendiko espedizioak egiteko argibideak ematen nituen liburu hartan.

Zerk bultzatu zaitu lehenengo eleberria idaztera?

Ez naiz bokaziozko idazlea. Pentsatzen dut idazle askok gaztetatik sentituko zutela idazteko premia. Nire kasua ez da hala. Egindako espedizioengatik eta eramandako bizitzarengatik —kanpoan asko lan egitea suertatu zait kartografo moduan—, bitxikeria asko gertatu zaizkit. Istorioz beteta nuen bizkar zakua, eta pisua arintzeko beharra sentitu dut, gero berriro ere zakua bete ahal izateko. Gertatu zaizkidan gauza ia guztiak mendia edo kartografiarekin zer ikusia dutenez, liburuko pertsonaia bat mendizalea eta bestea kartografoa dira. Hirugarren bat dago ezer ez dakiena. Horrela, beste biek horri azalpenak ematean irakurlea bi eremuez jabetzen da. Oso era leunean azaltzen dira gauzak, ez da kartografo edo mendizaleentzatbakarrik. Azken finean, adiskidetasunari buruzko eleberria da, zentzurik garbienean.

Lehendik ere idazteko zaletasuna al zenuen?

Oso gauza gutxi idatzi ditut, egia esan. Ez dut neure burua idazle handitzat joko, ez baita hala. Aurretik idatzitako liburua, eta beste artikuluren bat aldizkari batean. Besterik ez dut idatzi.

Eleberriko pertsonaiak Tibetera doaz, euren bizitzatik ihes eginez. Berdin gertatu al zitzaizun zuri?

Askotan espedizioak egiten dituzunean zure mundutik ateratzen zara. Ez da soilik lekua edo espedizioa. Aitzakia ezin hobea da bi hilabetez zure lagunekin munduko leku galduren batera joan eta 24 orduz elkarrekin bizitzea. Bai, ihesbidea da, noski.

Tibetean girotu duzu istorioa.

Tibetek denetatik du. Kultura desberdina, guretzat oso exotikoa. Munduko mendirik altuenak eta egoera politiko nahiko tirabiratsua du. Eleberri batentzako inguru parebagea da. Intriga, abentura, mendi asko eta kartografia apur bat biltzen ditu eleberriak.

Deskribitzen dituzun leku eta pasarte asko zuk bizitakoak al dira?

Eleberriaren hezurdura benetakoa da, nik bizitako istorioetan oinarritua. Hezurdura horren gaineko zementua fikzioa da, eta gainazala historia.

Lehen eleberria, eta sariduna, gainera. Jarraitzeko indarra eman al dizu?

Bai. Batetik, Huída al Tibet-en istorioari jarraipena emateko asmoa dut, gauza asko geratu baitzaizkit oraindik kontatzeke. Bestalde, adiskidetasunari buruzko beste edozein istorio idatzi nahi nuke, gutxi jorratu den gaia dela iruditzen baitzait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.